Detektibe batek jarritako iragarki bat egunkarian: tratu txarren susmopean, bezero batek bere ama bizi den zahar etxea ikertzeko eskatu du, eta han espioi lanak egingo dituen norbaiten bila ari dira. Sergio aurkeztuko da, 83 urteko gizona, eta bera bihurtuko da detektibearentzat sator lanak egingo dituen agentea. Egoitzan sartu orduko, baina, bizikideen gero eta gertukoago bilakatuko da.
Izan zitekeen fikziozko film baterako argumentua, genero beltzeko ezohiko kontakizun baterakoa. Baina dokumental bat da El agente topo, Maite Alberdik (Santiago, Txile, 1983) Zinemaldiko Perlak sailera ekarri duena. Dokumentalgintza landu du aurrez ere —El salvavidas (2011), La once (2014), No soy de aquí (2016), eta beste—, eta 2017an Donostiako Zinemaldiko Koprodukzio Fororako hautatu zuten lan berria. Soraluzetik (Gipuzkoa) heldu zen Txilera haren aitona; hortik izen-abizenak.
Nolatan halako istorio bat?
Oso bestelako leku batetik sortu zen dena. Detektibeen inguruko film bat egin nahi nuen, genero beltzeko zerbait. Horretarako, detektibe baten idazkari lanetan hasi nintzen, eta hor interesatu nintzen infiltratuen figurarekin. Orduan jakin nuen bazirela zahar etxeetan lan egiten zutenak.
Iragarki batek abiatzen du filma. «Adineko gizon bat behar da. 80-90 urte artekoa. Autonomoa, osasuntsua, diskretua eta teknologiarekin abila. Ikerketa bat egiteko, hiru hilez etxetik kanpo». Egiaz argitaratu zen?
Bai, bai. Filmatzen hasi baino gutxi lehenago, nire detektibearentzat urteak lanean zeramatzan infiltratuak aldaka puskatu zuen, eta orduan jarri zuten iragarkia. Nik esaten nion: «80 urterekin nork bilatuko du, baina, lana egunkarian?». Baina, bai, 80 bat hautagai azaldu ziren. Bere betiko infiltratuak aldaka apurtu izan ez balu, eta berarekin lan egin izan bagenu, filma beste bat izango zen, detektibe lanari askoz lotuagoa. Sergio, ordea, emozionalki asko lotu zen hango pertsonengana, eta horrek fokua aldarazi zidan: albo batera utzi behar izan nuen genero beltzeko ideia ikusita berari zer gertatzen ari zitzaion.
Dokumentala da, baina berdin ikus daiteke fikziozko lan gisa.
Gustatzen zait hori. Baina ez, benetan: %100 benetakoa da agertzen den guztia.
Inork ez du antzezten, beraz.
Ez. Sergio heldu zenean, infiltratu lanak ikasteko egin behar izan zuen entrenamendu guztia grabatu nuen, baina ez nuen zuzendu. Zahar etxera sartzean, nire aginduak itxarongo zituen bestela. Zahar etxekoei esan genien hango bizitzari buruzko lan bat egin nahi genuela, eta, adinekoei buruzko nire aurreko lan batzuk ezagutzen zituztenez, onartu zuten. Sergio egoitzara heldu aurretik hasi ginen filmatzen; heldu zenean, elkar ezagutuko ez bagenu bezala jokatu genuen. Filmatzen nituenen artean bat gehiago zen. Lau hilabete egin genituen han, eta jendea erabat ohitu zen kameretara. Horregatik daude denak hain benetako.
Samurtasun handiko lana da; badu gogorretik, baina baita umoretik ere. Nola neurtu hori?
Bai. Dena zen oso absurdoa, eta hortik dator filmeko umorea: gizon heldu bat detektibe lanetan, ez dauden tratu txar batzuk ikertzen... Egoera barregarria da, baina, noski, bizikideak ezagutuz joan ahala, tonua aldatu egiten da.
Sergio bere lana egiten ari zen, detektibearentzat, ez zuretzat.
Hori da. Berari ordaintzen ziona detektibea zen. Nik esan nion bere lanaren dokumental bat egingo nuela, eta ados zen. Eta, egia esan, hala izan da gaur arte: berak bere lana egin du, eta filma nire kontu bat da beretzat.
Nola bete zuen bere enkargua?
Munduko espioirik txarrena da... Etengabe pentsatzen nuen deskubrituko zutela, eta agur filma.
Ahozko mezuekin batera, eskutitzak bidaltzen dizkio detektibeari, egunekoak xehe azalduz.
Ordubete hartzen zuen idazteko. Orduan bai, esan nuen: «Listo, akabo». Baina hori da bera, eta filmari beste erritmo eta sakontasun bat eman dizkio. Esperientziari irekita dagoen 80 urteko gizon bat da: berari gauzak gertatzea nahi du, munduak zeharka dezala. Horrek besteei adi egotea dakar; aurreiritziak ere apurtzea: eroarena, Alzheimerra duenarena... Ohartzen da, eta gu berarekin, bakoitzaren atzean mundu erraldoi bat dagoela.
Adineko jendearen bazterketa gordin erakusten du filmak. Gizarte baten porrot modura?
Filmak erakusten du nola joan garen adinekoak bakartuz, ohartu gabe. Denbora faltagatik askotan. Beti biharko uzten duzun lagunaren dei hori bezala, bihar bai, bihar seguru, eta pasatzen zaizu, eta ez zara iristen. Eta denbora igarotze horretan gertatzen da isolamendua. Etengabe galdetu behar dugun zerbait da: nolako harreman sozialak sortu behar ditugun adin batetik aurrera jendea sistematikoki ez baztertzeko.
Pandemiak ikusgarriago egin du auzia. Baita Txilen ere?
Erabat. Filmak erakutsi nahi zuen pandemiak erakutsi duena. Urtarrilean, lana aurkeztean, irakurketa beste bat zen. Orain, filmak zaurian jartzen du hatza. Baina adinekoen isolamendua lehendik dugun pandemia da. Jende hau bakarrik hiltzen zen lehen ere.
Ama nola dagoen jakiteko detektibe batengana jotzeak ere erakusten du drama.
Detektibe agentzian aritu nintzenean, etengabe ikusten nuen zerbait zen, jendeak ikertzeko eskatzen zituen auziak beren kasa konpondu ahal zituztela.
Donostiako 68. Zinemaldia. Perlak. Maite Alberdi. Zinemagilea
«Adinekoen isolamendua lehendik dugun pandemia da»
Txiletarrak ezohiko espioitza istorio bat kontatu du 'El agente topo' dokumentalean. Zahar etxe bateko bizimodua filmatu du, ustezko tratu txar batzuk ikertzen ari den infiltratu baten bueltan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu