Elena Huguet (Madril, 1990) psikologoa eta ikertzailea da. Hainbat gai ikertu ditu bere ibilbidean; besteak beste, umeekin egiten du lan, eta bereziki aztertua du beren burua zauritzen duten umeen jokabidea. Bilbon izan da berriki, EHUren udako ikastaro batean, haurrekin egindako lanaz hitz egiten.
Gai arantzatsua da beren burua zauritzen dutenena. Nolakoa da umeekin lan egitea?
Okerra da lanbide hau ikuspuntu orokor batetik aztertzea; kasu bakoitza aztertu behar da. Lehenengo saioetan, zauriak ezkutatzen dizkidate askok, eta, sarritan, ikusi egiten ditut. Halaber, badaude errepikatzen diren ezaugarri batzuk: emozioak kontrolatzeko zailtasunak izatea, estututa egotea eta bere egoeraz larrituta egotea, batik bat. Ezaugarri horiek kontsultara etortzeko prest daudenengan ikusten ditut.
Eta derrigortuta doazenen artean?
Kasu gehienetan arrazoi bat egoten da: alarma guztiak pizten dituen zerbait egin dute. Gurasoek arriskua sumatzen dute, eta umea derrigortuta etortzen da guregana. Oso arin nabaritzen zaio behartuta datorrenari. Haiekin hitz egiten hasten garenean, berehala sumatzen dugu sentimendu oso gogorrak dituztela. Lan oso pertsonala egin behar izaten dugu, eta oso ondo konektatzea inoiz baino garrantzitsuagoa izaten da. Minarekin konektatu, eta haren larruan jarri behar dugu.
Nork bere buruari zauriak eragiteari dagokionez, ba al dago arriskuaz ohartarazten duen faktorerik?
Orokorrean hitz eginez gero, baietz esan dezakegu. Nesken artean ohikoagoak dira lesio horiek mutilen artean baino. Emozioak kontrolatzeko gai ez izatea da faktorerik arriskutsuena. Emozioen kontrola galtzen dutenean egiten dituzte, normalean, lehen lesioak. Horrez gain, umeei gogorrak egiten zaizkien gertaerak ere izaten dira arriskutsuak, hala nola eztabaida gogorrak, familiako kideren bat txarto ikustea... Hala ere, argi utzi nahi dut kasu bakoitzak arrisku mota bat izaten duela eta arrisku bakoitzak desberdin eragiten diola ume bakoitzari.
Nola egiten duzu lan familiaren babesik ez duten umeekin?
Nahitaez lortu behar da familiaren babesa, ez dago beste aukerarik. Gaizki pasatzen ari diren umeak ingurukoen babesa behar dute. Familiarteko arazoetara bueltatu eta komunikazio estrategiak landu behar dira, betiere haien egoerara moldatuta. Lan estrategikoa egin behar da guraso horiek umearen egoera uler dezaten. Kontua ez da gurasoek ez dutela umea babestu nahi, baizik eta haren portaera horiei buruzko aurreiritziz beteta daudela. Horrek ez die egoera ulertzen uzten.
Nola eragiten dute sare sozialek gazteengan?
Nik izandako kasuetan oinarrituz, sare sozialek zuzeneko eragina dute gazteen jarreran eta pentsamoldeetan. Sareetan erakusten diren irudi gehienak itxura fisikoan baino ez dira oinarritzen. Osasun mentala gero eta gehiago aipatzen den arren, oraindik lan handia dago egiteko. Sareen bidez egiten den minak ondorio oso latzak izaten ditu, eta kaltetutako askok ez dute lortzen egoerari aurre egitea. Hala ere, batzuetan sare sozialek arazoak gainditzen ere lagundu diete gazteei. Sentimenduak erakusteko plataforma izan daitezke, eta beti saiatu behar dugu horien alderik onena ateratzen.
Nola aldatu duzu lan egiteko modua ogibide honetan hasi zinenetik?
Hasieran, gurasoa banintz bezala tratatzen nituen umeak. Urteek aurrera egin ahala, konturatu naiz funtsezkoa dela sentitzen duten horren zergatia azaltzea. Hasieran, unibertsitatetik nekartzan aurreiritziez josita nengoen; orain, konturatu naiz kasu bakoitzak bere arrazoiak dituela, eta horiek aztertzean jartzen ditut indar guztiak.
Zer estrategia erabiltzen dituzu umeekin konektatzeko?
Haien interes orokorrekin konektatzeak beti funtzionatzen du. Azkenaldian, youtuberrek eta influencerrek asko lagundu digute konexio hori lortzen. Terapia prozesuan erreferentziak edo adibideak jarriz gero, emaitzak arinago heltzen dira. Hurbiltasuna lortzeko, askotariko metodoak erabili behar ditut, eta une oro umeen ezaugarrietara moldatu.
Zer sentitzen duzu zurekin izandako ume batek hobera egin duela ikustean?
Batez ere, umeaz izugarri harro sentitzen naiz. Zientzian oinarritutako ezagutzak hobetzen lagundu diola ikustea benetan pozgarria da. Hala ere, prozesuaren meriturik handiena umeak dauka beti: hura da arazo gogor bat gainditzeko gaitasuna erakutsi duena. Psikologoen nartzisismoa albo batera utzi behar dugu. Hala ere, familiaren egoera aldatzeko egindako proposamenek emaitza daukatela sentitzeak nire ibilbideaz harro egotea eragiten dit.
Nola lortzen da kontsultakoa etxera ez eramatea?
Izugarrizko lanketa eskatzen du, eta zaintza pertsonala. Uste dut are gehiago zaindu beharko genukeela elkar. Nik, neure burua zaintzeko helburuari jarraituz, erabaki hauek hartu nituen: kasu zailak ahalik eta goizen jartzea, azken orduetan errazagoak izatea, eta oso argi edukitzea lanetik irten ostean zer egingo dudan. Azken hori ezinbestekoa da, planak oso argi badituzu, kontsultan kontatuko dizutenak ez baitizu egin beharrekoa aldatuko. Nekatuta edo jota iristen banaiz, deskonektatzen laguntzen didaten telesailak ikusten ditut.
Elena Huguet. Psikologoa
«Lehenengo saioan zauriak ezkutatzen dizkidate askok»
Beren burua zauritu duten umeekin egiten du lan Elena Huguet psikologoak. Ume horiek kontsultara zergatik jotzen duten azaldu du, baita haiekin nola lan egin behar den ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu