Andoni Aldekoa kazetaria izango da EITBko zuzendari nagusi berria

EAJren eta PSEren botoekin izendatuko dute. Jeltzaleen konfiantzazko karguak bete izan ditu

Andoni Aldekoa, artxiboko irudi batean. BIZKAIKO HITZA.
Urtzi Urkizu - Edu Lartzanguren
2020ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako lehendakaritzak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak Andoni Aldekoa (Bilbo, 1969) proposatuko diola Eusko Legebiltzarrari EITBko zuzendari berria izateko. Hala, bere gain hartuko luke Maite Iturbek azken bi legealdietan izandako kargua. Gaur egun, Euskalduna jauregiko zuzendaria da Aldekoa.

Aldekoa kazetaria da, eta EAJren konfiantzazko karguak bete ditu azkeneko urteetan; besteak beste, Lehendakaritzako komunikazio arduraduna izan da. Aurretik, Iñaki Azkuna (EAJ) Bilboko alkate zenaren gertukoa izan zen; haren komunikazio zuzendari ere izan da —hamasei urtez ardurazko karguak bete zituen Bilboko Udalean—. Basque Country irudi egitasmoan aritu zen, gainera.

Aldekoak master bat egina du komunikazio politiko eta instituzionalean, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Irakasle gonbidatua izan da Amerikako eta Europako zenbait unibertsitatetako ekitaldietan. Azkeneko hamarkadetan, kudeaketa politikoan eta komunikazio politikan espezializatu da.

Europako Parlamenturako hauteskundeetan, iaz, Ceus Europako koalizioan seigarren tokian joan zen Aldekoa —Izaskun Bilbaoren ostean, EAJren bigarren hautagaia—.

Eusko Jaurlaritzako iturrien arabera, Iturbek adierazia zion lehendakariari karguan ez jarraitzeko asmoa. Gauzak hala, nabarmendu dute Aldekoaren hautagaitza PSE-EErekin adostua dela. Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak datorren asteartean du hurrengo bilera, eta orduan egingo dute ofizial Aldekoaren proposamena. Eusko Legebiltzarraren onespena beharko du, baina ez du horretarako arazorik izango, EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa baitute.

Proposamena Eusko Legebiltzarrera iritsita, Aldekoak gehiengo osoa beharko du izendatua izateko. Eta bozketa hori datorren osteguneko bilkuran bertan egin dezakete. Hala ez balitz, astebete geroago litzateke bozketa. Edonola ere, Iturbek datozen egunetan utziko du kargua.

Zazpi urtez aritu da Iturbe

Aldekoarekin gertatuko den moduan, Iturbe EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin izendatu zuten EITBko zuzendari nagusi. 2013ko martxoan gertatu zen hori, eta, horrenbestez, zazpi urtez bete du kargua. Komunikazio taldea ondo ezagutzen zuen profesional bat da Iturbe, EITBren hastapenetatik aritu baitzen bertan beharrean —1984an, produkzio sailerako oposizioetan plaza atera zuen—. 1986tik 1989ra bitartean, programen produkzioko burua izan zen, eta produkzio koordinatzaile, 1989tik 1991ra. Urte horretan, produkzio zuzendari izendatu zuten, eta kargu horretan aritu zen 1991tik 2013ra arte. Iturbek garai zailak bizi izan ditu zuzendari zela: esaterako, 2015eko otsailean, legebiltzarreko alderdi guztiek , EAJk salbu, hura kargutik kentzeko eskatu zuten. PSE-EEk aurkeztu zuen mozio hura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.