Gorka Hermosa. Akordeoilaria

«Bi mundu batu ditut, nire sustraiei begiratu diedalako»

Beti dabil batetik bestera: Berlinen obra bat aurkeztu berritan, eta disko berria argitaratzear duela, Hermosak bolada bat igaro du Euskal Herrian. Konposatzea eta eskolak ematea maite ditu gehien.

JON URBE / FOKU.
Andoni Imaz
Donostia
2023ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Donostiako Elkar estudiotik atera da Gorka Hermosa (Urretxu, Gipuzkoa, 1976), Jon Maiaren disko berria grabatzen bukatu berritan. Makina bat proiektutan dabil konpositore eta akordeoi jotzailea: «Oraintxe, hamaseitan. Nahiko zaila da azaltzen», esan du, erdi barrez. «Gehiago da ibilbide bat. Beti saiatzen naiz nire musika egiten; formatua ez zait hainbeste inporta». Hala, Maiarekin, hirukotean zein orkestra sinfonikoekin aritu izan da azken urteetan. Hori nahikoa ez eta disko berri bat aterako du irailean, bere konposizioez osatua, Paco de Luciaren musikariak izandakoekin.

Lan berriak badu loturarik Jose Luis Montonekin duzun proiektuarekin?

Ez, bi proiektu dira. Montonekin hamabost edo hamasei urte daramatzat, etxekoa balitz bezala da. Iaz atera genuen Flamenco Etxea 2 diskoa, eta kontzertuak berriro martxan jarri genituen. Baina badu lotura bat: azkenean, ni euskalduna naiz eta nire familia Espainiako hegoaldetik etorri zen, hori da nire musikaren historia. Izen askorekin, formatu desberdinetan, baina musika konkretua egiten dut.

Orain hilabete gutxi, Peace Dream konposizio berria aurkeztu zenuen Berlinen, Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazka oinarri hartuta. Nola sortu zen?

Jo izan dut Berlinen, ekoiztetxe baten bidez, eta pentsatu zuten bakearen aldeko jaialdi bat egitea. Antolatzailea alemaniarra da, baina haren gurasoak errusiarrak; jatorri errusiarreko ukrainar askorekin elkartu ginen han. Azkenean, banderen atzean historia pertsonalak daude, eta horiek dira garrantzitsuenak. Berak istorio bat kontatu nahi zuen, eta kontzertu bat antolatu zuen Brandenburgoko Atean eta Berlingo Filarmonikoan. Eskatu zidan bakearen aldeko zerbait egiteko akordeoilari errusiar batek eta biok. Erantzun nion: «Ondo legoke, baina, behin hasita, zergatik ez errusiar bat, ukrainar bat eta hirurok?». Metafora polita iruditzen zitzaidan Errusiako eta Ukrainako melodia bana hartu, eta partitura berean biziaraztea. Esperientzia ederra izan zen. Musika, gatazken gainetik dago, baina, era berean, balio du mundua toki politago bat egiteko; utopikoa dirudi, baina egia ere bada.

Hain justu, Gernika izeneko obra zure konposiziorik ezagunenetako bat da.

Gatazken erdian egotearen sentsazioa sentitu izan dut, eta uste dut nire musikaren parte handi bat hortik doala. Fragilissimo ere, munduan ezagutarazi ninduen obra, horri buruzkoa da. Nire problema deslokalizatu, eta Ukrainaz eta Errusiaz hitz egin dut orain, baina nire bizitzaz eta denon bizitzaz ari naiz. Bakea aldarrikatzea arriskutsu bihurtzeak asko esan nahi du.

Baduzu kontzertuetarako ohiko zirkuiturik, maiz bisitatzen duzun herrialderik?

Hiru edo lau zirkuitu dira, azkenean: euskal musikarena, Jon Maiarekin; Espainiakoa, beste musikari batzuekin; akordeoiarena, askotan Moskuko eta Pekingo kontserbatorioetan, besteak beste, eskolak eta kontzertuak ematen; eta orkestra sinfonikoekin jotzeak ere beste toki batzuetara eraman nau. Zorte ona izan dut, beti jo dudalako estilo bakoitzeko izar handiekin. Flamenkoa Jerezko festibalean [Espainia] jo nuen lehenengo aldiz, munduko garrantzitsuenean; jazza, Paquito D'Riverarekin. Musikari onekin jota, beti ikasten da.

Flamenkoarekin hasitako bidea oparoa izaten ari da, ezta?

Akordeoiarekin musika klasikoa egitean, berehala konturatu nintzen musika garaikidea egitea zela irtenbidea, baina publikoarekin distantzia handia sentitzen nuen. Musika herrikoia egiten hasi, eta tangoa topatu nuen, akordeoiarekin naturala delako hori egitea; baina, [Astor] Piazzolla lantzen ari nintzela, ikusi nuen norbaitek tango talde bat nahiko balu, Argentinako bat kontratatuko lukeela, ez Euskal Herrikoa. Joan nintzen, ba, euskal musika egitera. Hemen trikitia asko jorratu da, eta ez naizenez trikitilaria, mundu horretan ere ez nuen irtenbide garbirik.

Eta zergatik flamenkoa?

Nik akordeoia jotzen nuen, eta horrek, harmoniaren aldetik, baditu bentaja batzuk. Eta gurasoak Extremadurakoak dira; ez dut esango flamenko asko entzun dudanik txikitan, baina oihartzun handia du, erritmikoki izugarria da, eta, harmonia aldetik, aberatsa. Bizitzak eraman ninduen Jerezen jotzera, puntako flamenkoekin, eta esan nuen: «Akordeoiarekin hau bai ez duela inork egin». Bi mundu horiek batu ditut, baina ez laborategiko zerbait egiten saiatu naizelako, baizik eta nire sustraiei begiratu diedalako.

Iaz, zure izeneko akordeoi lehiaketa bat sortu zuten Txinan. Nola sentiarazten zaitu horrek?

Kamera ezkutu bat zegoela pentsatzen nuen... Izugarria da. Txinako Gobernuak urtero argitaratzen ditu kontserbatorioko ikasleentzako liburu batzuk, eta urte dezentetan egin dizkidate enkarguak. Denek jo dituzte nire konposizioak, nahi eta nahi ez, eta horrek ezagun egin nau. Azken urteetan, Txinako melodietan oinarrituriko konposizioak eskatzen dizkidate, nire ikuspuntua haientzat berezia delako.

Hemendik aurrera, zer?

Beti eduki dudan ilusio bera dut, edo gehiago. Gauzak ondo ateratzeak konfiantza ematen dit, gainera. Orain enkargu asko egiten dizkidate konposatzeko, eta, egia esan, hori gustatzen zait gehien. Konposatzea, eskolak ematea... Oholtza ondo dago, denoi gustatzen zaigu txaloak jasotzea, baina ez daukat lehengo irrika hori kontzertuak emateko, nahiz eta oso ondo pasatzen dudan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.