KRITIKA. Artea

Hanka sartzeak

Erakusketan ikusgai dauden lanetako bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
2023ko ekainaren 20a
00:00
Entzun

Lynette Yiadom-Boakye. 'Halako ilunabar bizirik'

Non: Bilboko Guggenheim museoan. Noiz arte: Irailaren 10era arte.

Baten bat aurretik idatzitako azken kritikaren ostean honakoa irakurtzen ari bada, igual hipokrita naizela esan lezake; igual, esandakoak agudo ahazten zaizkidala ere komenta lezake; igual, kontraesanez beterik nagoela ere pentsa lezake. Ez diot kontrarik egingo. Igual, hori guztia hala da. Ez al da ba zaila, nekeza, nekagarria ere askotan, esandako guztiaz gogoratzea? Burutik pasatzen zaizkigun ideia guztiak euren artean koherenteak izatea? Eta pentsatzen dugun guztiarekiko zintzoak izatea? Tarteka, arnasa pixka bat hartzeko parada ere eskain diezaiokegu geure buruari hanka sartzeak eginez, hauek nahita edo nahi gabe eginikoak badira ere.

Oraingo hau ikasturteko azken kritika dut, eta, beraz, zeri buruz idatzi erabaki behar izan dut. Guggemhein museoko erakusketei buruz idaztearen zalantzak oraindik ere nigan diraute, aurrekoan azaldutako egoerei lotuta, baina azken bisitan ikusitako erakusketa oraindik ere buruan dabilkit; eta buruan izanik bueltaka, hari buruz idazteko erabakia hartu dut. Ikasturtea beste zurrumurru batekin amaitzea ez zait hain plan txarra iruditzen.

Lynette Yiadom-Boakye. Halako ilunabar bizirik erakusketa da. Izatez, hau ikusteko asmoz joan ginen aurrekoan museora; emakumeen banakoak ikusteko aukera izatea oraindik ere —eta asko kostata— normalizatzeko bidean dagoen arren, emakumezko artista arrazializatuen erakusketak ikusteko aukerarik apenas baitago gurean behintzat. Eta museoak halako egile bati eta egile honek sorturiko iruditeria pertsonalari lekua eskaintzea bada ekintza adierazgarria.

Museo-instituzioak Mendebaldean sortu ziren, Mendebaldeko gizon zurien bitartez, haien begiradaren neurrira eginiko irudikapenak zabaltzeko asmoz. Hori horrela izanik, irudikapen horien atzean hobetsi izan diren egileak ere gizon zuriak izan dira —feminismoak behin eta berriz azaleratu izan duenez—, eta irudikapen haien protagonistak ere azal zurikoak. Arrazializatuak zirenak, aldiz, guztiz exotizatu edo kolonizaturiko gorputzak izan dira: gizon zurien begiradapekoak. Honela, horma horien artean ikusten zenarekin gizon zuriak aisa identifikatzen ziren; gainontzekoak, berriz, nekez.

Yiadom-Boakyek erretratuak egiten ditu, hurbilak, plano motzean enkoadratuak; batzuk zuzenak, besteak kontrapikatu leunekoak; irudikatzen diren pertsona arrazializatuen presentzia eta duintasuna azpimarratzen dutenak, kasu guztietan. Asko dantzariak dira eta, hegan egiteko gaitasuna balute bezala, txorien izenburuak dituzte: kaioa, hegatxabala, eskinosoa, belatza, buztanikara, branta musuzuria, zikoina... eta hauei begira bisitariak, eta, tartean, bisitari arrazializatuak. Irribarrez daude, elkarri hitz eginez. Ez dute aukera askorik izango ziurrenik euren burua museoetan identifikagarri ikusteko.

Lanek badute intimitate izaera bat, edo intimitatearen bilaketa bat, behintzat. Plano motzek irudikatuarekiko hurbilketa bermatzen dute ezbairik gabe; irudikatuaren eta bisitariaren arteko tentsioa sortzen dute; ia bitartekorik gabeko harremana. Eta, kasu honetan, badirudi artistak eta komisarioak tentsio hori areagotzeko apustua egin dutela, proposamen interesgarriekin.

Estrategietako bat aretoetako hormen koloreztatzea izan da. Berdez pintatu dituzte aretoetako bi, barne espazio pribatu baten ideia sortzeko asmoz. Baina erakusketa gelak euren artean oso ezberdinak dira, bai formari eta bai materialei dagokienez, eta hormek ez dute guztietan berdin funtzionatzen; zurezko lurrak eskaintzen dion goxotasun guztia galdu egiten da hormigoizkoan. Eta zer esanik ez hormak zuri mantendu dituzten aretoan.

Erakusketaz gozatzeko bigarren apustua izan da, begiradaz gain, beste zentzumenak ere piztea, musikaren bidez. Playlist bat proposatu dute, nahi duenak hura entzunez erakusketan barneratzeko parada izan dezan. Benetan gozagarria izan zen, hura entzunez, zurezko zoru eta horma berdeztatuen aretoan barna ibiltzea. Magia guztia apurtu zen, ordea, areto zurira pasatzean. Pribatutasuna eskaintzen zuen musikak zentzua galdu zuen; berriz ere, espazio publikoan ginen. Lanak ere, elkarren artean galdu egiten zirelako sentsazioa gailentzen zen; eta banakotasunaren indarra ezerezean gelditzen zen heinean, errepikakortasun sentsazioa areagotzen zen.

Ezin jakin komisarioak eta artistak hartutako erabakiak izan ote ziren guztiak, ala museoak jarritako mugek eragindako ondorioak. Dena den, disfrutatzeko erakusketa behar zuenak ere, hanka sartu, eta sentsazio gazi-gozo hutsetan dihardu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.