Martxoan urte bat bete du EliaElhuyarren itzultzaile automatikoak. Amaia Jauregi (Tolosa, Gipuzkoa, 1984) Elhuyarreko Itzulpengintzarako Teknologietako arduraduna da, eta «pozik» dago Eliak gaur egunera arte izan duen garapenarekin. Hemendik aurrera ere hobetzen jarraitzea aurreikusten du, kalitatezko zerbitzua eskaintzeko.
Nolakoa izan da Eliaren ibilbidea?
Urtebete egin du Eliak, baina, berez, 2019ko azaroan jarri genuen martxan Itzultzailea izenarekin; orduan, bi urteko ibilbidea egin du dagoeneko.
Urtez urte, erabilera goraka doa. Pandemia garaian, esaterako, erabilera asko igo zen, eta hortik mantentzen ari gara erabiltzaile kopurua, eta goraka doa. Alde horretatik, pozik gaude. 2021ean, egunean batez beste milioi bat hitz baino gehiago itzultzen ziren; guretzat oso emaitza ona da hori.
Zergatik egin zenuten aldaketa?
Itzultzailea izena zabalegia zen; besteak ere itzultzaileak ziren, eta izena generikoegia iruditzen zitzaigun. Eliak Elhuyarren itzultzaile automatikoa esan nahi du; guk barruan horrela deitzen genion, eta, aldaketarekin, hori nolabait kanpora atera genuen. Garai horretan, Elhuyar marka aldaketa prozesu batean sartuta zegoen, eta, izen berriarekin, bultzada bat ematen saiatu ginen.
Izenaz gain, egin zenuten beste berrikuntzarik?
Bizkortasunean egin genuen hobekuntza: martxan jarri genuenean baino lau aldiz azkarrago itzultzen du orain Eliak. Horrek esan nahi du azpitik dagoen teknologia etengabe hobetzen jarraitzen dugula.
Itzultzaileak hamabi milioi itzulpen eskaera baino gehiago izan zituen 2020an. Eliak datu hori hobetu du?
Uste dut alde horretatik helburuak lortu direla: gero eta gehiago erabiltzen da zerbitzua, eta gure helburua da Espainiara gehiago zabaltzea.
Gainera, gero eta bezero gehiagok eskatzen digute zerbitzua; gero eta demanda gehiago daukagula ikusi dugu. Gure ustez, kalitatezko itzulpen automatikoa eskaintzen dugu, eta hori edozein aplikaziotan txertatzeko aukera.
Sei hizkuntzaren arteko itzulpenak egiten ditu Eliak. Zein erabiltzen da gehien?
Dudarik gabe, gaztelania-euskara bikotea, eta hurrengoa, euskara-gaztelania da. Argi dago gure itzultzailea erabiltzen dutenak euskararen munduan lan egiten duten entitateak direla.
Eliak berrikuntzak dakartza bere lehenengo urteurrenean. Zeintzuk dira?
Lankidetza harreman bat sinatu genuen Puntueus-ekin, ingurune digitalean euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin. Lankidetza horretan, adibidez, Wordpress-erako plugin bat garatu zen. Horrela, zure webgunea Wordpressekin garatuta badago eta Puntueus domeinua baldin badu, euskarara dohainik itzultzeko aukera daukazu.
Wikimedia fundationekin ere sinatu genuen hitzarmen bat. Horri esker, Wikipediako editoreek Elia erabili ahal izango dute edukiak sei hizkuntza hauen artean itzultzeko —euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta galegoa—.
Itzulpenak pertsonalizatzeko aukera ere jarri duzue martxan.
Itzulpen automatikoak eboluzio bat egin du. Orain dela hamar urte, adibidez, euskarazko itzultzaile automatikoen kalitatea oso txarra zen, baina, gaur egun, itzultzaile neuronalekin oso kalitate ona eskaintzen da. Orduan, hobekuntzak proportzioan ez dira lehen bezain handiak.
Pertsonalizazioarekin, baina, itzultzaile automatikoari kanpoko jakintza bat ematen diozu, zera esanez: «Nik nahi dut hitz hau horrela itzultzea». Horrela, berak aurretik daukan jakintzari erabiltzaileak kanpotik ematen diona gehitzen zaio, eta saiatzen da moldatzen eta beste modu batera itzultzen.
Aukera hori eskaintzen duen euskarazko lehenengo itzultzaile automatikoa da.
Ikerketa mailan, orain, pertsonalizazioa dago boladan. Estatu mailako beste itzultzaile batzuek dagoeneko txertatu dute pertsonalizazio aukera, baina euskarazko beste itzultzaile batzuek ez dute aukera hori eskaintzen. Guretzako garrantzitsua da gu lehenengoak izatea hori eskaintzen, esan nahi duelako ikerketa mailan puntakoa dela eta gu hor gaudela.
Badaude berrikuntza gehiago?
Zerbitzua etengabe hobetzen jarraitzen dihardugu. Horren erakusgai izan da hiztegi pertsonalizatuarena, baina, horrez gain, berrikuntza dexente aurreikusten ditugu. Horien artean, Eliaren aplikazioa plataforma ezberdinetan erabiltzeko aukera dago. Horrela,hiru sistema eragileetarako —Windows, Linux eta Mac— aplikazio berriak sortuko ditugu. Beraz, mahaigaineko aplikazio bat izango da, ordenagailuan instalatuko dena. Laster tekla baten bidez, zuzenean irekiko da aplikazioa, eta erabiltzaileek ez dute webgunera joan beharko; zuzenean egin ahal izango dute itzulpena.
Aurrera begira nola ikusten duzu Elia?
Oraindik ere ikerketan jarraitzen dugu, eta, ez dizut esango zer diren, baina prest dauzkagu produkzioan jartzeko egokitzapen batzuk. Beste hainbat garapen ere egiten ari gara, baina ez dut spoiler-ik egin nahi; [barreak] oraintxe esan dizut bat. Ez gaude geldirik. Une oro ari gara Elia itzultzailea hobetzen, bai ikerketan, bai hizkuntzan eta teknologian; kalitatezko zerbitzua eskaintzen, eta bezeroen beharrak asebetetzen.
Seinale ona izango litzateke oraina arte bezala jarraitzea, hobetzen. Egia da Euskal Herriko merkatua dena dela; euskararekin, ezin duzu kristoren bilakaera egin. Gure helburua da kalitatezko zerbitzua ematen jarraitzea eta bezeroei behar dutena ematea.
Amaia Jauregi. Elhuyarreko Itzulpengintzarako Teknologietako arduraduna
«Ez gaude geldirik. Une oro ari gara Elia itzultzailea hobetzen»
Duela urtebete sortu zuten Elia Elhuyarren itzultzaile automatikoa. Urteurrenarekin batera, zenbait berrikuntza iragarri dituzte, besteak beste, itzulpenak pertsonalizatzeko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu