Emakumeek dituzten osasun ondoezek zein bilakaera izan duten aztertzea, eta osasunaren eta ahalduntzearen artean zein harreman dagoen determinatzea dira Pepa Bojok (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1962) egindako txostenaren helburu nagusiak. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta egin du ikerketa. Tailerretan parte hartutako 115 emakumek egindako inkestakdira txostenaren oinarria. 2018 erdialdetik 2019 erdialdera bitarte izan ziren eskola horiek, Gipuzkoan.
Azaldu duzu ahalduntze tailerrek eragina dutela emakumeengan. Zein alderditan da nabarmena aldaketa hori?
Aldaketa orokorren artean nabarmenena autoestimuan gertatzen dena da, batez ere generoaren sozializazioa zorrotza izan zen belaunaldietako emakumeen artean. Beren burua zaintzeari uzten diote emakume horiek, eta horrek eragin handia du autoestimuan. Emakume gazteagoek ez dute hezkuntza hori, baina dena egitera iritsi nahi dute, exijentzia maila handiz, eta horrek ere autoestimuan eragiten du. Askotan, autoestimua kanpoko norbaitek ematea bilatzen dugu, bikotekideak, zenbaitetan. Baina garrantzitsua da ikastea bakoitzak nahi duena zer den.
Beraz, bikote harremanetan ere eragina dute eskola horiek?
Ahalduntze prozesu pertsonal bat egitean, saihetsezina da hori. Eragingo die erabakiei, norbere burua kontuan izateari, bakoitzaren nahiak kontuan hartzeari, espazioei, denborei... Horren ondorioz, harremaneko akordioak berrikusi beharko dira, eta harremana mugituko da. Batzuetan, harremanak eraldatzen dira; besteetan, ez, bikoteak hautsi egin baitaitezke. Badira emakumeak [tailerren bidez] gertatzen ari zaienari izena jartzen ahal diotenak: konturatzen dira bizitzen ari direna tratu txarreko harreman bat dela.
Osasunean ere ondorioak daudela esan duzu.
Emakumeekin lanean hasi nintzenetik ikusi nuen osasun arazo askorekin etortzen zirela: depresioa, antsietatea, ondoeza... Tailerren ondoren, emakumeak lasaiago daude; beren egoera emozionalak lantzeko tresnak dituzte. Zer gertatzen zaien ulertzen dute, eta beren buruarekin gusturago sentitzen dira.
Urteak pasatu ahala, aldaketak egon dira emakumeek dituzten osasun arazoetan. Zerk eragin du hori?
Lan arloko baldintzak hobetu ahala, berdintasun baldintzak ere hobetuz gero eta emakumeok lan eremuan gure gaitasunak garatzeko aukera badugu, depresioak behera egiten du, baina antsietateak lekua hartzen du. Horrek erakusten du gizartea aldatzen ari dela. Baina hori hemengo [Gipuzkoa] irudia da, emakume jakin batzuena. Ez da argazki orokor bat.
Zein dira aipatutako aldaketak gertatzeko gakoak?
Tailerrak hainbat gairi buruzkoak izan daitezke, baina guztietan egon beharreko zenbait gauza daude. Batetik, guztia aztertzea begirada feminista batetik. Ahalduntze eskola batean, garrantzitsua da begirada feministak ulermena transmititzea. Bestela, norberari gertatzen zaiona arazo indibiduala dela pentsa dezakegu. Bestetik, berdintasunezko metodologia feminista lantzen da: emakume guztiek lekua dute; batek ez du besteak baino arrazoi gehiago; esperientzia guztiak onartzen dira. Errespetuarekin eta tratu onarekin.
Tratu onarekin?
Tratu onaren harremana lantzen dugu: gutxi ulertzen den kontzeptu bat da, ez baitu zerikusirik atsegina izatearekin. Esan nahi du batak bestea duintasunez tratatzen duela, bakoitzaren esperientziaren atzean dagoen garrantzia biltzen dela, ideia amankomunak bilatu behar direla eta berdintasunez tratatu behar dugula elkar.
Zer erreminta ematen dituzue horretarako?
Ahalduntze tailerretan hainbat tresna lortzen dira: analisi feministari lotutakoak. Tailer bakoitzaren araberakoak dira: emozioen kudeaketa, hobekiago komunikatzea... Erreminta jakinek ere ahalduntzen dute, eta segurtasuna ematen dute.
Tresna horiek izanda ere, eta aldaketak egon arren, beldurra eta errua presente daude ahalduntze prozesuetan.
Errua eta beldurra sozialki eragindako emozioak dira. Beldurra mekanismo bat da, gizarte batean inposatutako mugetatik haratago ez joateko. Beti egon da hor, gu geu izateko beldurra sentiarazi digute. Ahalduntze prozesuetan zenbait gauza desikasi behar ditugu, eta beste batzuk ikasi. Prozesu horretan ikasten da norbere buruarengan pentsatu behar dela eta mugak jarri behar direla, baina beldurra izaten da, eta errua sentitzen da. Alde horretatik, taldeak babesteko daude.
Egiten dituzuen tailerretan oso jende gazte gutxi dago.
Egia da, orokorrean, kostatzen ari da ahalduntze eskolak erakargarriak egitea neska gazteentzako. Baina gertatzen dena da jende gazteak badituela espazio feministak gauza hauetaz hitz egiteko eta eztabaidatzeko. Eta beste gai batzuk gustatzen zaizkie, adinagatik. Badirelako ahalduntze feministako eskoletan parte hartzen duten neska gazteak: autodefentsa feministako tailerretan, adibidez. Gogoeta egiten ari gara, beste adinetarako erakargarriak diren jarduerak ekartzeko.
40-69 urte bitarteko emakumeak, berriz, parte hartzaileen gehiengoa dira. Zergatik?
Helduenek espazio propiorik ez dutelako, eta gazteagoek behar dutelako gelditu, begiratu eta pentsatu. Galderak egiten dizkiote beren buruari, eta konturatzen dira zenbait gauza aztertzea beharrezkoa dela. Uste dut prozesu hori saihetsezina dela, badagoelako adin bat non zeure burua aztertzen duzun, zalantzan jartzen duzun eta espazio propioak behar dituzun.
Pepa Bojo. Psikoterapeuta
«Ahalduntze tailerretan hainbat tresna lortzen dira»
Ahalduntze tailerrek emakumeengan eragina dutela ondorioztatu du ikerketa batek. Aldaketa nabarmenenak osasun arloan, bikote harremanetan eta norbere autoestimuan gertatzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu