Koronabirusaren krisiaren eraginez, ETB1eko Gure kasa saioaren grabaketak bertan behera utzi behar izan zituzten. Aste honetan, Eztabaidan saioak bete du haren ordutegia —21:30etik 22:30era—. Baina martxan da berriz ere Gure kasa-ko lantaldea, eta «normaltasuna itzuli bitartean», Zuen kasatik gure kasara programa egingo du, astean behin. Ostegunetan emango du ETB1ek, 22:30 inguruan.
Programaren nondik norakoak azaldu ditu Unai Etxabe zuzendariak: «Gure kasa-ren espiritua mantenduko dugu. Euskal Herriko langileei eta herritarrei eskertuko diegu egunotan egiten ari diren esfortzua, programa entretenigarri bat eginez».
Aurkezle bakoitza bere etxetik arituko da: Julen eta Antton Telleria, eta Aitziber Garmendia Virginiaren eta Zuriñeren roletan. Laguntzaile berriak ere izango dituzte: Jon Plazaola aktorea Garmendiarekin bilduko da, «pintxo-pote birtual batean». Garmendiak bakarrizketak egingo ditu Plazaolarekin batera.
Onintza Enbeita kolaboratzaileak, berriz, puntua jarriko du, eta bertso puntuka birtualean arituko dira aste barruan. Iñigo Vicensek fit live eta kirol arloa eramango ditu saiora.
Etxabek iragarri du saioan garrantzitsuak izango direla hainbat lanbidetako langileei egindako elkarrizketak: «Lehen atalean, mediku bat, garraiolari bat eta zaintzaile bat azalduko dira. Lanbide horiei guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu. Eskerrak emateko mezuak jasotzen ari gara: kantuan, musika tresnak jotzen...».
Bakarrik bizi den emakume batek ezin izan du aurten urtebetetzea nahi moduan ospatu. Hari ezusteko berezia emango diote.
'Txoria txori' erraldoia
Horrez gainera, saio berezi horietan Txoria txori erraldoi bat egiten saiatuko dira. «EITBk Lau teilatu-rekin elkartasun maratoian egin zuen bezala izango da. Balkoietatik Txoria txori-ren bertsioak bidaltzeko eskatzen diegu herritarrei. Guztiekin, Txoria Txori erraldoi bat egingo dugu», azaldu du Etxabek. Bideoak bidaltzeko bi aukera daude: Whatsapp bidez, (0034) 655-28 34 27 zenbakira; edo posta elektronikoz, [email protected] helbidean. «Herritarrek saioaren parte izatea nahi dugu. Eskerrak modu original batean egitea, bide batez. Euskaldunoi asko gustatzen zaigu kantatzea, gainera».
Etxabek esan duenez, denboraldia ondo zihoan Gure kasa-n. Egoerak horrela jarraitzen duen bitartean, astean behin egingo dute. «Normaltasuna itzultzen denean, ohiko Gure kasa bere ordutegira itzuliko da».
'Zuen kasatik gure kasara' saioa emango dute ostegunetan ETB1en
'Gure kasa'-k deialdi ireki bat egin du, herritarrek 'Txoria txori' kantatuz bideoak bidal ditzaten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu