Trenasako neurriak planta guztien artean banatzeko eskatu dio Aierdik CAFi

Ekonomia eta Enpresa Garapeneko kontseilariaren ustez, «onartezina» da Castejongo lantegia ixtea. CAFek jasotako diru publikoa gogoratu du

Trenasan ekoitzitako bi autobus, lantegiko aparkalekuan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Enpresa Garapeneko kontseilariak kritika zorrotza egin zion atzo CAFi, Trenasa ixteko asmoarengatik. Parlamentuan esan zuen Castejongo (Nafarroa) lantegia ixtea «onartezina» dela, eta eskaera zuzena egin zion tren ekoizleari: «Lankarga apaldu zaiola erakutsi badezake, uler daiteke enpresak erabaki batzuk hartzea, baina ezin dugu onartu erabaki horiek modu proportzionalean ez banatzea bere planta guztietan». Trenasa ixteko asmoa gauzatuko balute, 110 langile kaleratuko lituzkete. Kontsulta garaia hilaren 31n bukatuko da, eta datorren astean hiru aldiz bilduko dira langile batzordea eta CAFeko buruak.

Kontseilariak parlamentuan eman zituen azalpenak, eta gobernua lanean ari dela nabarmendu zuen. «Partida jokatzen ari gara, eta zeresana duten eragile guztiekin hitz egiten ari gara». Eragile horiek zerrendatu zituen: enpresa «modu nabarmenean», Eusko Jaurlaritza, Espainiako Industria Ministerioa eta Renfe. Erakunde publikoak izendatu zituen, Aierdiren arabera, Trenasak 2,5 milioi euroko diru laguntza publikoak jaso baititu: 1,8 milioi 2010aren aurretik; 373.000 euro 2010. eta 2011. urteetan; eta beste guztia, 300.000 euro inguru, hurrengo urteetan.

Aierdik azaldu zuen Sodena Nafarroako Gobernuaren elkarte publikoak parte hartzea izan duela Vectia eta Solarisen. Sodena 2016an sartu zen Vectian, enpresaren %30 hartu eta beste guztia CAFen esku utzita. 2018an kapitala handitzea erabaki zuten, eta urte hartako ekainean CAFek Poloniako Solaris autobus ekoizlea erosi zuen; hark xurgatu zuen Vectia. Horren ondoren, eta Vectian jarritako diruaren truke, Sodenak Solarisen %2,8 jaso zuen.

Tratu hartan, CAFek eta gobernuak adostu zuten Nafarroa izango zela lehentasuna Solarisek Poloniatik kanpo ibilgailu elektrikoak ekoitziko balitu, eta Trenasa izatea Vectiaren hornitzaile nagusia. Dena, baina, ez zen akordioa izan, eta 2019an lehen «desadostasunak» hasi ziren bi zatien aldean, «autobusak Polonian edo Castejonen eraikitzearen kostuen artean alde handia zegoelako». Oposizioa kritiko agertu zen gobernuaren kudeaketarekin, baina alderdi guztiek eskaera bera egin zioten CAFi.

Hidrogenozkoa, Parisen

Castejongo gatazkatik urrun,CAFek, Solarisen eskutik, hidrogeno bidezko bere lehen autobusa estreinatu du Parisen. Frantziako hiriburuko garraio publikoa kudeatzen duen enpresetako batek egin zuen enkargua. Solarisek beste 57 salduta ditu dagoeneko hainbat herrialdeetan. Ibilgailu horiek Poloniak ekoitzi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.