Euskadi Irratia da entzuleen kutunena, inkesta baten arabera

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako entzuleek euskarazko irratia goraipatu dute zenbait alorretan

urtzi urkizu
Donostia
2020ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Gizaker enpresak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan EITBrentzat egin duen inkesta baten arabera, Euskadi Irratia da entzuleek gogokoen duten irratia, eta baloraziorik onena ematen diotena. Nabarmentzekoa da inkestan parte hartu duten herritarren hamarretik hiruk ez dutela irratia inoiz entzuten. Entzuleei irrati kutun bategatik galdetzean, berriz, Euskadi Irratia da erantzun gehien jaso dituena —2018an, SER irratia izan zen entzuleen gogokoena—. Datuek agerian uzten dute Gipuzkoa dela Euskadi Irratiari atxikimendurik handiena dion herrialdea: gipuzkoarren %21,1ek du kutunena Euskadi Irratia, arabarren %7,5ek eta bizkaitarren %6,6k. Orotara, inkestan parte hartu dutenen %11,5ek dute Euskadi Irratia gogokoen —euskaldunen artean, %22,7k—.

Pluraltasunean, sinesgarritasunean, objektibotasunean, profesionaltasunean, entretenimenduan, aktualitatean eta kirol emankizunetan ere, entzuleek Euskadi Irratia aukeratu dute lehen tokian. Musikan, berriz, Gazteka jaso du erantzun onena, Los 40 gaztelaniazko irrati formularen aurretik.

Galdera gehienetan, bestalde, Radio Nervion irratia—musika eta albistegiak ditu ardatz— agertzen da lehen bosten artean, Bizkaian duen arrakastaren seinale; Araban eta Gipuzkoan ez da entzuten.

Irrati kutunen aukeraketan, Radio Euskadik 2,4 puntu egin ditu behera 2018tik 2019ra. Gazteak, berriz, 2,1 puntu egin ditu gora. EITBko beste irratiei dagokienez, Radio Vitoria hamahirugarren tokian dago, eta EITB Musika, hamalaugarrenean.

Aipagarria da informazioaren eta aktualitatearen alorrean SER irratiak 4,9 puntu galdu dituela azkeneko urtebetean. Euskadi Irratiak, berriz, 2,8 puntu egin ditu gora. Arlo horretan, Radio Euskadik 3,1 puntu galdu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.