Koronabirusa. Ines Olza. Nafarroako Unibertsitateko ikertzailea

«Herritarrak soldadutzat hartu izanak gaitzespena eragin du»

Krisia hasi zenetik politikariek eta kazetariek hizkera belikoa gehiegi erabili izana kritikatu dute hainbat ikertzailek. '#ReframeCovid' egitasmoa martxan jarri dute, alternatibak proposatzeko.

BERRIA.
Paulo Ostolaza.
2020ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Ines Olza Nafarroako Unibertsitateko Kultura eta Gizarte Institutuko ikertzailea da, eta, dioenez, ibilbidea hasi zuenetik interesatu izan zaizkio «metaforak eta irudizko lengoaia». Jakintza arlo horri lotuta sortu du orain, beste ikertzaile batzuekin batera, #ReframeCovid egitasmoa. Helburua da hizkera belikoaren alternatibak proposatzea koronabirusaren krisiari buruz jarduteko.

Nola sortu zen #ReframeCovid egitasmoa?

Twitterren sortu zen. Txiokatu nuen metafora belikoaren gehiegizko erabilera sumatzen nuela, eta bazen ordurako antzeko gauzak idatzi zituen jende gehiago. Koronabirusaren krisiari buruz jarduteko metafora eta esparru alternatiboak proposatu nituen, eta, gainera, Espainian hizkuntza kognitiboa lantzen duten beste zenbait ikertzaile ere aipatu nituen. Haiek ere zabaldu zuten Twitterren, eta, azkenean, Europako hainbat herrialdetako ikertzaileak batu ziren egitasmora. Dokumentu batean bildu genituen gerrako hizkera horren alternatibak izan zitezkeen hainbat irudi eta metafora.

Zehazki zeri buruz ari zarete hizkera belikoari buruz ari zaretenean?

Bizi dugun egoera gerrako terminoetan lantzeari buruz, igortzen dizkiguten hainbat mezutan antzeman dezakegun bezala: «gerran gaude», «soldaduak gara», «gure etxea lubakia da», «guda hau oso gogorra izango da», «irabazteko grina izan behar dugu»... Egoera hau ez da gerra bat, eta horri buruz hala balitz bezala jardutea metafora bat egitea da. Metafora baten bidez egiten duguna honako hau da: buruan esparru bat sortu, eta errealitate bati gainjarri. Gertatzen ari dena gerra bat balitz bezala ikustea proposatzen digu diskurtso horrek, eta errealitatea ez da hori; badaude bizitzen ari garenaren alderdi batzuk gerra baten antza dutenak agian, baina beste batzuk, ez, eta kontuz ibili behar da esparru horrek sor ditzakeen emozioekin eta sentsibilitateekin. Inoiz ez dira positiboak izaten, eta uste dut konfinamendu garaian eragin kaltegarriak izan ditzaketela.

Gerraren metaforan, beti etsai batek egon behar du. Nola islatzen da hori egungo egoeran?

Alerta eta zaintza egoera handia sortzen da, eta guztiok dakigu, ustez behintzat, koronabirusa dela etsaia. Kontua da, momentu batetik aurrera, larrialdi egoera errespetatzen ez duen oro ere etsai bihur daitekeela. Hori, hein batean, normala da, eta ez du zertan gerrako metaforen ondorio izan: ni etxean egotera behartzen banaute, eta ikusten badut albokoa kalera irteten dela... normala da hura seinalatzea. Ohiko joera da, baina metaforek laguntzen dute hori indartzen.

Landu dituzuen metafora alternatiboen artean zein nabarmenduko zenituzke zuk?

Adibidez, bizi duguna bidaia bat edo bide bat dela dioena: guztiok jarraitu behar dugu aurrera egiten bide honetan; batzuk aurretik doaz guri bidea egiten laguntzen; beste batzuk, atzetik, eta guk hartu behar dugu haiei laguntzeko ardura; oztopoak dituen bide bat da, baina aurrera egiten jarrai dezakegu. Metafora horrek lagundu diezaguke, adibidez, elkartasun sentimenduak indartzen; hau da, konfinamendua errespetatzen ari denari sentiarazten albokoa laguntzen ari dela.

Hala ere, aitortu behar dut ohikoa dela gerrako metaforak erabiltzea, guztiok erabiltzen baititugu askotan. Arazoa sortzen da metafora horiek epe luzez erabiltzen ditugunean. Krisiaren hasieran, larrialdi egoera ezarri eta etxetik ez mugitzeko konbentzitu behar izan gintuztenean, ez zegoen gaizki alerta hori aktibatzea. Epe luzez luzatuta, ordea, soldaduak garela esateak gaitzespen orokortu bat eragin duela uste dut, iritzi politiko ezberdinak dituztenenen artean, gainera.

Beraz, uste duzu erabilgarri izan daitekeela gerraren metafora, baina orain eraginkorragoak izan daitezkeela diskurtso baikorragoak.

Bai. Gizartea bateratzeko eta motibatzeko, konbinatu egin behar dira metafora belikoak eta bestelakoak. Gainera, hiru aste baino gehiago igaro behar izan dira konfinamenduaren ondorio positiboak ikusten hasteko; borrokan ari garela esan beharrean elkarrekin zerbait eraikitzen ari garela esanez gero, saihestu genezake frustrazio sentsazioa ere. Frustrazioa eta antsietatea izan ohi dira metafora belikoak gehiegi luzatzearen ondorioak.

Metafora belikoen erabilera nork orokortu duela esango zenuke? Komunikabideek ala erakundeek?

Biek, eta maila berean, gainera. Dena den, egia da denbora bat igarota hainbat komunikabide hasi direla hizkera horri uko egiten, eta geroz eta gehiago dira metafora belikoak saihesteko diotenak. Gure egitasmoan interesa erakusten ari dira komunikabideak, eta ari dira gizarteak metafora horrekiko erakusten duen sentsibilitatea islatzen. Politikariek ez dut uste hala egin dutenik.

Joan den astean, Espainiako armada Iruñean izan zen, eta, larrialdi egoera hasi zenetik, handitu egin da haien presentzia kalean. Badu loturarik hizkera belikoaren erabilerarekin?

Uste dut metafora hauek erabiltzearen arduraduna ez dela armada, baizik politikariak eta kazetariak. Halere, egia da prentsaurrekoetan geroz eta gehiago ikusi ditugula militarrak, Espainiako ministroen bilkuren ostean adibidez. Ez da ohiko irudia, eta horri gehitzen badiogu kalean ere soldadu gehiago ikusi ditugula, gizarteak senti dezake giroa militarizatzen ari dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.