ETB1 kateak bi hamarren galdu ditu azkeneko urtean

Euskarazko kateak %2ko batez besteko ikusle kuota izan du 2019an. ETB2k 2018ko datu berbera lortu du: %8,3ko batez besteko kuota

urtzi urkizu
2020ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ETB1ek %2ko batez besteko ikusle kuota izan du 2019. urtean, aurreko urtean baino bi hamarren gutxiago. Edonola ere, azkeneko hamarkadan antzeko datuetan ibili da euskarazko katea: 2010etik 2019ra, %1,9 eta %2,2 arteko tartean. Urrun gelditzen dira 2005eko datuak —urte horretan %5eko ikusle kuota zuen ETB1ek—, baina azkeneko urteetan asko ugaritu dira doan ikus daitezkeen telebista kateak, eta horrek eragina izan du ETBren emaitzetan.

2019an ikusle datu onenak lortu dituen hilabeteetan, ETB1ek pilota txapelketetako finalak, txirrindularitza probak edo kirol emanaldi garrantzitsuak eskaini ditu. Gainontzekoan, Herri txiki, infernu handi eta Go!azen saioek datu txukunak lortu dituzte. Bestalde, urtarriletik martxora, eta irailean eta urrian, euskarazko katearen batezbestekoa ez da %2ra iritsi.

ETB2 kateak %8,3ko ikusle kuota bereganatu du 2019an, aurreko urtean izandako datu berbera —2017tik 2018ra, puntu erdi bat hazi zen katea—. El conquistador del Caribe saioa izan da kate horretan arrakastarik handiena lortu duena: %22,5eko batez besteko kuota lortu zuen abentura reality-ak —azkeneko bost urteetako emaitzarik onena—. Finalak %26ko ikusle kuota lortu zuen. ETBko bi kateetako albistegiak batuta, %19,4ko ikusle kuota lortu dute joan den urtean.

ETB3k %0,3ko ikusle kuota izan du 2019an, eta ETB4k,%0,6koa.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Tele5k jarraitzen du lidergoan, eta alde handia ateratzen die beste kate jeneralistei. %16,5eko batez besteko kuota bereganatu du Tele5k 2019an, Antena3ek baino 6,7 puntu gehiago. La1 dago hirugarren tokian, %8,4rekin; La Sextak %7,7ko kuota du.

Kanpaiak indartsu ETBn

2019. urteari amaiera eman eta urte berriari ongietorria emateko Kaixo, 2020 saioak harrera beroa izan zuen astearte gauean: %17ko ikusle kuota ETBko bi kateetan. Euskaldunen artean, %29,9koa izan zen ikusle kuota. Mikel Pagadizabalek, Zuhaitz Gurrutxagak eta Sara Gandarak zuzenean eman zituzten kanpaiak, Izabatik (Nafarroa), eta 207.000 herritarrek egin zuten uneren batean emankizunarekin. Horren aurretik, ETB1ek Onki xin Izabara programa berezia eman zuen, eta %6ko kuota izan zuen —euskaldunen artean, %16,4koa—. Kanpaien osteko Go!azen galak, berriz, %6,1eko ikusle kuota izan zuen —euskaldunen artean, %12,5ekoa—.

Beste alde batetik, Katalunian TV3 izan da 2019an gehien ikusi den telebista katea: %14,6ko ikusle kuota —zazpi hamarren igo da azkeneko urtean—. 2010etik izandako batezbestekorik onena bereganatu du katalanezko kateak, eta bigarren tokian dagoenari (Tele5) 3,6 puntu atera dizkio.

Galizian, galegozko TVG kate publikoak sei hamarren galdu ditu eta %9,3ko batez besteko kuota izan du. Herrialde horretan Tele5 da ikusle gehien dituena (%15,4).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.