Jose Luis Rebordinos. Donostiako Zinemaldiaren zuzendaria

«Hitza emateari ez zaio beldurrik izan behar»

Donostiako 71. Zinemaldiak zinemaz gozatzeko aukera handiak emango dituela uste du, eta berehala apalduko dela 'No me llames Ternera'-ren gaineko eztabaida.

GORKA RUBIO / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2023ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Jordi Evolek Josu Urrutikoetxeari eginiko elkarrizketa Donostiako 71. Zinemaldian programatu izanak eragindako eztabaida apaldu ez dela, Jose Luis Rebordinos jaialdiaren zuzendariak (Errenteria, Gipuzkoa, 1961) filma programatzea defendatu du, eta zentsuraren aurka azaldu da, jaialdia hasteko bi egun falta direla.

Zinemaldia hasi aurreko asteetan, Josu Urrutikoetxeari eginiko elkarrizketan jarri dira foku guztiak. Espero zenuen eztabaida hainbeste hedatzea, filma erretiratzeko eskaerak egoteraino?

Eztabaida espero genuen, jakina, baina filma ikusi baino lehen zentsuratzeko eskaera ez nuen espero, ez behintzat pertsona batzuen eskaera. Jende bati errespetu handia diot, eta harritu nau pelikula ikusi gabe zentsuratzeko eskatzeak. Uste dut modu artifizial batean ere puztu dela polemika. Biktima askok ikusi dute filma, eta oso iritzi ezberdinak eman dituzte. Batzuei min egin diete gauza batzuek, eta beste batzuen ustez, eskoletan emateko modukoa da, gertatutakoa ondo azaltzen duelako. Baina puxika hau hustuz joango da filma ikusi ahala, pelikula ez baita azaltzen behin ere Josu Urrutikoetxearen alde. Eta, halere, uste dut interesgarria dela haren hitzak entzutea. ETAn izan zen 50 urtez, posturik garrantzitsuenetan, eta ETAk eragindako minaren erantzuleetako bat ere bada. Eta entzun nahi dut. Khemer Gorriek milaka lagun hil zituzten, eta nik entzun nahi dut zergatik egin zuten hori. Eta jakin nahi dut faxista alemaniarrek zergatik bultzatu zuten holokaustoa. Horrek laguntzen baitigu ulertzen zergatik gertatu ziren gertatu behar ez zuten gauza batzuk. Hitzari ez zaio beldurrik izan behar; hitza ematea ez da arrazoia ematea.

Ikusi gehiago:https://www.berria.eus/paperekoa/1997/004/001/2023-09-21/hegemoniaren-defentsan.htm

Zer iruditzen zaizu bostehun pertsonak baino gehiagok sinatu duten manifestu hori, filma erretira dadila eskatzekoa?

Zentsura eskatzen du agiri horrek, eta ni zentsuraren kontra nago.

Ikusi gehiago:«Guztiz aldebakarreko begirada» du filmak, Sorturen arabera

Zergatik eskaini diezue emanaldi pribatu bat manifestuaren sinatzaileei?

Askotan egin dugu hori: ez da lehenengo aldia. Nik ulertzen dut mingarria izan daitekeela biktima batzuentzat ETAren buruzagi bat hizketan entzutea, eta erabaki dugu aukera ematea jende horri filma ikusteko. Alderdi politiko demokratiko guztietako ordezkariek ikusi dute, eta baita biktima askok ere. Nik iritzi guztiak errespetatuko ditut, baina filma ikusi ostean. Biktimak aipatzen dituzte askotan, baina biktimen artean ere oso iritzi ezberdinak daude, eta historiaren analisi ezberdinak egiten dituzte. Niretzat ETAk ez du justifikaziorik, baina gauza askok ulertarazten dute ETA. Diktadura batean jaio zen, eta gizarteak errepresio bortitza bizi izan duen garai batean bizi izan da ETA: torturak, eskuin muturraren hilketak, GALen sorrera... Horrek guztiak ez du ETA justifikatzen, baina azaltzen du zergatik iraun duen hainbeste. Zorionez, ETA amaitu zen, nahiz eta batzuek oraindik ez duten amaitutzat eman nahi. Saia gaitezen ulertzen zer gertatu zen.

Hollywoodeko aktoreen grebak ere markatu du edizio hau. Buruhauste ugari eman dizue izarren presentziari buruzko ziurgabetasunak?

Bai. Grebak ez du programazioa baldintzatu, baina aurreikusitako hiru izen handi erori dira, bi emakume eta gizonezko bat. Horietako bat datorren urtean berreskuratuko dugula uste dut; beste biak ez dakit, aurten filmekin baitzetozen, eta ez baitakigu datorren urtean hala izango den. Baina horietako batek badu nolabaiteko konpromiso bat gurekin, eta espero dugu etortzea. Donostia saridun bat izango litzateke, gainera.

Donostia sariei ere eragin die grebak. Javier Bardemi eman beharrekoa hurrengo urtera atzeratu behar izan duzue. Ez zegoen beste modurik?

Bardem jaialdiaren laguna da, eta nik neuk proposatu nion atzeratzea. Prentsaurreko bat ematen badugu Bardemekin, galdera guztiak grebari buruzkoak izango dira, eta ez dugu hori nahi. Donostia saria ospakizun bat izatea nahi dugu. Bera ados azaldu zen sari ematea atzeratzearekin, eta, ondo bidean, 2024ko inaugurazio galan emango diogu.

Hayao Miyazakik ez du bidaiatuko saria jasotzera.

Aurretik ere saiatu gara ematen, eta baita haren filmak Sail Ofizialean programatzen ere. Baina aurten lortu dugu haren filma Sail Ofizialerako. Guretzat ohorea da, aurretik Tokion eta Torontoko jaialdian besterik ez baita ikusi. Europatik dozenaka lagun datoz Miyazakiren filma ikustera bakarrik. Horrek adierazten du nolako garrantzia duen. Miyazaki, animazioaren alorrean, bere garaiari aurrea hartu dion zinemagile bat da, eta gehiago esango dut: niretzat, [Yasujiro] Ozu, [Carl Theodor] Dreyer eta [Fritz] Langen mailan dago.

Victor Erizek bakarrik jasoko du saria jaialdian bertan. Kontuan hartuta El espíritu de la colmena Donostian saritua izan zela eta Erizek fikziozko film berri bat egin duela urte askoren ostean, aurtengoa zen aukera bakarra?

Orain dela 50 urte Urrezko Maskorra jaso zuen leku berean jasoko du Donostia saria. Gainera, inork ezin du zalantzan jarri Erize Espainiako zinemagile inportanteenetako bat dela, nazioarteko proiekzio ikaragarria duena.

Ez da berria, baina Sail Ofizialean zuzendari berrien aldeko apustu irmoa egin duzue aurten ere. Izen oso ospetsuak erakartzeko orduan Veneziarekin lehiatzea ezinezkoa den seinale ere bada?

Tira , ez dugu ekarri zinemagile oso ezagunen baten filma, ez zaigulako filma bera gustatu! Eta badira zinemagile batzuk, [Joachim] Lafosse eta [Robin] Campillo, adibidez, Cannesen lehiatu direnak, Christi Puiu ere bai... Gu ezin gara lehiatu Cannes eta Veneziarekin, txikiagoak garelako, baina, askotan, zinemagile batzuek Donostian egon nahi dute. Era berean, izenak ez dira ezinbesteko baldintza Sail Ofizialean lehiatzeko, eta hori gero eta agerikoagoa da. Lehiarako filmak bilatzen hasten garenean, ez diogu baldintzarik jartzen geure buruari, baina egia da gero eta zuzendari berri interesgarri gehiago aurkitzen ditugula, eta interesatzen zaigu jende eta film berri horien aldeko apustua egitea. Zinemaldiaren funtzioetako bat hori baita urte osoan. Horregatik daukagu, adibidez, Ikusmira Berriak egitasmoa. Horren garrantziaz jabetzeko... Raven Jacksonen filma [All Dirt Roads Taste of Salt] A24-k ekoitzi du, ziur aski mundu osoko ekoiztetxe independente garrantzitsuena denak. Film hori Sundancen eman dute, baina, horren aurretik, Jackson bera zinema ikasleen topaketan izandakoa da Donostian, eta Ikusmira Berriak-en barruan landu zuen artean hogei folioko proiektua zena! Jaione Camborda ere Ikusmira Berriak-en izan zen. Hau da, harrobia sortzeko lan handia egiten dugu Zinemaldian.

Sail Ofizialak ba al du ezaugarri jakinik?

Sail Ofizialean animazioko hiru film daude. Horrek zerbait esaten du. Eta gaiei dagokienez, emakumeaz eta familiaz hitz egiten duten hainbat film daude. Gaur egun pil-pilean dauden gaiak dira. Bada beste gai bat film asko zeharkatzen dituena: memoria historikoa. Zentzu handia du horrek. Faxismoak oso indartsu daude munduan oro har, eta Europan zehazki. Milei Argentinan, Bolsonaro Brasilen, Meloni Italian, Polonia eta Hungaria, Voxen presentzia Espainiako erakundeetan... Faxismoa instituzioetara iritsi da estatu kolpeak emateko beharrik gabe, jendearen bozekin, eta horrek iraganaz gogoeta egitera eramaten ditu zinemagile asko.

Aurten, lehen aldiz, Sail Ofizialeko film guztiek euskarazko azpidatziak izango dituzte Kursaaleko saioetan. Neurri hori Pantailak Euskaraz bezalako kolektiboek eskatzen zuten.

Pauso batzuk ematen badituzu, garbi izan behar duzu ezin duzula atzera egin. Zinemaldian, garai batean, egun bakarra zuen euskal zinemak; gaur egun, hainbat euskal ekoizpen ikus daitezke jaialdi osoan, eta euskara aurten ere entzungo da Sail Ofizialean, Isabel Hergueraren filmaren bitartez. Azkeneko urteetan, euskarazko azpidatziak sartuz joan gara hainbat sailetan; hau da, pausoak ematen ari gara. Eta aurtengoa aspaldi egin nahi genuen urratsa da. Baina onartu behar dugu zailtasun ikaragarriak ditugula. Adibide bat emango dizut. Guk film batzuk ikusten ditugunean, ez daude erabat amaituta. Ingelesez filmatutako pelikula bat aurten justu-justu iritsiko da jaialdira, eta ekoiztetxeak gaztelaniazko azpidatziekin bidaliko digu. Horrek zer esan nahi du? Bada, izugarrizko presaz egin behar ditugula euskarazko azpidatziak. Presaz, baina ondo.

Ez da jendeak pentsatzen duen bezain erraza. Iritsiko gara, iritsi behar dugu eta. Eta hemen gauza oso garrantzitsu bat dago. Herri honetan bi hizkuntza ditugu, eta zorionekoak gu! Eta hori normal ulertu behar dugu, aberastasun ikaragarria baita. Batzuetan, gauza ikaragarriak entzun behar izan ditugu. Euskarazko azpidatziak sartuz nazionalismoa Zinemaldian sartu dela irakurri dut!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.