Sense ficció-k emakumeei eskainiko dizkie martxoko atalak: lehenbizi, martxoaren 7an, Isabel Coixeten El sostre groc lana estreinatuko dute; ondotik, 14an, Bi arnas emango dute. Programak iragarri du emakumeen tortura lekukotzak dituela ardatz dokumentalak: Sorzabalenaz gain, Nekane Txapartegiren lekukotza ageri da. «Obrak ikuspegi berri, intimo eta familiarra eskaintzen du torturaren ondorioez», dio TV3eko saioak. Gau horretan bertan, Sense ficció saioan Midwives dokumentala emango dute —Myanmarko landa giroko andreen gainekoa—. Hilabete berean emango dituzte, bestalde, On son els homes?, Red Cunt, Hidden Letters eta Fly so Far filmak.
Bi arnas dokumentala aurrekontu txikiko lana da. Imanol Arzuaga Kima-k ekoitzia, eta Jon Mikel Fernandez Elorzek zuzendua. Esanguratsua da dokumentaleko pasarte bat: 2001ean, torturak sufritu eta berehala, elkarrizketa bat eman zuen Sorzabalek. Euskaldunon Egunkaria-ko Eneko Bidegainek eta Torturen Aurkako Taldeko kamerari Axier Aritzetak grabatu zioten elkarrizketa hura. EITBk ez zuen elkarrizketa hura eman, baina Bi arnas dokumentalean ikus daiteke.
Dokumentaleko zuzendariak dio lantaldearentzat «ohore handia» dela dokumentala Kataluniako kate publikoak ematea. «Zinez baliabide xumeekin egindako dokumentala da gurea, eta horregatik, Sense ficció saio prestigiotsuak gure alde egin izanak poza eragiten digu». Fernandez Elorzek aitortu du «arraro» egiten zaiola dokumentala lehenago ematea Katalunian Euskal Herrian baino. «Badira hilabete batzuk EITBko arduradunekin harremanetan gaudela, baina oraingoz ez dugu haien erantzunik jaso, edo, ez behintzat, dokumentala ETBn emateko proposamenik». Aintzat hartzekoa da ETBk ez ziola laguntzarik eman lan horri; artxiboko irudiak doan emateko eskaerari ere ezezkoa eman zion Euskal Telebistak.
Fernandez Elorzen arabera, lana TV3en emateak «potentzialtasun handia» izan dezake. Batetik, «Kataluniako ikus-entzuleek gaiarekiko sentsibilitate berezia izan dezaketelako, eta, bestetik, Espainiako iritzi publikoan eragiteko bide bat izan daitekeelako».