Gidor Bilbao. EHUko irakaslea eta ikertzailea

«Oihenart gehiago ezagutu dugu aurkikuntzari esker»

Arnaut Oihenarten hiru poema ezezagun aurkitu ditu Gidor Bilbaok. Aspalditik dabil idazlearen arrastoari segika, eta uste du «gauza gehiago ere» aurkitu daitezkeela.

ZALDI ERO.
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Idazlea, abokatua, historialaria eta politikaria izan zen Arnaut Oihenart (Maule, 1592Donapaleu, Nafarroa Beherea, 1668). Les proverbes Basques (1657) literatur lanagatik egin zen ezagun batez ere: atsotitz bilduma bat da, batetik, eta Oihenarten gastaroa neurthitzetan poemak biltzen ditu, bestetik. Gidor Bilbao EHUko Ikasketa Klasikoen Saileko irakasle eta Monumenta Linguae Vasconum taldeko ikertzaileak aurkikuntza egin du orain: hiru poema ezezagun aurkitu ditu.

Aspalditik zabiltza Oihenarten arrastoari segika. Nondik datorkizu idazlearekiko interesa?

Filologia Klasikoa eta Euskal Filologia ikasitakoa naiz, eta bi mundutxo horien bueltan aritu naiz beti. Euskal Filologiari dagokionez, interes handikoak dira XIX. zein XVIII. mendeak; zer esanik ez aurkikuntza XVII. mendekoa baldin bada. Beraz, Oihenarten kasua oso berezia da: XVII. mendeko idazlea izateaz gain, elizgizona ez zen bakarrenetakoa izan zen. Izan badugu Oihenarten lanen berri, baina ez ditugu ondo ezagutzen. Horrek erakarri ninduen.

Zehazki, noiz hasi zinen bilaketa lanak egiten?

1990eko hamarkadan. Kilometro asko egin ditut Oihenarten arrastoaren atzetik, baina orain arte ez dut gauza askorik aurkitu. Interneti esker, mundu berri bat zabaldu da: artxibo bakoitza banan-banan begiratu gabe eta bertara joan beharrik gabe eskuratu dezakezu informazioa. Sarean daude Europa osoko liburutegietako materialak. Itxialdi garaian, beraz, idazlearen lan guztiak berrirakurtzeari ekin nion, eta hala hasi nintzen bilaketa lanekin.

Hango eta hemengo katalogoetan arakatzen ibili ondoren, Grenoblekora (Frantzia) iritsi zinen. Nola oroitzen duzu aurkikuntza egin zenueneko une hori?

Pozez. Oihenarten gastaroa neurthitzetan poema-liburuaren ale ezezagun bat han zegoela ikusi nuen, eta ongi ez katalogatutako besterik ba ote zegoen begiratu nahi izan nuen. Argazkiak eskatu, eta jaso orduko konturatu nintzen ordura arte ezagutzen ez genituen poemak zeudela. Baionako udal liburutegian gordetzen den liburura jo nuen, eta egiaztatu nuen Grenoblekoak lau orrialde gehiago zituela. Lan handia izan zen, baina ilusioz oroitzen dut.

Hala ere, oraindik ez dakizu argi poema berri horiek liburu bat osatzen duten, edo Oihenarten gastaroa neurthitzetan liburuaren eranskin bat diren. Nola ikertu daiteke hori?

Orain daukagun informazioarekin ez dut uste askoz ere urrutiago iritsiko garenik. Oihenarten lan guztiak aztertu ditut: latinez, frantsesez zein euskaraz argitaratutako dena banan-banan begiratu dut. Hala argitu dugu Oihenartek bi poema liburuxka plazaratu zituela: Oihenarten gastaroa neurthitzetan eta Kobla berriak. Bigarren horretako poema gehienak ezagutzen genituen, baina, ohartu ginen hasieran eta amaieran orri bana falta zutela. Guztira, lau orrialde. Lehenengo orrian Kobla berriak izenburua dago, eta orain arte ezagutzen ez genituen zazpi ahapaldi. Bestalde, Jorraleen koblak izenburua, berez, ezagutzen genuen, baina ez genituen poemak ezagutzen. Orain izan dugu horien berri: Jorraleen koblak I eta Jorraleen koblak II. Hala ere, ez dut uste benetan frogatu ahal izango denik.

Zehazki, zeri buruzkoak dira hiru poema horiek?

Hasierakoa maitasun poema bat da. Egia esan, Oihenarten lanetan ohikoak dira gisa horretako poemak, baina badute berezitasun bat: inoiz erabili gabeko poesien metrika erabili du. Nire ustez, euskarazko poesian askotariko neurriak erabili zitezkeela erakutsi nahi izan zuen. Hala ere, Jorraleen koblak dira, nire ustez, politenak. Garai hartan jakina da jorrale taldeak aritzen zirela ortuan lanean. Xikitoak deitzen zitzaien, baina uste zen gizonezko artzainei egiten zitzaiela erreferentzia. Oker geunden: andreek gizonei esaten zieten xikito, eta alderantziz, berriz, perraka. Bi horien arteko elkarrizketak dira kopla horiek, baina elkarren arteko lehia ere erakutsi nahi dute.

Gaur egungo grafiara ere itzuli dituzu olerkiak. Zer-nolako prozesua izan da?

Filologoei dagokigu jatorrizko grafia erakustea; baita gaurko grafiara egokitzea ere. XVII. mendeko euskara erabiltzen du Oihenartek, zuberera. Filologoen lana da, beraz, ulergarri egiteko grafia eskaintzea eta hizkuntzari buruzko oharrak egitea, dakigunaren arabera betiere. Horrez gain, parafrasia ere egin dut, gaurko hitzetan nola esango litzatekeen ulertzeko. Oihenarten poemak ulertzea ez da erraza, ezta niretzat ere. Beraz, edozein irakurlek ulertzeko oharrak txertatu ditut. Merezi du dibulgazioa.

Zer-nolako ekarpena egingo dio aurkikuntza honek euskal literaturari?

XVII. mendeko euskarazko testu bat aurkitzea ekarpen bat da berez, ez baitira egunero agertzen halako testuak. Horrez gain, poesia ez-erlijiosoa egin izana ere bada beste ekarpen bat. Oihenart bera are gehiago ezagutzeko aukera eman du aurkikuntza honek. Orain arte, idazle kultu gisa kontsideratu izan dugu, eta poema hauei esker ikusten da ezagutzen zuela herri tradizioa ere.

Bila jarraituz gero, aurreikusten duzue beste aurkikuntzaren batzuk egon litezkeela, beraz.

Inolako zalantzarik gabe. Oihenarten hiru poema ezezagun aurkitu ditugu, baina bila eta bila jarraituz gero, seguru gauza berri gehiago agertuko direla. Lan asko dugu egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.