Gaur zortzi, 46 musikarik EGO Euskal Herriko Gazte Orkestraren neguko topaketari ekin zioten, Donostiako Musikenen. Ordutik, Ludwig van Beethovenen 250. urteurrenaren ospakizunekin bat egin, eta haren omenezko egitarau bat prestatu dute: Heroiak, konpositore handiaren Ah perfido eta Egmont piezak ardatz hartuta.
EGOko musikariek herenegun egin zuten azken entsegua, egitarau hori fintzeko, eta gaur emango dute lehen kontzertua, Donostiako Kursaalean, 19:00etan hasita. Bihar, Gasteizko Principal antzokian arituko dira, ordu berean; etzi, eta 19:00etan ere, Bilboko Euskaldunan; eta etzidamu eguerdian, azkenik, Getxoko (Bizkaia) Muxikebarrin.
Kontzertu horietan guztietan, EGOko zuzendari artistiko Ruben Gimenoren batutapean arituko dira. Azken horrek topaketaren aurkezpenean nabarmendu zuenez, «ezinbesteko garrantzia» du gazte orkestrarekin Beethovenen musika lantzea, «musikaren historiako giltzarrietako bat» baita.
Gimenoz gain, musikari gazteok Igor Arostegi, Lander Etxebarria, Birgit Kolar, Gabriel Mesado eta Albert Mora izan dituzte irakasle topaketa egunetan. Hala, Euskadiko Orkestran, Bilbao Orkestra Sinfonikoan, Gran Teatre del Liceun, London Symphonyn, Vienako Orkestra Filarmonikoan eta beste hainbatetan esperientzia duten profesionalen ezagutza eta aholkuak jaso ahal izan dituzte.
Gaurtik asteartera bitartean emango dituzten kontzertuetan, berriz, gonbidatu gisa parte hartuko dute Jone Martinez sopranoak eta Eneko Sagardoi aktoreak. Azken horrek narratzaile lanak egingo ditu; Martinezek, kantatu egingo du. Soprano gazteak musika lengoaiaren pedagogia eta musika hezkuntzako ikasketak amaitu berri ditu Musikenen;baita ahots ikasketak ere, Maite Arruabarrenarekin eta Maciej Pikulskirekin; Carlos Menarekin osatu ditu ikasketok, antzinako musikan espezializatuz.
Iruñean, beste aukera bat
Iruñeko Gazte Orkestrak ere kontzertua iragarri du datorren astearterako, Gaiarre Antzokian. Bi emanaldi egingo ditu egun horretan: 12:00etan lehena,16:30ean bigarrena. Emanaldiotan, Mikel Donazarren batutapean, Sarasate, Lizarraga eta beste hainbat euskal musikarien lan Xostakovitxen, Txaikovskiren eta Straussen piezekin eta Disneyren filmetako soinu bandetako pasarteekin tartekatuko dituzte.
Mirari Etxeberria musikari gazteak sortu zuen Iruñeko Gazte Orkestra, 2017an, eta 55 kide ditu egun. Astearteko kontzertuan bakarlari gisa arituko dira: Saioa Goñi sopranoa, Olaia Lamata mezzosopranoa, Beñat Olano eta Maria Garcia biolin jotzaileak eta Mari Cruz Corral jota kantaria.
EGOk gaur hasiko du bira, Donostian, Beethovenen bi lan ardatz hartuta
Asteartera bitartean, Bilbon, Gasteizen eta Getxon ere joko du. Jone Martinezek eta Eneko Sagardoik biran parte hartuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu