Frantziako Tourra Euskal Herrian. Christian Prudhomme. Frantziako Tourreko zuzendaria

«Kirol munduaren bihotza izango da Euskal Herria»

Euskal Herria toki aproposa da Tourrari hasiera emateko, Prudhommeren ustez. Haren arabera, begi bistakoak dira Euskal Herriak dituen «izaera» eta «indarra».

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Barakaldo
2023ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
«Txirrindularitzan oro har eta Frantziako Tourrean batez ere, paisaiak berebiziko garrantzia du». Hala dio Christian Prudhomme Frantziako Tourreko zuzendariak. Izan ere, ziur dagoegokia izan dela Tourra hasteko Euskal Herria aukeratzea, itzuli «ederra» egiteko «osagai guztiak» biltzen baititu. «Mendi berdearen, itsasoaren eta malda malkartsuen bermea izango dugu». Hala ere, paisaia ez da Tourrak behar duen elementu bakarra. «Txirrindulari bikain batzuen belaunaldia» azpimarratu du Prudhommek; eta euskal zaleen pasioa nabarmendu du.

Gaur arratsaldean aurkeztuko dituzte Tourrean parte hartuko duten taldeak, eta larunbatean hasiko da itzulia. «Hasiera beti da momentu garrantzitsua». Taldeak aurkeztu bezain laster piztuko den «grina» ikusteko gogoa du Prudhommek. Eta «txapeldunen arteko bataila» hasteko esperoan da jada. Gainera, badaki euskal zaleen «berotasuna» jasoko dutela: «Euskal zaleen berezitasuna da oso ondo ezagutzen dituztela bizikleta eta txirrindularitza; ez dira txalotzera eta parranda egitera datorren jendea bakarrik».

Antolatzaileen anbizioa da lehiarako munduko ibilbiderik erakargarrienak egitea. Eta, Prudhommen iritziz, Euskal Herria eremu «selektiboa» eta «interesgarria» da horretarako. «Eusko Jaurlaritzaren eskaerari baiezkoa eman genionean, bagenekien nora gentozen». Euskal Herria Tourrarentzat egokia den bezala, Prudhommek uste du Tourra ere aukera bat dela Euskal Herriarentzat: «Identitate bat erakusteko aukera da, herrialdearen onena mundu osoari erakusteko momentua». Izan ere, gogoratu du Tourraren hasierak munduko mapan kokatuko duela Euskal Herria: «Aste honetan kirol munduaren bihotza izango da Euskal Herria».

Bi mila kazetarik emango dute Frantziako Tourraren berri hurrengo egunetan, eta irudiak 190 herrialdetan baino gehiagotan ikusiko dituzte. Horregatik da garrantzitsua Euskal Herriak «bere onena» erakustea. Izan ere, zuzendariak gogoratu du proba zuzenean emititzen dela, «lehenengo kilometrotik azken kilometroraino». 1992ko Tourrarekin alderatuta, hori da alderik esanguratsuena. Urte hartan, Donostian hasi zuten Tourra. «Ezin dut esan oraingoa askoz handiagoa denik, Fausto Coppi eta Gino Bartali bezalako salbuespenezko txapeldunei muzin egitea bailitzateke; baina lehen, azken 80 kilometroak besterik ezin zen ikusi telebistan». Are, ez zegoen Internetik, eta sare sozialik ere ez. «1992an ez zegoen sakelako telefonorik prentsa aretoan».

Prudhommeren irudiko, begi bistakoak dira Euskal Herriak dituen «izaera» eta «indarra». Eta gogoratu du guztira 120.000 ikurrin banatuko direla hasierako etapetarako: «Leku guztietan egongo dira». Era berean, azpimarratu du seinale guztiak frantsesez eta euskaraz idatzita egongo direla. «Edozein herrialdetan, hizkuntza da oinarria; herritarrek, edozein tokitan topo egiten dutenean, hizkuntzari esker ezagutzen dute elkar». Irteera eta iritsiera guztietan, gainera, esatari euskaldun bat egongo da, frantsesarekin batera.

Tourrari harrera egiteko, euskal erakundeek 12 milioi euroko inbertsioa egin dute. «Antolatzaileen partetik bakarrik, 1.850 logela hartuko ditugu gauero hoteletan; diru hori berehala sartuko da tokiko ekonomian». Kazetariak ere bertaratuko dira, baita ikusleak ere. «Ni ez naiz gauza izango duen eragina definitzeko, baina badakit handia izango dela».

Larunbatean Tourra Euskal Herritik abiatuko den arren, Euskaltel-Euskadi taldeak ez du parte hartuko. «Tourra egiten dugunean, herrialde guztiek esaten digute: eta nire taldea?». Azaldu duenez, antolatzaileek bi talde besterik ezin dute aukeratu. «22 taldetatik bi aukeratzen ditugu guk; aukera hori oso mugatuta dago». Aurten Israel-Premier Tech eta Uno-X Pro Cycling Team izango dira gonbidatuak.

Taldeekiko errespetua

Aldarrikapenak egiteko garaia ere izango da Tourraren hasiera. Ertzainak Borrokan Taldeak asteak daramatza esaten hitzarmen duinik lortu ezean ez dela «Tourrik egongo». Eta Bizkaiko ostalaritzak ere lanuzteak antolatu ditu gaurko eta biharko, lan hitzarmena berritzea eskatzeko. «Nik ez dut sartu nahi ez dagokidan horretan; ez dut egoera ezagutzen, eta ez nago nire herrian», azaldu du Prudhommek. Hala ere, azpimarratu du eurentzat funtsezkoa dela txirrindulariek atseden hartzea eta lasai lo egin ahal izatea. «Irteera bikain baten aurretik, ezin dute gaizki lo egin».

Txirrindulariei errespetua helarazi nahian, gainera, nahiz eta COVID protokolorik ez exijitu, hainbat neurri hartuko dituzte. Behar denean maskara jantziko dute, eta eskua eman gabe moldatuko dira. «Ez dugu nahi maillot horia erretiratzera behartuta egotea, Italiako Giroan maillot arrosa erretiratzera behartuta egon diren bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.