LIBURU AURRERAPENA

Luhusokoak

Enekoitz Esnaolak 'Luhuso. ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna' liburua aurkeztuko du abenduaren 4an, Baionan. Aieteko konferentziatik desarmatze egunera arteko saioak eta beste kontatu ditu, Luhusokoa barne. Berritasunak eta ahots asko dakartza.

2017ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Ardurarena berritasun handia zen. Gizarte zibileko hiru lagunek [Txetx Etxeberrik, Mixel Berhokoirigoinek eta Michel Tubianak] pentsatzen zuten Parisentzat errazagoa izango litzatekeela armagabetzeaz eurekin hitz egitea, ETArekin hitz egitea baino.

Etxeberriren-eta gutun bakoitzaren lanketa kolektiboa izan zen. Hitz guztiak neurtzen zituzten. Hirurek sinatu behar zutenez, edukian eta idazkeran hirurak ados egotea nahitaezkoa zen. Euskaraz eta frantsesez egin zituzten. Gutunez gaiz, filosofiaren testua ere bazen; urriaren 25ean osatu zuten. Azken batean, armagabetze osoa, ordenatua, egiaztatua eta baldintzarik gabea nahi zuten, eta uste zuten haren ondorioz gatazkaren ondorio guztiak jorratu behar zirela, errespetuz eta elkarrizketaz: biktimak, euskal presoak eta beste. Garbi zeukaten desarmatzearenak inplikazioa eskatzen zuela, eta nahi zuten instituzioen, hautetsien eta gizarte zibilaren parte hartzea eta lankidetza. Horiek irizpideak. Ados ETA.

Parte logistikoa ere prestatu behar zuten, eta jende bat horretara egon zen; etxeak eta jende bat lotzen, adibidez. Lan politikoa egina zutenez, ETAren bigarren gutunetik aurrerako lana teknikoa izan zen, aurrez ere zerbait egina zuten arren: hitzorduak finkatu armak hartzeko eta informazio batzuk eskatzeko, armak zulatzeko makinak erosi… Bazekiten armategia nola jasoko zuten: kaxetan, giltzarrapoekin, armak itsasgarriarekin eta gantzarekin; nolakoa izango zen lehergaien eta armen egoera, eta abar. Azkeneko bi hilabeteetan jaso zuten informazio hori. Herria eta tokia ere hautatuak zituzten: Luhuso, Errekartea baserria.

Eguna jartzea falta zen. Hainbat aldagai hartu zituzten kontuan Berhokoirigoinek eta.

Hasteko, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondoren egingo zuten, Luhusokoa boz garaian eginez gero inork ez emateko kutsu elektoral bat edo. Urkulluk uztailaren hondarrean deitu zituen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hauteskundeak irailaren 25erako.

Frantziako presidentziarako hauteskundeak gertu ziren; lehen itzulia, 2017ko apirilaren 23an. Haren aurretik egin nahi zituzten desarmatze saioa eta ondoko mugimenduak, eta kanpaina apirilaren 10ean hasiko zen. Gainera, PS gobernuan zen alderdia beheraka zihoan inkestetan, eta, gero zer gerta ere, lehenago egin nahi zuten ekinaldia. Aldakorra eta ezegonkorra zen egoera Frantzian. LR-ren primarioetan Alain Juppe zen faboritoa, baina François Fillon gailendu zen. Ondotik, Fillon jotzen zuten bozak irabazteko hautagai nagusi, baina auzi batengatik haren aukerak murriztu egin ziren, eta, gora egitearren, kanpainan oso eskuineko diskurtsoa erabili zuen. Hobe, beraz, armagabetzearen saialdia hauteskundeen aurretik egitea.

Dena dela, armagabetze data hautatzeko beste faktore bat: ez zuten nahi eskuinaren primarioen garaian egiterik Luhusokoa, ez zedin instrumentalizatua izan. LR-ren barne bozak 2016ko azaroaren 20-27 artean izan ziren. PSren primarioak, berriz, urtarrilaren 22-29an.

Bi albiste garrantzitsu gertatu ziren 2016. urtea bukatu baino lehenago. Batetik, François Hollande presidenteak abenduaren 1ean jakinarazi zuen ez zela berriro aurkeztuko. Espainiako diplomaziarekiko distantzia bat hartuta, kargua utzi artean euskal gatazkaren konponbiderako eskuak libreago izango zituela uste zuten Berhokoirigoinek eta. Bestetik, Manuel Valls lehen ministroak abenduaren 5ean postua utzi zuen, PSren primarioetara aurkezteko. Euskal Herriko auzietan aurkari amorratua zen Valls. Hala ere, abenduaren 1erako erabakita zuten Luhusokoaren data; pixka bat lehenago erabaki zuten, baina ez dute data zehatza gogoan ez zuten deus apuntatzen.

Beste albiste inportante bat jazo zen 2016ko abenduaren 6an: Hollandek lehen ministro Bernard Cazeneuve izendatu zuen. Vallsekin alderatuta, Luhusokoa egitera zihoazenek uste zuten Cazeneuvek gauzak kudeatzeko beste modu bat zuela, beste inteligentzia politiko eta humano bat. Etxeberrik ezagutzen zuen Cazeneuve. 2015eko azaroaren 30etik abenduaren 11ra arte, Parisen Klima Aldaketaz NBE konferentzia (COP21) zen egitekoa, eta Alternatibak hainbat ekinbide antolatu zituen garai hartarako Frantziako Estatuan. Azaroaren 13an, Parisen Bataclan dantzalekuko-eta atentatuak egin zituzten jihadistek, eta gobernuak Alternatibaren manifestazio denak debekatu zituen. Bilerak eta bestelako harremanak egin zituzten Barne Ministerioarekin; ministroa Cazeneuve zen. Eta haren taldean zen Eric Morvan. Etxeberri Cazeneuverekin zuzenean behin bildu zen, Morvanekin beste behin, eta kabinetearekin harremana ukan zuen. Ados jarri ziren gauza batzuk molde batera egiteko.

Berhokoirigoinek ere ezagutzen zuen Morvan pertsonalki. Hau 2008-2010 aldian Baionako suprefeta izan zen; EHLGren auziaren garaian, justuki. Estatuaren ordezkari gisa, elkartearen aurka zen, baina izan zituzten hartu-emanak. 2009ko urtarril hasieran, Baionako geltokian zen Berhokoirigoin, Pariserako gaueko trenaren zain. Morvan pasatu zen haren aurretik suprefeta ere trena hartzekoa zen. Agur minimo bat egin zioten elkarri. Hamar metro egin, itzuli eta Berhokoirigoinengana joan zen suprefeta: «Nire eginbidea ez nezake bete ez badizut urte ona desiratzen, nahiz eta, dirudienez, zuretzat ez den urte ona izanen». Iltzatua du esaldia Berhokoirigoinek. EHLGko orduko buruak urtarrilaren 29an Baionako Auzitegian behar zuen; elkartea ilegalizatu eta bera kondenatu nahian zebilen estatua galdu egin zuen epaiketa Parisek. 2010ean, berriz, Morvan Baionako suprefeturatik joan zelarik, Garapen Kontseiluak haren ohoretan zeremonia bat antolatu zuen. Zalantzak izan arren, han zen Berhokoirigoin. Ekitaldi ofiziala bukatu zenean, Morvan joan zitzaion, eta esan zion estonatua zela hor ikusteaz eta estimatzen zuela urratsa. Justuki, Berhokoirigoinen-eta lehen gutunaren egun berean hartu zuen Morvanek Pirinio Atlantikoetako prefetaren kargua: 2016ko urriaren 3an, Pauen.

Aldaketa garrantzitsua, beraz, Frantziako boteregunean.

Espainian, aldiz, Mariano Rajoy urriaren 29an izendatu zuten berriro gobernuburu; zaharra berri.

Luhusokoaren eguna jartzeko norberaren lan agenda ere hartu behar zen kontuan ez gutunen hiru sinatzaileenak bakarrik, eta ondorioa zen ostiral batean egin beharko zutela armagabetzearen ekinaldia.

Horretaz guztiaz gain, Gabonengatik urte bukaera ez zenez egokiena, abenduaren erdialdea markatu zuten gorriz. Hortxe data: 2016ko abenduaren 16a. Eragozpenik ez ETAk.

Eta heldu zen abenduaren 16a. Errekartean armategiaren bigarren bideorako grabazio lanak egin, eta, bost minutuko atsedena eskatuta, Etxegarai zigarreta bat erretzera atera da alboko gelara. «Polizia! Polizia!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.