«Egina utzi dut bizi testamentua, eskatuz ez nazatela elikatu». Uztailaren 23an abiatu zuen Iruña-Veleiako aztarnategian aurkitutako piezei arkeometria probak eskatzeko gose greba Jose Mari Lejardi Gabixolak (Markina-Xemein, Bizkaia, 1959), eta 87 egun beteko ditu gaur jan gabe. «35 bat kilo galdu ditut, eta, oraingoz, ez dut minik. Noizean behin, zorabio batzuk izaten ditut». Probak egiteko konpromisorik hartu ezean amaierara doala berretsi du. Bestalde, Gasteizko auzitegiak Eliseo Gil aztarnategiko zuzendari ohiari ezarri zion bi urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ere kritikatu du, haren hitzetan Espainiako Kultura Ministerioak egindako ikerketa bat baitu oinarri bakartzat, eta ezbaian geratu baitzen azterketa haren balioa epaiketan bertan. «Ikerlariak onartu zuen ez zuela halako datazioak egiteko eskarmenturik, eta lehenengoz egin zuela halako ikerketa bat».
Zein dira zure eskariak?
Eskaera orokorra da gai hau zientziaz epaitu behar dela, eta eskari orokor hori hiru puntutan zehaztu dugu gero. Lehenik eta behin, grafitoak zehatz-mehatz noiz egindakoak diren ebatzi dezaketen arkeometria probak egiteko eskatzen dugu, horretarako gaitasuna dutela badakigun Europako bi edo hiru laborategitan. Bigarrenik, eskatzen dugu indusketan orain arte zer ikusirik izan ez duten arkeologoek ikertu dezatela aztarnategia, gune asko daudelako oraindik aztertzeko, eta uste dugulako pieza gehiago atera daitezkeela. Eta, hirugarrenik, badakigu Arabako Foru Aldundiko ordezkarien aginduz etenda daudela orain arte ateratako piezak aztertzeko lanak, eta eskatzen dugu garbitu gabe geratzen diren hemezortzi kutxa horiek ikertzen jarrai dezatela.
Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiekin bilkura sorta bat egin duzue. Zer erantzun jaso duzue?
Bost alderdiekin batu gara, Voxekin izan ezik, eta denek egin digute harrera ona: denak daude zientziaren alde. EAJko ordezkariak esan zigun orain hasi garela zientzia eskatzen, eta gogorarazi behar izan genion Eliseo Gil izan zela lehena, aztarnategitik kaleratu zutenean, pieza horiek laborategietan azter zitzatela eskatzen. Esan zigun, argi eta garbi, beraiek ez zihoazela zientziaren kontra.
Eta konpromisorik lortu duzu?
EAJn kultur gaiak daramatzan Aitor Urrutiari aipatu nion prest nengoela gose greba uzteko eta lehen aipatutako hiru puntuak oraingoz atzean uzteko, baldin eta legebiltzarrak onartzen badu, epaiketen bidea bukatzen denean [ebatzi gabe baitago Gilen defentsak epaiaren aurka jarritako helegitea], gai hau epaiketaz harago doala eta piezak zientziaren bidez aztertuko direla. Gero adostuko dugu zer metodo erabili, baina orain, horrexekin, utzi egingo genuke gose greba.
Legebiltzarrak hori onartuko balu, ezbaian jarriko lituzkete Arabako Foru Aldundiak ontzat emandako hainbat txosten.
Esan nahi luke txosten horiek ez direla behin betikoak. Eta zalantzazkoak dira epaitegiak piezak faltsuak direla ebazteko oinarri izan dituen bi ikerketak ere. Bi ikerlari haietako batek onartu zuen bera ez zela gai erabakitzeko pieza haiek benetakoak ote ziren edo ez; beste ikerlariak 40 pieza ikertu zituen, eta ebatzi zuen 37 faltsuak zirela, 10-15 mikrako metal modernoen arrastoak zituztelako marretan. Mikel Albisu ikerlariak epaiketan bertan azaldu zuen airean dauden partikulek dutela neurri hori, eta, aldiz, gutxienez, 100 mikrako arrastoa utziko lukeela marka horiek egiteko erabilitako puntzoi batek. Argi ikusten da ikerketa horiek oso motz geratzen direla gai honek eskatzen duen zorroztasun mailarako.
Greba hasi zenuenean, hala Gilek nola SOS Iruña-Veleia eta Martin Ttipia elkarteek adierazi zuten ez zutela protesta modu horrekin bat egiten. Babestua sentitzen zara?
Hasieran izan zen hori. Geroztik, SOS Iruña-Veleiako jende bat hurbildu zaigu, Martin Ttipiakoak ere etorri ziren aurrekoan, eta, beraz, berreskuratzen ari gara hori. Gaia mahaigaineratzen jarraitzen dugula ikusi dute, medio handiek boikota egiten diguten arren. Asko bildu gara berriro.
Noiz arte jarraituko duzu?
Aipatutako konpromisoa hartu artean. Determinazioa hartuta dago. Komunikabide handiek egindako lana izugarria da, eta jendeak orokorrean pentsatzen du pieza guztiak faltsuak direla; gutxiengoa zaren arren, arrazoia duzula uste duzunean, eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlarien faltsutasunari buruzko txosten guztiak gezurtatzen dituzten hogei ikerlariren lanaren babesa daukazunean, jarraitu egiten duzu. Pentsatu genuen gose grebak bidea ireki dezakeela hori argitzeko.
Eta ikertzen jarraitzeko konpromiso hori hurrengo egunetan helduko dela espero duzu?
Ezagutzen dute egoera. Ongi nago, baina nik ere baditut nire mugak. Orain gutxi hil da abokatu kurdu bat 238 gose greba egunen ostean, eta maputxe batek 108. egunean lortu zituen bere helburuak. Egunak aurrera doaz, eta haiek ikusiko dute. Eskutitz pertsonal bana ere bidali diegu Andres Urrutia euskaltzainburuari, Itxaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko lehendakariari eta Arnaldo Otegi EH Bilduko lehendakariari, hirurekin izan dudalako hartu-emana uneren batean, eta eskatu diegu hartzeko zientziaren bidea, eta, hori hartu ezean, nik erabakia azkeneraino hartu dudala. Hilko banintz, heriotza nire erantzukizuna litzateke, baina erantzukizun politikoa haiena, herriarekiko duten ardurarekin, ez direlako ausartu zientziaren bidea hartzen.
Jose Mari Lejardi, 'Gabixola'. Gose grebalaria
«Azkeneraino segituko dut»
Iruña-Veleiako piezei arkeometria probak egiteko eskariarekin abiatu zuen gose greba Lejardik, eta 87 egun beteko ditu gaur jan gabe. Konpromisorik lortu ezean amaieraraino iritsiko dela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu