Indian, kasuek goranzko joera dute oraindik ere, eta ondorio latzak uzten ari da gaitza. Egungo datuak dira egoera larriaren isla. Dagoeneko, munduan kutsatu gehien dituen herrialdeen zerrendan hirugarrena da, eta, azken asteetan, nabarmen egin dute gora positiboen eta hildakoen kopuruek. Orotara, 2,9 milioi kasutik gora atzeman dituzte, eta 54.000 pertsona baino gehiago hil dira COVID-19aren ondorioz. Egoeraren inguruko azterketa egin du Xabier Oruetak, Indiako landa eremuan lanean aritzen den Vicente Ferrer erakundeko kideak.
Kasuek goranzko joera dute Indian oraindik ere. Nolakoa da egoera?
Euskal Herrian martxo inguruan izan zen egoera gogorarazten digu: grafikoak igotzen ikusten genituen, goranzko aldapa oso zorrotza zelarik. Indian, horrela daude gaur egun: ia hiru milioi kasu dituzte. Egia da populazio handia duela herrialdeak; munduan biztanle gehien dituzten herrialdeetan bigarrena da: 1.300 milioi pasa. Eta horrek ere ekartzen du kasu asko izatea. Baina, egun, hiru milioi kasu inguru dituzte, eta, egunero, 70.000 positibo atzematen ari dira. Gainera, Indian egiten diren probak, ehunekoetan, ez dira hemen egiten direnak bezainbeste.
Landa eremuetan zabaltzen ari da birusa. Zer-nolako inpaktua izan dezake?
Oso latza. Krisialdi guztiek bezala honek ere askoz eragin handiagoa dauka biztanle txiroenen eta marjinatuen artean. Indian, nahiko laster ezarri zuten konfinamendua: martxoaren 25ean, oraindik kasu asko izan gabe. Baina, landa eremuetan, itxialdia eten behar izan zuten. Izan ere, konfinatzea jendea hiltzera kondenatzea bezala da han. Ez daukate despentsarik, ezta aurrezkirik eta langabezia saririk ere... Egunekoarekin bizi dira, eta lan egiteko beharra zuten.
Konfinamenduak, gainera, migrazio prozesu oso handiak ekarri zituen. Hirietara mugitu zirenetariko askok, lanik aurkitzen ez zutenez, erabaki zuten beren landa eremuko herri txikietara mugitzea. Horrela, milaka kilometro egin behar izan zituzten oinez. Hor ere aritu gara lanean: janaria banatzen, garraioa eskaintzen...
Atzerapauso zorrotz bat izan da, eta aztertzen ari gara luze gabe nolako eragina izango duen. Latza izan daiteke.
Bathalapallin duzuen ospitalea koronabirusa tratatzeko ari zarete erabiltzen, espresuki.
Zehazki, hiru ospitale kudeatzen ditugu, eta horietako bat hango gobernuak COVID-19a tratatzeko ospitale ofizial moduan ezarri zuen. Han genituen beste espezialitate asko tokiz aldatu behar izan ditugu, beste ospitale batzuetara eta gure eskoletara. Bathalapalliko gure ospitalea erabat emana dago COVID-19a tratatzera, eta horretan ari gara buru-belarri. Gela eta maskarak egiten ere ari gara.
Kasuen gorakada sumatu duzue?
Bai. Asko nabaritu da. Igartzen da kasu kopurua goraka doala, eta ez bakarrik ospitaleratzeak; kasu larriak ere areagotu dira, baita ZIUra doazenak ere. Lan egiten ari garen tokian, 400.000 kasu baino gehiago daude. Bathalapalliko gure ospitalea koronabirusa tratatzeko ospitale ofizial gisa ezarri zenetik, hiru mila lagun baino gehiago tratatu ditugu. 70 mediku ditugu, 150 erizain, eta laguntzaileak eta teknikariak ere bai. Profesional gehiago behar ditugu, baina ez da erraza aurkitzea. Inork ez du hara joan nahi. Ez bakarrik bokazioagatik, baizik eta ondorio latzak izan ditzaketelako, estigma dela eta.
Estigmaren kontua aipatu duzu. Arazo bat izaten ari da pandemiari aurre egiteko?
Estigmatizazioa oso gogorra da Indian. Kasten kontua eta abar. Eta egoera honetan ere eragin handia izaten ari da. Medikuek ez dute lan egin nahi koronabirusa tratatzen ari diren ospitaleetan; sintomak dituztenek ez dute esan nahi; bestela, herrikoek bertatik botako dituztelako. Halako egoera arraroak gertatzen ari dira.
Erabatekoa da estigma. Kasu batzuetan, jakin da mediku bat kutsatu dela, edo, besterik gabe, lan egiten duela COVID-19a tratatzen den ospitale batean, eta, itzultzean, ez diote utzi bere herrian sartzen. Lanean ari gara horri aurre egiteko.
Sentsibilizazioa ere garrantzitsua da, ezta?
Oso. Kontzientziazio ekintzak ezinbestekoak dira, eta horretan ari gara: marrazkiekin, teatroekin... Hiru milioi lagunengana heltzen gara, eta etengabe azaldu behar diegu distantzia mantendu behar dela; maskara erabili behar dela; higienea zaindu behar dela; ezin ditugula begiak, sudurra eta ahoa ukitu; jende asko pilatzen diren ekintzak ez ditugula egin behar... Ulertarazi behar diegu zergatik den garrantzitsua.
COVID-19aren ondorioek kezkatzen zaituzte? Pobrezia areagotuko du?
Bai. India garatzen ari den estatu bat da. Adierazle makroekonomikoetan, aurrera doa herrialdea, edo aurrera zihoan, behintzat. Halere, egia da gaur egun ezberdintasun handiak daudela: aberatsak gero eta aberatsagoak dira, eta txiroak gero eta txiroagoak. Klase ertaina apur bat handitzen ari da, baina, oraindik, milioika lagun daude pobrezian. Eta argi dago: honek ekarriko duen ondoriorik latzena zera da, handitu egingo dela ezberdintasunen arrakala hori. Atzerapauso oso handia izango da. 51 urte daramatzagu Indiako hegoaldean lan egiten, eta, berriro, lehen mailako laguntzetara itzuli gara: nutrizio programak, osasun ekintza zuzenak, etxebizitzen bermatzea... Atzerapauso handia izan da. Ez dakigu nolako bilakaera izango duen. Gainera, hau pobrezian bizi ziren biztanleek sufrituko dute gehienbat. Krisi guztietan bezala.
Xabier Orueta. Vicente Ferrer erakundeko kidea
«Estigmatizazioa eragin handia izaten ari da Indian»
Birusa landa eremuetan zabaltzen ari da Indian, eta eragin «latza» izan dezakeela dio Oruetak. Pandemiari aurre egiteko lanean ari dira, eta sentsibilizazioaren garrantzia azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu