EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak joan den astean bertan behera utzi zituen Irungo Udalak hamabi udaltzain postutarako ezarritako hizkuntza eskakizunak, euskaraz ez dakitenentzat «diskriminatzaileak» zirela argudiatuta. Euskalgintzaren Kontseilua ez dago ados, eta etzirako elkarretaratzera deitu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean, Bilbon, 11:00etan.
Euskaraz bizitzearen alde, batuz. Eskubide murrizketarik ez! lelopean egingo dute elkarretaratzea. Euskalgintzaren Kontseiluak bi ideia nagusi azpimarratu nahi ditu: Irungoaren gisako «esku hartzeekiko desadostasuna», eta euskaraz bizitzearen alde, erakunde, eragile eta herritarren «batasunaren beharra». Gainera, gaur bilera bat ere egingo dute eragile sindikal eta politikoekin, «irakurketa partekatzeko eta haien iritzia jasotzeko».
Eragileen babesa jasotzen hasi da Euskalgintzaren Kontseilua, eta elkarretaratzearekin bat egin du, esaterako, Euskaltzaleen Topaguneak: «Gizarte modura egiten ari garen urratsen kontra dagoen oldarraldi judizialaren aurrean batuta agertzeko garaia da: euskaltzaleok, eragileek eta erakundeek batera jokatzea eskatzen du momentuak. Adostasun sozial zabalak josteko aukera dago», adierazi dute ohar batean.
'Le Monde'-n, alde
Berrehun pertsonako kolektibo batek iritzi artikulu bat plazaratu zuen, atzo, Frantziako Le Monde egunkarian, hizkuntza gutxituen aldeko legearen kontra ezarritako helegitea salatzeko. Izenpetzaileen artean ageri dira, besteak beste, Jean Jacques Urvoas Frantziako Justizia ministro ohia, Manu Chao eta Nolwen Leroy kantariak, kultura eta ekonomia arloko pertsona ezagun, eta unibertsitateko irakasle eta ikerlari andana. Frantziako Estatuaren izaera «zentralista» eta «jakobinoa» gaitzetsi dituzte testuan, eta hizkuntzen kontra historikoki izan duen jarrera salatu. Hizkuntza gutxituen irakaskuntza babestu dute, horri koadro sendoagoa eskaintzen dion Molac legea-ren beharra azpimarratuz. «Frantsesa inposatu duen Errepublikako eskolak, eskualdeko hizkuntzen irakaskuntza proposatu behar du».
Frantziako Konstituzio Kontseiluak bihar emanen du helegiteari buruzko erabakia.
Kontseiluak protestara deitu du etziko, «euskaraz bizitzearen alde»
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean biltzeko deia egin dute. Frantziako Konstituzio Kontseiluak bihar emanen du erabakia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu