Raquel Esteban Terradillosek (Barakaldo, Bizkaia, 1982) nabarmendu duenez, basoak ezinbestekoak dira klima aldaketa arintzeko. Gaiaren inguruan EHUk uztailean antolatutako udako ikastaro batean parte hartu zuen, Bilbon: Egurretik harago, basoen rola eta landareen fisiologia aldaketa klimatikoaren efektuen arintzean izeneko hitzaldia eman zuen. Azaldu zuenez, zuhaitzek bioaniztasuna sustatzen dute, eta ezinbestekoak dira elikagaiak, zuntzak eta energiarako biomasa ekoizteko.
Landare ekofisiologoa da ofizioz Esteban. EHUko Landareen Biologia eta Ekologia saileko irakaslea izateaz gain, BEZ-Ekofisko ikerkuntza taldeko kidea da; klima aldaketak landareei eragindako «estres abiotikoa» aztertzen dute.
Zeintzuk dira basoen funtsezko zereginak?
Oxigenoa sortzen dute, ura erregulatu, eta hondamendi naturalen aurkako hesi funtzioa egin. Baina, batez ere, karbono dioxidoa harrapatzeko ezinbestekoak dira basoak. Are gehiago gaur egun, mundu osoan CO2-aren urteko batez besteko hazkundea azkartzen ari den honetan. Azken finean, basoak ez gaitu behar, baina gu basoaren mende gaude.
Zientzialariei eta ikertzaileei ez zaizue gustatzen katastrofistak izatea, baina egoera kezkagarria da, ezta?
Hala da. Ez dugu gustuko mezu katastrofikoak ematea, datuak sarri ez baitira oso zehatzak, eta horiekin ez dugu alarmista izan nahi. Halere, Josep Peñuelas Bartzelonako ikertzaileak artikulu batean adierazi du alarmistak izateko garaia iritsi dela, aurreikuspenak bizkortzen ari direla ikusten ari garelako; karbono dioxidoaren igoera da horren adibide.
Arazo larria eta globala da jadanik?
Bai. Azken boladan suteak ikusi ditugu Mediterraneo aldean, eta dozenaka pertsona hil dira. Tenperaturen igoera kaltegarria da pertsona zaurgarrientzat batez ere, hala nola gazteentzat eta adinekoentzat. Atmosferaren kutsadurak ere arazo kardiobaskularrak eragiten ditu osasunean. Gainera, eremu batean tenperatura jasanezinak izanez gero, migrazioak areagotu daitezke, eta horrek arazo politikoak eta ekonomikoak sor ditzake epe luzera.
Zenbateraino izan daiteke kaltegarria hirietan zuhaitzak moztea?
Zahartzen diren zuhaitzak ez dira seguruak, eror daitezkeelako. Halere, hiriek landaretza handia izan beharko lukete; ukaezina da. Udak gero eta beroagoak dira, eta zuhaitzek gerizpeak sortzen eta mantentzen laguntzen digute; hori funtsezkoa da, tenperatura asko jaisten delako.
Horretaz gain, gure ikerketa taldeak azpimarratu du zuhaitzen hostoek karbono dioxidoa xurgatzen dutela eta konposatu ugari harrapatzen dituztela. Beraz, ikusten ari gara zuhaitzen hostoak ezinbestekoak direla hirian kutsadura atmosferikoa harrapatzeko. Hiri garbitzaileak dira, alegia. Hori guztia dela eta, hiriek baso eremu zabalak izan beharko lituzkete.
Eukaliptoak landatzea ere gai eztabaidatsua izan da. Zergatik dira arriskutsuak?
Egia da eukaliptoa espezie oso erasokorra dela. Azkarregi hazten da, eta horregatik erabili ohi da. Berdin gertatzen da pinuarekin. Kanpotik sartzen diren espezie batzuk dira, izurriteen edo gaixotasunen eraginpean daudenak. Hortaz, garrantzitsua da modu misto batean landatzea, hau da, beste zuhaitz mota batzuekin. Beste herrialde batzuetan dagoeneko saiatzen ari dira horrela landatzen. Funtsezkoa da basoak egokiro kudeatzea. Esaterako, mozketa masiboak eragotzi beharko lirateke; izan ere, lurzoru guztia agerian geratzen bada, arazo bat izan daiteke.
Azken urteotan, asko hitz egin da espezie inbaditzaileei buruz ere. Zer arazo sortzen dute?
Euskal Herrian landare inbaditzaile asko dago. Ezagunena panpa lezka da: kentzen osozaila da, eta beste baldintza batzuetara ohituta dago. Espezie inbaditzaileak kalteberagoak izan daitezke klimaren ezaugarrien arabera.
Zure ustez, instituzioek gehiago egin dezakete baso kudeaketari dagokionez?
Bai, beti egin daiteke gehiago. Ezagutza zientifikoa kontuan hartzeko ordua iritsi da, nahiz eta batzuentzat deserosoa izan, ekonomiaren edo nekazaritzaren aurka doalako. Egoera iraultzen hasi behar dugu eskuragarri daukagun ezagutzarekin; bestela, kolapsora iritsiko gara.
Ikerkuntzara bideratutako finantzaketa eskasa dela pentsatzen duzu?
Ez dakit zenbat diru bideratzen den basoen kudeaketa ikertzera. Dena den, oreka bat bilatu behar da gal daitekeenaren eta onuraren artean. Behar-beharrezkoa da etorkizuneko ikuspegi bat izatea.
Zer ideia helarazi nahi diozu ikastarora etorri den jendeari?
Batetik, nik argi utzi nahi dut aurrez informazio nahikoa edukita hartu behar direla erabakiak, ikerketetan eta datuetan oinarrituta. Bestetik, helarazi nahiko nuke arazoak konplexuak eta maila globalekoak direla, eta, beraz, irtenbideak ezin direla sinplistak izan. Ezin duzu pentsatu zuhaitzak landatuta arazoa konponduta dagoela, dena askoz konplexuagoa baita.
Raquel Esteban. EHUko Landareen Biologia eta Ekologia saileko irakaslea
«Basoak ez gaitu behar, baina gu basoaren mende gaude»
Tenperaturak gero eta gehiago igotzen ari diren honetan, basoen garrantzia nabarmendu du Estebanek. Klima aldaketari aurre egiteko ezagutza zientifikoa kontuan hartzeko eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu