Etxebizitzen salerosketa %14 txikitu zen maiatzean Hego Euskal Herrian

Laugarren hilabetez jarraian egin du behera. Salmentak gutxitu izanak ez du etxeen prezioan asko eragin oraingoz, garestitzen jarraitzen baitu

Etxebizitzak Bilboko Zazpikaleetan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
aitor biain
2023ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Euriborraren etengabeko igoerak eta maileguak eskuratzeko bankuek ezarritako baldintza gero eta gogorragoek etxebizitzen merkatua geldiarazi dute beste hilabete batez. Etxebizitzen salerosketak behera egin du laugarren hilabetez jarraian Hego Euskal Herrian. INE Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, %14 salerosketa gutxiago egin dira maiatzean, iazko garai berarekin alderatuta. Guztira, 2.491 etxebizitza saldu ziren, iazko hilabete berean baino 405 gutxiago.

Jaitsiera bigarren eskuko etxebizitzetan gertatu da bereziki, %17,7 gutxiago salerosi baitira iazko maiatzarekin alderatuta. Dena den, aurtengo maiatzean salerositako gehienak bigarren eskukoak dira: 2.001 (%80,3); berriak, aldiz, 490 izan dira denera (%19,7).

Etxebizitzen eraikuntzan ere alde handia dago lurralde batetik bestera. Nafarroan, esaterako, maiatzean saldutako etxebizitzen %36,9 izan ziren berriak, baina %10 baizik ez Araban. Tartean daude Bizkaia (%15,6) eta Gipuzkoa (%13,4).

Aldea dago babes ofizialeko etxe kopuruari dagokionez ere. Prezioa igotzeak urte hasieran etxebizitza babestuen eraikuntza suspertu bazuen ere, iazko kopuruetatik urruti daude oraindik. Aurtengo maiatzean iazko hilabete berean baino %44,5 gutxiago salerosi dira. Zehazki, 70 baino ez dira izan babestuak Hego Euskal Herrian (%2,8). Hala ere, askoz gehiago dira Araban, (%15,3), Nafarroarekin (%8), Bizkaiarekin (%5,1) eta Gipuzkoarekin (%4,5) alderatuz gero.

Prezioa, goraka

Salmentak gutxitzeak ez du askorik eragin oraingoz etxebizitzen prezioetan, goraka jarraitzen baitute: Gesvalt enpresak egindako txosten baten arabera, bigarren hiruhilekoan %7 garestitu da etxebizitzaren prezioa Nafarroan, %4,2 Gipuzkoan, %4,1 Bizkaian, eta %2,6 Araban.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.