Espirala zen. Jazarpenaren espirala. Irainak, eta kolpeak, eta jipoiak, eta bazterketa. Espirala. Isiltasunaren espirala. Ikaskideek bazekiten zer gertatzen zen, zer jasaten ari zen, baina isilik zeuden. Espirala. Harresi baten oinetan apurtu zen espirala. Jokin Zeberio. Bihar beteko dira hamar urte bere burua Hondarribiko (Gipuzkoa) harresitik behera bota zuela. Begi bistan jarri zuen ehunka ikasleren sufrimendua, eta hezkuntza sistemak horri aurre egiteko zuen ezina, eta neurriak hartzeko beharra. Hamar urte. Eta salaketen jarioa etenik gabekoa da oraindik.
Irailaren 21a «bihotzean markatutako eguna» da Anjeles Iztuetarentzat. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua zen. Ondo oroitzen du eguna. Gorpua agertu eta gutxira jakin zuen. «Autoan nindoala deitu zidaten, eta zuzenean joan nintzen Jokinen etxera». Hamar urte joan dira, baina ahots urduriarekin gogoratzen du. «Oso une gogorra izan zen. Jota zeuden. 15 urte egin beharreko seme bat galtzea era horretan...».
Jazarpenaren susmoa berehala egin zuten. Aurreko bi egunetan ez zen ikastetxera joan Zeberio; amari aitortu zion jo egiten zutela. Zehazki zer gertatzen zen argitzea zuten, beraz, lehen lana. «Bero-beroan, inkesta sekretu bat pasatu zitzaien ikasle guztiei. Eta egia esaten dute umeek». Dosier bat osatu zuten, eta auzitegira bidali. Hitza bete zuela nabarmendu du Iztuetak: «Sendiari agindu nion guztia egingo genuela gauzak argitzeko, eta azkar». Zortzi ikaskide seinalatu zituzten. Epaitu ere bai, eta zigortu. Ikasturtea amaitzerako eman zuten lehen epaia: Zeberiori eraso egitea egotzita, zaintzapeko askatasuna ezarri zieten. Helegiteak ere izan ziren, baina guztietan zigortu zituzten.
Hedabideen epaiketa
Horren aurretik, baina, epaiketa publikoa iritsi zen. Talaia ikastetxeko irakasleen jarduna auzitan jarri zuen Zeberioren familiak, ez zutelakoan behar bezala jokatu—auzia itxita, sendiak ez du gehiago adierazpenik egin nahi izan—. Iztueta sinetsita dago ikastetxeak egoki jokatu zuela. Bat dator Felix Etxeberria EHUko pedagogia katedraduna —kasua ikertzen aritu zen—: «Ardura hartu zuen: deiak, bilerak... Jazarpen kasu guztiak ez dira hala bukatzen. Ezusteko kate bat sortu zen kasu hartan».
Ezinegona sortu zuen jazarpena jasandako mutiko bat horrela hiltzeak. «Zalaparta handia sortu zen, eta hedabide batzuek horikeriaz tratatu zuten gaia», ohartarazi du Etxeberriak. El País egunkariko zuzendariaren iloba zen Zeberio. «Presio mediatiko handia zegoen». Kasu hura Euskal Herriko gatazkarekin nola lotu zuten ere gogoan du EHUko irakasleak: «Esaten zuten egoera biolentoaren adierazle zela. Aditu askoren iritziak zeuden prentsan: ikastetxea laxoa zela ikasleekin, erasotzaileen gurasoak ere bai...».
Hedabideen presioa handia zela azaldu du Iztuetak ere: «Orriak eta orriak zeuden». Eskola zeukaten begitan, maisu-maistrak. «Irakasleek ere asko sufritu zuten. Laguntza behar izan zuten».
Neurriak eskoletan
Ikastetxeak zenbateraino egin ote zezakeen galdetuta, aitorpen bat egin du Jaurlaritzako sailburu zenak: «Hezkuntza sistema ez zegoen prestatua. Protokolorik ez zegoen. Borondatez jokatzen zen jazarpenaren aurka». Zeberioren suizidioak izena eman zion izanari: bullying-a. Ezkutuan zegoena agerian jartzeko balio izan zuen. Iztueta: «Bagenekien bazegoela, gertatzen zela bullying-a, baina ez genekien zer neurritan gertatzen zen, ezta noraino zegoen tapatua ere». Etxeberriak nabarmendu du ordurako abian zeudela bizikidetzarako planak zenbait ikastetxetan, eta horien barruan ari zirela jazarpenaren gaia lantzen. Pauso asko falta ziren, ordea.
Mugimendua eragin zuen kasu hark. Hezkuntza Sailak protokolo bat egin zuen jazarpen kasuetan nola jokatu zehazteko, eta inkesta bat ere egin zuten ikastetxeetan, bullying-a noraino hedatua zegoen jakiteko. Emaitza: DBHko estudianteen artean —12-16 urte—, %3,7k aitortu zuten tratu txarrak jasaten zituztela eskolan: ostikadak, mehatxuak, lapurretak... Zeberio hil eta aste gutxira egin zuten ikerketa. Lehen Hezkuntzan egin zuten gero: %5,8 ikaslek aitortu zuten jazarri egiten zietela.
Zurrunbiloa sortu zen: Hezkuntza Sailak 50 espediente inguru ireki zituen ikasturte hartan, eta zuzenean auzitegietara heldu ziren salaketa gehiago. Alarma, Etxeberriaren hitzetan: «Beldur izugarria sortu zen. Hipersentsibilizazioa ere gertatu zen gizartean». Asaldazioarekin batera, hala ere, pausoak etorri ziren: Jaurlaritzak buzoi bat eta telefono bat jarri zituen ikasleen esku, bizikidetza planak indartu zituzten, ikerketa gehiago egiten hasi ziren...
'Ziberbullying'-ari begira
Eta egiten dituzte oraindik. ISEI Irakats Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak 2012an kaleratu zuen azken txostena. Emaitza: Lehen Hezkuntzan %21ek aitortu zuten jazarpena jasan izana; DBHn, %14,6k. Horrelako ikerketak egiten hasi zirenetik jasotako zenbaki handienak dira. Jazarpena badago oraindik, hortaz. Diferentzia batekin, Iztuetaren ustez: «Kontzientzia handiagoa dago orain». Alderaketa egin du genero indarkeriarekin, urratsak egin behar direla nabarmentzeko.
Etenik gabekoa da jazarpena, baina azkar aldatzen ari da. Interneten bidezkoa asko zabaldu dela azaldu du Etxeberriak. «Duela hamar urte ez zen nabarmena, baina pisu handia du orain». Ordenagailua eta sakelako telefonoa dira jazarpenerako bide gero eta ohikoagoak. «Krudelkeriak aurrera egin du: irudiak grabatzen dituzte, zabaldu, denek ikusteko nahi beste aldiz... Gogorra». Beste bi jazarpen klase ere ugaritzen ari direla ohartarazi du irakasleak: homofoboa eta etorkinen aurkakoa. ISEIren ikerketak agertu du ikasle immigranteek gehiagotan pairatzen dutela bullying-a: Lehen Hezkuntzan, %27,6k aitortu dute (bertakoetan %21 dira), eta DBHn, %17,7k (bertakoen %14,6k).
Prebentzioa ezinbestekoa da, baina hori nola egin, ikuspegia aldatu behar ote den iradoki du irakasleak: «Biktimak indartu egin behar dira. Defenditzen irakatsi behar zaie. Azkenean, irakasleek jakiten dute nor izan daitekeen biktima». Maiz, ordea, maisu-maistrek ez dituzte erasoak ikusten; Zeberioren kasuan hala gertatu zen. «Baina badakite ikasgelan egon daitezkeela erasotzaileak eta biktimak. Baleude bezala jardun behar da: balizko erasotzaileekin, ez dezaten eraso egin; balizko ikusleekin, isilik gera ez daitezen». Eta batez ere jazarpenaren biktimekin. «Zeberioren kasutik hori ikasi behar dugu: biktimak jakin behar du zer tresna dituen erasoei aurre egiteko».
Eskolako jazarpena. Jokin Zeberioren kasua
Jazarpenaren harresian
Bihar hamar urte dira Jokin Zeberiok bere buruaz beste egin zuela. Jazarpena jasaten zuen eskolan. Kasuak etenik gabeak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu