Unai Jimenez. Apustu etxeen aurkako Iruñerriko plataformako bozeramailea

«Apustu etxeak gizartea otzan mantentzeko baliabideak dira»

Koordinakunde bakarrean bildu dira apustu etxeen aurkako Iruñerriko talde guztiak. Indarrak batzeko garaia dela uste dute, «ludopatiaren munstroari aurre egiteko bide bakarra» delakoan.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Ongi ezagutzen du kirol apustuek eta ausazko jokoek eragin dezaketen kaltea, bere herriko gazte asko ikusi baititu ludopatiaren sarean harrapatuta. «Edozein gauza lapurtu eta Interneten saltzen ibiltzen dira, apustuetan pilatutako zorrak kitatzeko». Auzia «oso serioa» dela uste du Unai Jimenezek (Berriozar, Nafarroa, 1996). Abenduan aurkeztu zuten apustu etxeen aurkako taldeen Iruñerriko koordinakundea, eta lehen bilera egin dute jada Nafarroako Gobernuarekin.

Zergatik erabaki duzue Iruñerriko talde guztiak koordinakunde bakarrean biltzea?

Gure asmoa da tokian tokiko talde bakoitzak dituen gaitasunak eta baliabideak gainditzea eta, indarrak batzeko filosofiarekin, aurrerako urratsak egitea. Finean, aurrean dugun etsaia ez da nolanahikoa. Ez dira apustu etxeak bakarrik: online jokoak, txanpon makinak, loteriak, kasinoak... Milioiak mugitzen dituen negozio bat da, eta atzean dauka sekulako sostengu instituzionala eta baliabide ekonomiko ia mugagabeak. Hortaz, auzo eta herri askotan apustu etxeen aurkako taldeak sortzen ari zirela ikusita, horiek guztiak saretzea erabaki genuen, mobilizazioak eta lan ildoak koordinatzeko eta baliabide urrieneko taldeei laguntzeko.

Bide orria ere diseinatu duzue?

Gure helburu nagusia da negozio hauek itxiaraztea, baina hori ezin da aste gutxi batzuen buruan egin. Argi dugu aldarrikapen hutsez harago garaipen txikiak lortu behar ditugula. Auzoz auzo, urratsez urrats. Garaipenak lortu ahala, pisua, erreferentzialtasuna eta giharra ere lortuko ditu plataformak, une batean apustu etxeei begietara begiratu eta esan ahal izateko: «Kito. Honaino».

Apustu etxeen aurka gero eta talde gehiago daudela diozu. Jendea kontzientzia hartzen ari den seinale?

Berriozarren, adibidez, bizilagunen kezkaren eraginez sortu zen plataforma, herrian beste apustu etxe bat zabalduko zutela jakin zenean hasi baitzen jendea larritzen. Oro har, baina, ez dut uste gizarteak kontzientziazio altuagoa duenik orain. Aitzitik, apustu etxeek gero eta bezero gehiago dituzte, gero eta areto gehiago ari dira zabaltzen, eta ludopatia kasuek gora egin dute. Gure inguruan denok dugu lagun edo senideren bat ludopatiak jota. Datuak ez dira baikor izateko modukoak.

Enpresek langile auzoetan zabaldu ohi dituzte joko aretoak. Iruñerrian ere hala al da?

Aurrekoan, horren gaineko gogoeta egin genuen elkartean, hain zuzen. Espainiako Estatuko joko aretoen mapa bat igorri ziguten, eta gehienak oso ezaugarri ezberdineko erkidegoetan daudela ikusi genuen: Madril, Andaluzia, Katalunia, Hego Euskal Herria... Ezaugarri komun bakarra dute: gehientsuenak langile klaseko auzo nahiz udalerrietan zabaldu dituzte, erosahalmen urriena duten tokietan, hain zuzen. Eta egia da ludopatia ez dela langileei soilik eragiten dien arazo bat; hori baino hedatuago dago, baina larritasun maila ez da inondik inora berbera milionario batentzat edo langile batentzat. Apustu etxeak, finean, sistemak duen baliabide bat besterik ez dira, gizartea otzan mantentzeko: jokoari katigatuta, mozkortuta, sosik ia batere gabe eta inguruan dugun errealitateari jaramonik egin gabe.

Koordinakundea osatuta, zein dira zuen hurrengo urratsak?

Mobilizazio jardunaldi bat antolatu dugu otsailaren 8rako, eta hori izanen da Iruñerriko plataforma guztiok batera eginen dugun lehen ekitaldi handia. Hortik aurrera, tokian tokiko hainbat dinamika abiaraziko ditugu, kontzientziazioa ardatz hartuta.

Zertan datza apustu etxeen eta enparauen arrakasta?

Baliabide zenbakaitzak dituzte: hedabideetan, haur eta gazteen erreferente diren kirolariak, aktoreak edota aurkezleak kontratatu eta publizitate kanpaina bortitzak finantzatzeko; eta maila apalago batean, auzo eta herrietako lokalak oso erakargarri egiteko. Horrez gain, baina, babes izugarria jaso izan dute erakunde publikoen aldetik. Aintzat hartzeko modukoa da apustu etxeen irabazien zati handi bat administrazioak bereganatzen duela. Ez da oraingo kontua, dena den. Urrunegi joan gabe, EAJk berak urteak eman ditu negozio horiei hauspoa ematen.

Nafarroako Gobernuarekin batzartu zarete berriki. Nola joan zen eta zer eskatu zenioten?

Asmo ona eta elkarlanerako gogoa helarazi zizkiguten. Ez da gutxi. 2007ko jokoaren legea aldatzeko asmoa ere adierazi zuten, eta begi onez hartu zituzten gure proposamenak: besteak beste, joko enpresen iragarkiak mugatzea, aretoen ordutegia murriztea eta enpresei zergak igotzea. Argi dugu, dena den, gobernua dela eta enpresen interesak ere aintzat hartuko dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.