Pantailak Euskaraz-ek «pauso sendo eta handiak» eskatu ditu

Taldeak uste EITBk sortuko duen 'streaming' plataforma berria euskara hutsean behar lukeela

Alex Aginagalde eta Izaskun Rekalde Pantailak Euskaraz taldeko ordezkariak, atzo, Eusko Legebiltzarrean. E. P. / FOKU.
urtzi urkizu
2021eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Euskaldunen %47k kontsumitzen dituzte streaming bidezko plataformak, eta 20-24 urte arteko gazteen %75ek. Baina plataforma horietan zenbat film daude euskaraz? Netflixen, hiru; Disney Plusen, bat ere ez; HBO Maxen, bat ere ez; eta Amazon Prime Videon, bi. Telesailik euskaraz ezin da ikusi horietan guztietan. Ondorioa argia da Pantailak Euskaraz taldeko ordezkarien arabera: «Gazteen erreferenteak erdaldunak dira. Zinema aretoetan ere egoera larria da, emanaldien %1 baino ez baitira euskaraz». Eusko Legebiltzarreko Kultura batzordean agerraldia egin zuten atzo taldeko ordezkari Alex Aginagaldek eta Izaskun Rekaldek; kezkaz mintzatu zen Aginagalde: «Larrialdi egoeran gaude. Uste dugu lotuta dagoela egoera hori euskararen kale erabilerarekin. Euskararen erabilera kalean puntu bat baino gehiago jaitsi da. Benetan premiazkoa da pauso sendo eta handiak ematea».

Era berean, Aginagaldek zera nabarmendu zuen: «Pantailetan euskararen presentzia sinbolikoa da. Horrek ohituretan eragina dauka. Haur eta helduok ez badugu erreferenterik, euskarak etorkizun zaila izango du».

Talde politikoen ordezkariek eskertu egin zuten Pantailak Euskaraz taldekoen lana, baina ñabardurak izan zituzten: EH Bildu erabat ados azaldu zen taldearen eskaerekin, baina salatu zuen EAJk blokeatu egin duela ikus-entzunezko kontseilua sortzeko eztabaida —Pantailak Euskaraz-ek kontseiluak sortzea eskatu du—; Elkarrekin Podemosek esan zuen plataformak ordainpekoak direla, eta egon daitezkeela familiak horiek ordaindu ezin dutenak; PSE-EEk aipatu zuen aintzat hartuko dituela Pantailak Euskaraz-en planteamenduak; eta EAJk martxan dauden ekinbideak nabarmendu zituen, eta azaldu zuen EITBko zuzendari nagusiak Primeran streaming plataformaren ingurukoak aurkeztuko dituela Eusko Legebiltzarrean, hilaren 15ean.

Pantailak Euskaraz-eko ordezkarien iritziz, streaming plataforma berriak euskara hutsezkoa izan beharko luke. «Euskara hizkuntza handiago baten ondoan jarrita, ez da kontu bera», uste du Rekaldek. Elebitasunak desoreka ekarri ohi duela azaldu zuten ordezkariek. Era berean, nabarmendu zuten ikus-entzunezko eduki arrakastatsuenak euskarara bikoiztuta egon beharko luketela, euskara informal estandarra zabaltzeko. «Ohiturak sortu egiten dira», nabarmendu zuen Aginagaldek. Gogorarazi zuen duela urte batzuk haur euskaldunak ohituta zeudela marrazki bizidunak euskaraz ikusten, baina gaur egun neska-mutiko gehienek erdaraz ikusten dituztela edukiak.

Taldeak streaming plataformei kuotak ezartzeko eskatu du. Bikoizketarako diru laguntzak sortu eta sendotzea ere nahi dute, eta plataformekin negoziatu dezatela dagoeneko bikoiztuta dauden edukiak txertatu ditzaten. Taldeak uste du haur eta gazteen estreinaldiak euskaraz bermatu beharko liratekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.