Izar Hernando. Ernaiko bozeramailea

«Krisia badator, eta inpaktua izango du gazteon bizitzan»

Gazteak« larrialdi» egoeran daudela salatuko du Ernaik gaur Hegoaldeko lau hiriburuetan. Hernando eledunak nabarmendu du hausnarketa sakona behar dela sistema «eraldatzeko».

JON URBE / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Donostia
2021eko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Larrialdi egoeran gaude lelopean, manifestazioak antolatu ditu Ernaik gaurko, Hegoaldeko lau hiriburuetan. Azken urtean lehen ere «larria» zen egoera oraindik eta gehiago«larritu» dela nabarmendu du Izar Hernando (Donostia, 1995) gazte antolakundeko bozeramaileak, eta kalea «berreskuratzeko» deia egin du.

Larrialdi egoeran gaude lelopean aterako zarete kalera. Zer nabarmendu nahi duzue kontzeptu horrekin?

Lerro desberdinak lantzen saiatu gara manifestazioen aurretik, larrialdi egoera orokorra delako gazteon bizitzan. Bereziki azpimarratu nahi izan ditugu klasikoak diren lerro batzuk: etxebizitza, enplegua, eremu materialagoak direnak, zeinetan gazteon egoeragordindu egin den. Hortik harago ere saiatu gara ukitzen beste batzuetan ahazten zaigun eremu bat: harremanena. Baita osasun mentalarena ere.

Eraldaketa soziala eta burujabetza eskatuko dituzue. Zein dira alternatiba horiek?

Zaila da konkretura eramatea, baina eraldaketa oso bat behar dugu. Larrialdi egoera honetatik ateratzeko modu bakarra sistema hau iraultzea da. Behin eta berriz ikusi dugu erdigunean bizitzak jarri beharrean egiten den guztia kapitalaren mesedetan egiten dela. Hausnarketa sakona behar da sistema iraultzeko, eta pertsonak eta planeta erdigunean jartzeko. Bestela, hau dena bukatu egingo da. Ez da krisi ekonomiko edo soziala bakarrik: klima larrialdia ere bada. Eta erritmo honetan jarraituta, amaiera data bat dauka.

Kalea berreskuratzeko garaia da?

Bai. Egia da urte honetan birpentsatu egin behar izan dela kalea nola hartu. Protagonismo handia hartu dute lehenagotik ere garrantzitsuak ziren sare sozialek. Zalantzarik gabe, kaleak hartu behar dira, eta zer esanik ez alarma egoerarekin horrelako bueltak ematen ari diren garai honetan.

16.196 gazte langabe daude Hego Euskal Herrian, hau da, hiru gaztetik bat dago langabezian.

Bai. Hirutik bat langabezian egotea gogorra da. Gogorragoa iruditzen zaidana da iaztik hona %37 igo dela datu hori. Bazirudien jadaprekarizazio prozesu oso gogor batean geundela, baina honek aurrera jarraitzen du. Eta uste dut mezu hori zabaldu behar dela: hau okerrera doa. Krisia badator, eta enplegu suntsiketa etorriko da, prekarizazio prozesuak sakonduko dira, eta gazteon bizitzan inpaktu handia edukiko du horrek.

Langabeziaz harago, etxebizitzaren auzia atera duzue kalera. Datuek diote gazteek soldataren %45 erabiltzen dutela alokairua ordaintzeko.

Eta hori da alokairua lortzen duten gazteen kasua, zeren Hego Euskal Herrian gazteon erdiok ezin gara emantzipatu, eta emantzipatzea lortzen duten horiek soldataren ia erdia bideratu behar dute etxebizitzara. Ondorioz, bizitza prekarioa dute, oso tarte gutxi geratzen baitzaie bizitza duin bat garatzeko. Bizitza garestitzen ari da, prezioak gora doaz, eta gazteon enplegu baldintza eta soldatak modu oso basatian jaisten ari dira.

Pandemiak ondorio psikosozialak ere ekarri ditu: depresioa, antsietatea… Nabaritu duzue hori dinamikak aitzinera eramaterakoan?

Bai, zalantzarik gabe. Batzuetan, irakurketa politiko eta arrazionalak egiten ditugunean, uste dugu hortik salbu garela, baina konturatu gara ezetz. Animoekgorabehera handiak eduki dituzte azken urtean. Kostatzen da itxaropen oihu bat zabaltzea. Horregatik hartu behar dira kaleak. Etorkizuna oso beltz dator, eta guri dagokigu hau aldatu eta beste zerbait eraikitzen hastea.

Militatzeko modu berriak ekarri ditu pandemiak?

Ez nintzateke ausartuko esatera pandemiak ekarri dituela, bainaegia da azken urteetan joera berriak iritsi direla militantziara. Euskal Herrian hain ohikoak ez ziren pultsio batzuek ekarri dute belaunaldi berria militatzera. Izan ekologismoak, izan LGTBI borrokak, eta feminismoak zalantzarik gabe.

Bigarren urtez, ez duzue egin udaberriko gazte ekinaldirik. Nola dago gazte mugimendua?

Berrasmatzen. Udaberriko ekimena egin egin dugu, baina ez betiko formatuan: deszentralizatua, eskaintza kultural eta mendi martxetara mugatua. Hori da zailena, eskaintza bat, jardun bat mantentzea zentzu komunak esaten duena errespetatuz.

Eta nola dago Ernai?

Guk indartsu jarraitzen dugu.Azken urteetan gazte mugimenduetara datorren mugimendu hori iritsi da Ernaira ere, eta Ernai oso gazte eta plurala daukagu orain.

Ernai ez da Euskal Herrian dagoen gazte erakunde bakarra. Zer nolako harremana duzue Gazte Koordinakunde Sozialistarekin?

Ez daukagu harremanik. Ez gaude itxita, baina ez da lehentasun gisa dugun zerbait. Eraldaketa eta burujabetza dira bideak krisialdi honi aurre egiteko, eta horietakoren batean topatu dezakegun edonorekin ariko gara.

Iparraldean ere sortu da egitasmo bat. Harremanik baduzue?

Bai, etengabeko erronka da hori; gorabeherak izaten dituena, baina beti ortzimugan duguna. Pandemia baino lehenagotik ere badaude muga inposatu batzuk bere lana egiten dutenak, eta zatiketa hor dago. Gure lana da gazte mugimenduetatik zubiak eraikitzea eta herrigintza egitea Euskal Herri osoko ikuspegitik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.