Hizkuntza gutxituen eskubideen alde lanean ari diren herri mugimenduak kezkatuta daude ikus-entzunezko testuinguru berrian hizkuntza hegemonikoak nola gailentzen ari diren ikusita, eta proposamenak, sinadura bilketak eta askotariko egitasmoak ari dira sustatzen zenbait herrialdetan. Galizian ere ez daude geldi: Galiziako hizkuntza normalizaziorako mahaiak Xabarin egitasmoa abiarazi du, eta herri ekinaldi legegile bat aurkeztu du Galiziako Parlamentuan.
Galegozko eduki gehiago eskatzeko, 33.000 sinadura biltzea lortu dute. Herri ekinaldiaren eskaera nagusiak honako hauek dira: TVGk haurrentzako eta gazteentzako eskaintza handitzea, operadore desberdinen bitartez—fibra optikoa, satelitea, ADLS eta gailu eramangarrietako teknologia—; eta sakelakoetarako aplikazio bat sortzea, neska-mutikoentzako eduki erakargarriekin.
Espainiako Gobernuari, berriz, eskatu diote RTVEren eduki guztiak galegora bikoizteko, eta propio haur eta gazteentzako programazioa sortzeko galegoz—eduki horiek RTVEren aplikazioan eskuragarri egon beharko luketela uste dute—.
Espainiako Kongresuan tramitatzen ari diren Ikus-entzunezko Lege Orokor berriarekin kezka azaldu dute berriki Netflix Euskaraz taldeak, baita euskalgintzako hamasei eragilek ere. Ildo beretik, galegoaren aldeko ekintzaileek eskatu dute lege horretan oinarrizko baldintza izan dadila hizkuntza pluraltasuna aitortzea, eta, ondorioz, ehuneko batzuk finkatzea galegora bikoiztutako edukietan eta finantzaketa aurreratzea galegozko ekoizpenentzat. Halaber, Galiziako Xuntari eskatu diote akordioak egiteko beste administrazioekin eta enpresekin, galegora bikoiztutako aukera erabilgarri egon dadin ikus-entzunezko plataforma digitaletan.
Beste eskaera bat da Portugalgo telebista publikoa Galizian ikusi ahal izatea, eta TVG Portugalen ikusteko modua egitea.
Joan den astean erregistratu zuten herri ekinaldi legegilea. Egunotan alderdi politikoetako ordezkariekin egin dituzte bilerak ekinaldiaren sustatzaileek. Eta datozen asteetan eztabaidatuko dute proposamena parlamentuan.
Sinadura bilketa egiteko, galegoaren aldeko ekintzaileek denda txikien sareak baliatu dituzte. Marcos Maceira Galiziako hizkuntza normalizaziorako mahaikopresidenteak zera esan du: «Osasun larrialdiaren testuinguru honetan, dauden zailtasunekin, hainbeste sinadura jaso izanak erakusten du ikus-entzunezkoetan eta beste sektore batzuetan galegoak eskaintza urria duela». Ihardetsi du Xabarin egitasmoak gizartean izan duen «erabateko babesak» isla izan behar duela Galiziako Parlamentuan ere.
Bide batez, Maceirak ohartarazi du haur programazioa TVGn astegunetan %4,6koa dela, eta asteburuetan %2,7ra jaisten dela. Honako kezka hau ere plazaratu du: «Plataforma digitaletan galegoa ez da existitzen».
Galegozko edukiak eskatuz, herri ekinaldi legegile bat aurkeztu dute
Hizkuntza normalizazioaren mahaiak 33.000 sinadura bildu ditu, haurrentzako edukiak eskatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu