Hamaika telebistako kazetariak etxetik ari dira saioak egiten

'Pandoraren kutxa', 'Errezeta beganoak', 'Eskatzea libre' eta 'Etxeko Sessions' sortu dituzte

Hamaikaren Pandoraren kutxa saio berrian, dantza, akrobaziak eta antzerkia izango dira, besteak beste. HAMAIKA.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Beste telebista askok bezala, Hamaikak egunotan lan egiteko modua eta bere eskaintza egokitu ditu. Dagoeneko Hamaikaren lantaldeko kide guztiak etxetik ari dira lanean, baina lortu dute lehendik zuten eskaintzari eustea eta eduki berriak martxan jartzea. Berrikuntzen artean, Pandoraren kutxa izeneko saioa dago. Joan den zubian estreinatu zuten, eta datozen egunetan egunero dantza saioak, akrobaziak eta antzerki emanaldiak emango dituzte. Ainhoa Juaniz clownak aurkeztuko du, egunero, 10:30ean.

Asteburuei begira, eskaintza berezi bat prestatu du Hamaikak: Etxeko Sessions. Larunbatean estreinatu zuten, eta bertan Euskal Herriko, Kataluniako eta Argentinako DJen eta ikus-entzunezko sorkuntza elektronikoen saioekin gozatzeko aukera egongo da; Ekhi Atorrasagasti Hamaikako eduki arduradunak iragarri duenez, asteburu bakoitzean lau atal emango dituzte: ostiraletan eta larunbatetan, gauerdian; eta larunbatetan eta igandeetan, 13:00etan, «bermutaren orduan».

Aste honetan bertan, berriz, Atorrasagastik Eskatzea libre saioa jarriko du martxan. Interneteko eta Whatsappeko mezuen eta bideoen bilduma egiteaz gain, eskualde desberdinetako herritarren ahotsa zabalduko du kazetariak. «Ikusita zer-nolako abiadan doazen sare sozialak, ez dugu nahikoa tartea denei erreparatzeko. Saio berri honetan sareetakoa pantailara ekartzen saiatuko gara». Zapping moduko bat izango da, entzuleei «atea zabaldu» eta «eskatzeko askatasuna» emanez. 21:00etan izango da ikusgai.

Beste alde batetik, Iñaki Ubiria sukaldaria errezeta beganoen saio bat egiten hasi da Hamaikarentzat. Egunero errezeta bat plazaratuko die ikus-entzuleei: Km 0 Errezeta beganoak 14:15 inguruan emango dute, Dapa egitasmoko erreportajeen ostean.

Zerrendak Youtuben

Ikus-entzule mota bakoitzarentzat eduki berezituak emango ditu datozen asteetan Hamaikak: Ander Edoren Zuk zeuk saioa berreskuratu dute, neska-mutikoek eskulan eta errezeta errazak etxean egin ditzaten. Beste alde batetik, Musika zuzenean programako atal onenak emitituko ditu Hamaikak datozen egunetan.

Gainera, euskarazko kateak aktualitateko programak egiten segituko du —kazetariak etxetik arituko dira horretan—. Gurean gaur albistegia, Gurean gaur elkarrizketa, Nafarroa gaur, Gakoak, Marakana txikia, Kolpez kolpe eta Klik batean ez dira faltako Hamaikaren programazioan. Eta Euskal Herriko erakunde publikoen agerraldiak ere emango dituzte.

Hamaikak, halaber, Youtuben zerrendak prestatu ditu errezeta beganoekin, eskulanekin, eta Etxeko Sessions eta Pandoraren kutxa saioekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.