Agurne Gaubeka. Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria

«Kosta egiten zaigu hizkuntza eskubideen urraketa salatzea»

Lan ildo berriak ezarri nahi ditu Agurne Gaubekak Behatokiko zuzendaritzan: elkarlana sustatu nahi du giza eskubideen aldeko beste elkarteekin, eta lehentasuntzat jo du gazteak «aktibatzea».

IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaritzan ia hamar urte emanda, kargua utzi du Garbiñe Petriatik. Lekukoa hartu dio Agurne Gaubekak (Bermeo, Bizkaia, 1984). Lizentziaduna da Lan Zientzietan (Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitatean) eta Lan Harremanetan (Euskal Herriko Unibertsitatean), eta sindikatuen esparruan garatu du orain arteko ibilbide profesionala, Katalunian eta Euskal Herrian.

Ziklo berri bati ekin diozue Behatokian. Nola ikusten duzu zeure burua?

Ilusio handiz heldu diot erronkari, eta lanean hasteko gogotsu nago. Errespetu apur bat ere ematen dit, ardura handiko postua delako. Euskal komunitatearen hizkuntza eskubideak defenditzea ez da nolanahiko betekizuna: berebiziko pisua duen lana da.

Zuzendari postua utzi du Garbiñe Petriatik, baina Behatokian segituko du. Aholkurik eskatuko diozu?

Dudarik gabe. Niri neuri lasaitasun handia ematen dit Petriati bidelagun eta akuilu izaten segitzeak eta aldamenean izango dudala jakiteak. Esan gabe doa eskarmentu handiko pertsona dela, baina, hortik harago ere, nabarmentzekoak dira haren inplikazio eta konpromiso sendoak. Jendearekin sortu dituen loturak eta enpatia itzelezko hori ere oso baliagarriak dira herritarren eskubideen defentsan ari den erakunde batean. Horregatik, egindako lana eskertu nahi diot.

Feminismoaren eta sindikatuen esparruetan lan egin duzu orain arte. Estilo propioa ezarriko duzu Behatokian?

Tira, hizkuntzaren esparruan ez, baina oinarrizko eskubideen defentsan jardun dut hainbat urtez; hortaz, nire lanaren ardatz nagusia beti izan da kolektibo eta pertsona gutxiagotuen alde aritzea. Hortik helduko da nire ekarpena. Hortaz, ezarriko ditudan helburu eta lan ildoak aipatzen hasita, gustatuko litzaidake hizkuntza eskubideen aldarrikapena eta gainerako giza eskubideen aldekoak parekatzen hastea. Maila berean jarri nahi nituzke batzuk eta besteak, jendeak duen pertzepzioari eta kontzientziazioari dagokionez.

Jendeak ez ditu eskubide batzuk eta besteak berdin antzematen eta aldarrikatzen?

Oro har, irudipena dut euskaldunok badugula hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko ohitura, baina eskubide urraketa guztiak ez ditugula indar berarekin salatzen. Lan handia dugu egiteko: euskaldunoi, oro har, kosta egiten zaigu aurrerapausoa ematea eta hizkuntza eskubideak urratu dizkigutela publikoki salatzea.

Zergatik?

Batzuetan, ez dakigulako nora jo; beste askotan, berriz, kudeaketa hori egitea nekeza delako, bidean traba ugari aurkitzen ditugulako... Hortaz, nahiago izaten dugu lehenbailehen bukatu, eta buruhausteak saihestu. Horregatik, garrantzitsua da euskaldun guztiek jakitea Behatokia baliabide garrantzitsu bat izan daitekeela beren eskubideak aldarrikatzeko garaian. Jakin behar dute bidelagun izango gaituztela eta gure ateak zabalik daudela edonori laguntzeko.

Normalizatu egin dira euskararen aurkako erasoak?

Hori da, bai. Ematen du besteen eskubideak direla soilik errespetatu beharrekoak, eta geureak urratzen dituztenean ez dugula ahotsa goratzeko eta protesta egiteko ohiturarik edo behar besteko indarrik.

Nola alda daiteke hori?

Lan handia egin behar dugu kontzientziazioaren esparruan; gazteekin, batez ere. Gazteak piztu behar ditugu: kontziente izan daitezela eskubide batzuk dituztela, eta bermatuak egon beharko luketela beti. Eta horrela ez denean, jakin dezatela nora jo dezaketen, zer erreklamatu dezaketen, eta nola. Administrazioarekin ari direnean, zeintzuk diren erabili beharreko arauak, formulak... Hori guztia argi edukitzea funtsezkoa da. Horrez gain, oso garrantzitsua iruditzen zait giza eskubideen defentsan ari diren bestelako kolektiboak ere erakartzea. Bere egin dezatela hizkuntza eskubideen aldeko borroka ere.

Euskararen ordenantza aldatu nahi du Iruñeko Udalak, euskararen presentzia murrizteko. Zer iruditzen zaizu?

Kezka handia eragiten dit. Ordenantza aldatzeko lehen urratsa egin du Enrique Maia alkateak, kontsulta publikoa antolatuta, eta, azken asteetan egin dituen adierazpenak aintzat hartuta, ez diot auziari batere susmo onik hartzen. Behatokiaren beldurra da euskaldunon hizkuntza eskubideak murriztera joko dutela berriz ere.

Euskararen erabilera maila argudio gisa erabili du Navarra Sumak, ordenantza kritikatzeko. Maiak berak esan du kaleko erabilera %7koa izanda zentzugabea dela jendaurreko lanpostu guztietarako euskara eskakizun izatea...

Hori da, hain zuzen, kezkatzen gaituena. Argudio penagarriak dira, baina maila eskas horretan kokatu dute eztabaida... Norbaiti bururatuko litzaioke esatea LGTBI kolektiboari eskubide batzuk ala besteak aitortuko zaizkiola LGTBI pertsonen kopuruaren arabera? Agintari batek halako burugabekeria bat botako balu, jendeak gainera salto egingo lioke berehala. Eta arrazoi osoarekin, gainera. Ez du hankarik ez bururik. Euskarari eta euskaldunei buruz, berriz, ohikoa da halakoak entzutea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.