Bankuen eta energia konpainien zergaren zati bat nahi du Jaurlaritzak

Espainiako sei banku handienek 10.295 milioi irabazi dituzte urtearen lehen erdian, eta ozen mintzatu dira zerga berriaren aurka

Iker Aranburu.
2022ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak susmo txarra du Espainiako Gobernuak bankuei eta energia konpainiei ezarri nahi dizkien zergen inguruan. «Kontzertu Ekonomikoari izkin» egin nahi diola uste du Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak, PSOEk eta UP Unidas Podemosen aipatutako testuak ez dutelako «zerga» hitza aipatzen, «ondarearen prestazio bat» baizik. Kontzertuaren eta Itun Ekonomikoaren arabera, zergak Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako erakundeekin hitzartu behar ditu Espainiako Gobernuak, baina ez, ordea, ondare prestazioak.

«Asko kezkatzen gaituen gai bat da», azaldu du Azpiazuk, eta legegaia Espainiako Gorteetara iristen denean zuzenketen bidez «konpondu» ahal izango dutela espero du sailburuak.

Azpiazuk gogorarazi duenez, PSOEren eta UPren legegaiak aurrera egiten badu, Euskal Herrian zerga egoitza duten enpresa eta banku batzuek ordaindu beharko lituzkete zergak, eta, hortaz, «arrazoizkoa» iruditzen zaio diruaren zati bat foru ogasunek jasotzea.

Espainiako Gobernuak kalkulatu du 2023an eta 2024an7.000 milioi euro bildu ahal dituela zerga horiekin, eta horrekin ordain ditzakeela inflazioaren eragina txikitzeko hartutako neurri batzuk.

Bankuak, haserre

Diru horren zati handi bat Espainiako sistemako sei banku handienek jarri beharko lukete: Santanderrek, BBVAk, Caixabankek, Sabadellek, Bankinterrek eta Unicajak. Legegaiaren oraingo bertsioaren arabera, beren Espainiako adarretan komisioetatik eta interesen tartetik irabazten dutenaren %4,8 ordaindu beharko dute hurrengo bi urteetan.

Dirua eduki, badute, urtearen lehen erdian 10.829 milioi euro irabazi baitituzte. Tartean daude BBVAk irabazitako 3.001 milioi euroak (+%57), eta, horietatik, 808 milioi dira Espainiako adarrarenak. Edonola ere, Carlos Torresek jarri nahi dieten zerga kritikatu du, haren ustez «kontsumo, inbertsio eta zerga bilketa txikiagoa» ekar dezakeelako.

Ahoan bilorik gabe mintzatu da Gonzalo Cortazar Caixabankeko kontseilari ordezkaria ere. Zerga berria «okerra, bidegabea eta desitxuratzailea» iruditu zaio. Caixabankek 1.573 milioi irabazi ditu 2022aren lehen erdian. Cortazarren arabera, zerga berriak 400 milioi euroko kostua izango luke lehen urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.