Koronabirusa. Andreas Schleicher. OCDEko Hezkuntza saileko arduraduna

«Konfinamenduak ikasleen arteko arrakala sakonduko du»

OCDE erakundeko eledunak kezka agertu du konfinamendu luzeak ikasleengan izanen duen eraginarengatik. Konpromiso handiagoa eskatu du, hezkuntza «lehentasuna» dela iritzita.

ANA MARQUEZ / EFE.
Ion Orzaiz.
2020ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Hezkuntzaren alorrean «orain arteko paradigma» aldatu beharra dagoela uste du Andreas Schleicher (Hanburgo, Alemania, 1965), OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko Hezkuntza arduradunak. Irakasteko molde berriak aldarrikatu ditu, eta «bazterrean direnentzako laguntza gehiago».

Ikasle gehienak ez dira eskolara itzuliko irailera arte. Nola eraginen die horrek?

Askotariko eraginak izanen ditu egoera honek guztiak, epe motzean nahiz luzean. Epe motzean, kalte soziala izugarria izanen da, eta egoerarik makurrenean diren ikasleek pairatuko dituzte ondorio okerrenak: askok ez dute baliabiderik, ezta teknologia erabiltzeko aukerarik ere, eta, giro horretan, ez dute behar besteko motibazioa edo erresilientzia hezkuntza prozesuari beren kabuz eusteko. Hori dela eta, uste dut pandemiaren osteko lehen faseetan, bederen, sakondu eginen direla ikasleen arteko arrakalak. Dena ez da txarra izanen, ordea, eta epe ertainean nahiz luzean, espero izatekoa da konfinamenduaren onura batzuk ere antzemanen ditugula.

Adibidez?

Orain arte, ikasleak ohituta zeuden irakasleen azalpenen zain egotera. Eskutik helduta ibiltzera, alegia. Orain, beren kabuz ikasi behar dute: ikasketa tresna propioak ezarri eta beren garapena neurtu. Behartuta daude ikasketa prozesuan independenteagoak izatera. Aldiz, maisu-maistren betebehar nagusia jada ez da ikasgela baten aurrean hitz egitea: orain, irakasleak bihurtu dira aholkulari, entrenatzaile, ebaluatzaile, bideratzaile... Uste dut gelan izan ohi duten zereginaz haratago doazela. Gustatuko litzaidake, aurrerantzean, gure eskola-sistemak erresilienteagoak izanen balira, eta teknologia bihurtuko bagenu gure irakasteko eraren parte.

Orain arte indarrean izan diren formula batzuk eraitsi, beraz?

Bai. Finean, eskolak ez du zertan izan leku fisiko bat, testuinguru askotan gertatzen ahal den jarduera bat baizik. Ikastea da toki desberdinetan gerta daitekeen zerbait, ez ikasgelan bakarrik.

Baliabide urriko ikasleentzat eta familientzat, ordea, ia ezinezkoa da hori praktikara eramatea. Batzuek ez dute ordenagailurik edo Interneterako konexiorik ere. Nola berma daitezke ikasle horien eskubideak?

Hori da, hain zuzen, gure hezkuntza sistemaren erronka handienetako bat. Familia aberats batean sortua bazara, konfinamenduaren kontu hau guztia askatzailea eta, are, zirraragarria izan daiteke: aukera duzu zeure kabuz ikasteko, etxean, nahi duzun erritmoan... Alta, familia pobre batean jaiotakoa bazara, arazo asko sor diezazkizuke egoera honek. Hortaz, eskolek ahaleginak bikoiztu beharko dituzte laguntza behar duten familiengana iristeko. Nolabait, ikaskuntzak gizartearen helburu izan behar du, ez soilik eskolari lotutako proiektu bat. Gurasoek, eskolek eta irakasleek bat egin beharko dute, bazterrean direnei laguntzeko.

Eta gobernuek? Hezkuntzari behar duen lehentasuna ematen ari al zaizkio?

Gustatuko litzaidake zerbait gehiago eginen balute. Mundu osoko hezkuntza sistemek asko sufritu dute, eta eskolak ixteak eragin iraunkorra izanen du eragile guztiengan. Beraz, gobernuek egin beharko lukete ahalegin handiagoa. Ongi dago ekonomia zaindu nahi izatea, baina argi izan beharko genuke gaurko eskoletan daudela biharko gizartea eta biharko ekonomia. Zaindu ditzagun, beraz. Larritasunak ez dezala estali benetan garrantzitsua dena.

Eskolek autonomia handiagoa beharko lukete, ikasleen beharrei erantzuteko?

Bai. Malgutasuna eta autonomia oso garrantzitsuak dira, baina lankidetza giro baten barruan, betiere. Autonomiak ez du esan nahi eskolek edo irakasleek bakartuta lan egin behar dutenik. Ezinbestekoa da lankidetza, esperientziak eta jakintzak partekatzen dituzten profesionalen eta eragileen artean.

Ikasle gehienek ikasturtea gaindituko dutela adierazi du Espainiako Gobernuak. Erabaki egokia iruditzen al zaizu?

Galdera zaila da hori. Batetik, ikasle guztiak desberdinak dira, behar eta erritmo propioak dituzte, eta, ikasturtea errepikatzera behartuz gero, estigmatizatuko genituzke. Era berean, ebaluazioa kenduko balitz, arriskua dugu belaunaldi oso bat estigmatizatzeko. Ikasle guztiek ikasturtea automatikoki gaindituko balute, horrek urardotu eginen luke ebaluazioaren kontzeptua bera. Zaila da orekari eustea: batetik, hezkuntza ebaluagarriaren beharrari eustea, eta, aldi berean, larrialdi egoera ezohiko hau gainditzea.

Hortaz, nola egin daiteke ebaluazioa?

Ez, behintzat, estandarrak murriztuz. Helburua ezin da hori izan, atzean geratzen ari diren ikasleei ematen zaien laguntza areagotzea baizik.

Zeintzuk dira krisi honetatik ikas daitezkeen lezioak?

Zaila da etorkizunak zer ekarriko duen igartzen saiatzea, baina ildo nagusi batzuk antzeman ditzakegu. Lehenik, ikasten jarraitzeko gai izan ez diren ikasleak zaindu behar ditugu, eta haiekin lan egin. Beste ikasle batzuek, aldiz, ikasi dute beren kabuz lan egiten; beraz, interesgarria izan liteke baliabide eta teknika horiek ikasgeletan ere aplikatzen hastea. Irakasleei dagokienez, espero dut batzuk konturatzea irakaskuntza ez dela soilik edukiak ematea, baizik eta ikasleekin besoz beso aritzea, beren banakako beharrak ulertuz eta lagunduz. Krisi honen ostean, nahiago nuke aurreko statu quo-ra itzuliko ez bagina, eta sistema hori gaindituko bagenu. Sarritan, krisi sakon baten ondorioz gertatzen dira benetako aldaketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.