Alicia Otaegi. Artista

«Adinez ez dut deus jakin nahi»

Ekainaren 5etik, Noaingo La Faktoria zentroan egonaldi artistikoa egiten dabil Alicia Otaegi; bihar bukatuko du. 'Artista eramangarria' obra garatzen ari da, «zoria eta denbora gidari». Hilaren 24an estreinatuko du.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Noain
2023ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Nora doan ez dakiela abiatu nahi du bidaia Alicia Otaegik (Iruñea, 1963) bere obra berriaren bitartez. «Helmugarik gabeko bidaia bat da nirea», zehaztu du, konbentzimenduz. Haren hitzak adituta, bistan da: xarma ikusten du ziurgabetasunean, baita «errepikatu ezin diren gauzetan» ere, eta, gaur-gaurkoz, ezin ulertuzkoa litzaioke bi ezaugarri horiek ez dituen deus sortzea. Horiek horrela, bultzada horiei men eginez ari da Artista eramangarria obra eszenikoa garatzen, Noaingo (Nafarroa) La Faktoria zentroan egiten ari den eta bihar bukatuko duen egonaldi artistikoan. Besteak beste, hamabi maletak osatzen dute Otaegiren obra. Ekipajea prest, hilaren 24an erakutsiko du maleta horietako batzuek —ez denek— gordetzen dutena, La Faktorian.

Artista eramangarria obran nabarmena da arte plastikoa, baina lana ez da kabitzen erakusketa hitzean. Arte literarioa ere badu. Musika ere bai. Eta dantza, eta arte performatiboa. «Ezin dut diziplina bakarra aukeratu; dantzari isil baten modukoa naiz, batetik bestera dabilena», azaldu du, eta pasioz oroitu du noiz eta nola jaio zen jatorrizko ideia. Konfinamenduan, Otaegi konturatu zen ohiko moldeetan eginiko erakusketek jadanik ez dutela lehen zuten erakarmen bera. «Eta argi ikusi nuen zerbait egin beharra nuela». Oskar Alegria eta Rosa Garcia zinemagileen laguntza ere izan du sormen prozesuan, eta, orain, sinetsia dago aurkitu duela aterabidea: «Hiru dimentsioko erakusketa lan bat da, laugarren dimentsio bat ere baduena; hori ni neu naiz».

Finean, hau da obraren oinarria: Otaegik hamabi maleta prestatu ditu, zenbaki bana jarri die, eta maleta horietako bakoitzean artelan bat sartu du. Zehazki, «miresten» dituen artista batzuei eginiko omenaldiak dira artelan horiek. «Adibidez, omendu ditut Kazimir Malevich, Marcel Duchamp, Augusto Monterroso, Maurice Ravel...», aurreratu du. Kontua da lan horiek ez direla nolanahi aurkeztuko jendaurrean. Intuizioak eta zoriak erabakiko dute zer maleta irekiko diren. Batzuk zozketa bidez hautatuko dira; beste bat publikoak aukeratuko du, libre; beste bat, Otaegik. Hala eta guztiz ere, horretarako denbora mugatua dago: ikuskizunak ordubete iraunen du, justuki. Erloju batek zorrotz eginen du atzerako kontaketa. «Tarte horretan zenbat maleta irekiko diren? Astia ematen duena».

Atzerako kontaketa

Otaegiren esanetan, ikuskizunean zoriak eta denborak «agintzen» dute gehien. Hori nahita bilatu du, artista eta publikoa «maila berean» kokatzeko. «Denbora bukatutakoan, publikoa maleta gehiago zabaltzeko gogoz geldituko da segur aski, eta ni, berriz, gehiago erakusteko gogoz geldituko naiz. Berdinduta egon gaitezen nahi dut; batez ere, hori», azaldu du.

Artistak aitortu du ikuskizunaren iraupena mugatzea «paradoxa» bat dela, bere izaera aintzat hartuta. «Ez dut batere maite denboraren zenbakizko neurria, eta, aldi berean, ezin dut saihestu matematikoki kalkulatzea zenbat falta zaion nire bizialdiari. Sentitzen dut atzerako kontaketa batean nagoela, eta horrek ezinegon handia sortzen dit. Ez da izua. Kontua da gauza mordoa geldituko zaidala egin gabe. Horrek antsietatea eragiten dit».

Izatez, hainbesteko ezintasuna sentitzen du «bukaerari begiratzeko», ezen nahiago izaten baitu besteen adinari buruzko datuei entzungor egin. «Ez dut deus jakin nahi denborez. Adinez ez dut deus jakin nahi». Hain justu ere, epeek sentiarazten dioten urduritasuna baliatu du, hein batean, Noaingo proiekturako.

Otaegik sarri baliatu ditu eguneroko objektu arruntak bere obrak ontzeko, orain maletak erabili dituen gisa berean. 2020an, adibidez, etzaulkietako zorroak erabili zituen Denontzako balkoia izeneko artelana sortzeko. Artistak gogora ekarri duenez, txikitatik izan da kapaz objektuei bestela begiratzeko. «Hitz egiten didatela iruditzen zait», kontatu du, pozik. Are, dioenez, haien azalean jartzea ere gustatzen zaio. «Maite dut pentsatzea, esaterako: nolakoa litzateke nire bizitza gatzontzi bat banintz?», gogoetatu du. Hala, haren esanetan, objektuak elkarrekin solastatu daitezen lortzea da helburua; horretan oinarritzen da, hein handi batean, haren «sormen ekintza».

Diskrezioa eske

Otaegi objektuek ematen dituzten aukerez buru-belarri ari zelarik, hots batek eten du artistaren eta kazetariaren arteko hizketaldia: piiiiii piiiii piiiii. «Ai, ama! Alarma! Ea ongi funtzionatzen duen baieztatu nahi nuen. Hara, bete da ordua!».

Hilaren 24ko ikuskizunerako prestaketan, jadanik deus gutxi falta da egiteko. 40 ikusle inguru espero ditu Otaegik, eta mesede bat eskatuko die denei: «Ez dezatela kontatu zer ikusi duten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.