Lester Alvarez (Camaguey, Kuba, 1984) iaz izan zen Azkuna zentroan, egonaldi artistikoa egiten. Jose Ramon Ais (Bilbo, 1971), berriz, Habanako Carlos Garaicoa estudioan egon zen, Artista x Artista programaren barruan. Gaurtik aurrera, ikusgai egongo dira egonaldion emaitzak, Bilboko zentroko 2 Lantegiko Bat espazioan, Benetako gaua izenburupean. Hiru lan ikusi ahalko dira bertan: Alvarezen bi eta Aisen bat.
Diz-diz egiten dute gauez izena jarri dio Aisek bere bideo-sormen lanari. Kubako gaueko paisaia naturalak ikus daitezke bertan, gorputzaren bidez argia sortzen duten intsektuen artean, panorama piktoriko moduan antolatuta. Begirada panoramiko horretan, herri istorioak eta historia harilkatu egiten dira, politika, zientzia, mitologia eta herri jakituria lagun.
Alvarezek, berriz, Gaua Kuban, 1959-2019 akuarela saila sortu du, azken 60 urteetako Kubaren irudia aztertzeko, bertako literaturan jasotako ametsak abiapuntu hartuta. Artista kubatarraren bigarren lana da Alonso de Salazar inkisidorearen bidaia instalazioa. Salazar apaiz inkisidore gaztelarrak Nafarroako mendialdera 1611n egin zuen bidaiaren inguruko txostena izan du abiapuntu.
Urtarrilaren 26ra arte egongo dira ikusgai Benetako gaua erakusketako lanak, eta hil horretan bertan irekiko dute datorren urteko egonaldi artistikoetan parte hartzeko eskaeren epea. Bi izango dira egonaldiok: dantza garaikidekoa eta arte praktiketakoa.
Jose Ramon Aisen eta Lester Alvarezen lanak, Azkuna zentroan ikusgai
Gaur zabalduko dute 'Benetako gaua' erakusketa, Aisek Habanan ondutako lanekin eta Alvarezek Bilbon egindakoekin. Urtarrilaren 26ra bitartean egongo da ikusgai, zentroko 2 Lantegiko Bat espazioan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu