Ternua eta Loreak batu egin dira, moda eta kirol jantziak uztartzeko

Merkatua islatzen hasi den joera horri «aurrea hartu» nahi dio Arrasateko taldeak. 'Mendian' abizena galdu zuen Loreak-ek 2017an

Iker Aranburu.
2019ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Gipuzkoako jantzien sektoreko enpresa ezagunetako bik batzea erabaki dute: Arrasateko Ternua Groupek eta Donostiako Loreak enpresak (lehen, Loreak Mendian). Fusio horren bitartez, bi enpresek «aurrea hartu diote moda eta outdoor arropa uztartzeko fenomenoari», Ternuak agiri baten bidez azaldu duenez.

Kirol jantzietan espezializatutako taldea da Ternua Group. Duela 29 urte sortua, Ternua bera, Lorpen eta Astore markak erabiltzen ditu, eta bere jantziak eskaintzen ditu Europako, Asiako eta Ameriketako 50 herrialdetako 1.200 saltokitan. Gaur egun, 200dik gora langile ditu Arrasateko taldeak.

Loreak Mendian, berriz, Donostian sortu zuten, 1995. urtean. Lore baten irudia zuten elastikoekin ospe handia lortu zuten Euskal Herrian, eta, ondoren, beste eremu batzuetara hedatu ziren, batez ere Espainiara eta Kataluniara. 2017. urtean galdu zuen Mendian abizena.

Sinergiak baliatu

Bi enpresen arteko batuketa«bat egite» gisa azaldu du Ternua Groupek, baina aurrerantzean Loreak Arrasateko taldearen barruan izango da. «Loreak Ternua Group taldean gehitzeak konpainiaren hazteko estrategiari erantzuten dio, baina, modu organiko batez ez ezik, garapen korporatiborako aliantzak bilatuz ere egin nahi du, era horretan modu errentagarri eta bereizi batean hazi ahal izateko», azaldu du arropa taldeak ohar batean. Uste duenez, azken urteetan modako arropak eta kirol jantziak uztartzen dituen merkatu bat sortzen ari da, eta hazteko ahalmen handia du. Hor kokatu nahi du bere burua, «sinergiei esker, kalitate handiko arropa eta osagarriak eskainiko dizkio merkatu berriari».

Talde berrituari ekarpen desberdina ekarriko diote bere osagaiek. Ternuak jarriko ditu gaitasun operatiboa —hiru logistika zentro eta ekoizpen eta erosketa arloak ditu hiru kontinentetan— eta nazioarteko presentzia; Loreak-ek, berriz, «modaren negozioaren berezko dinamismoa eta sormena» eta txikizkako merkataritzan duen esperientzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.