'The Lord of the Rings' telesaileko ahotsak euskaraz, aurrerago

Amazon Prime Videoko telesaila euskarazko azpidatziekin ikusi ahal izan da, baina ez bikoiztuta

The Lord of the Rings: The Rings of Power telesailaren lehen denboraldia ostiralean amaituko da. AMAZON.
urtzi urkizu
2022ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Inoizko telesailik garestiena eta aurtengo fikziozko ekoizpenik arranditsuenetakoa da The Lord of the Rings: The Rings of Power. Amazon Prime Video plataforma irailaren 2an hasi zen lehen denboraldia ematen, eta lehen ataletik euskarazko azpidatziekin ikusteko aukera egon da. Ostiralean jarriko dute plataforman lehen denboraldiko zortzigarren eta azkeneko atala. Zortzietan euskarazko azpidatzien aukera egon da, baina euskarazko bikoizketa ez da iritsi. Bilboko Mixer estudioan aritu dira azkeneko asteetan atalak euskarara bikoizten. Baina lehen denboraldia amaitu ostean helduko da euskarazko audioaren aukera.

Mixer estudioko arduradunek ezin izan dute gaiaz adierazpenik egin, konfidentzialtasun kontratuak direla eta. Amazon Prime Videori ere galdetu dio BERRIAk auziaz, baina ez du erantzunik jaso. Euskarazko audioa halako batean iritsiko dela jakin du BERRIAk, baina ez dago data zehatzik.

Fikziozko proiektu erraldoia da The Lord of The Rings: The Rings of Power telesaila. Bost denboraldi izango ditu, eta bi urtean behin estreinatuko dute atal sorta bakoitza. Hartaz, 2030ean estreinatuko dute telesailaren bosgarren denboraldia.

Mixer estudioan plataformentzako beste telesail eta film batzuk bikoiztu dituzte azkeneko hilabeteetan. Esate baterako, Amazon Prime Videok Un asunto privado telesaila estreinatu zuen irailaren 16an, eta lehen egunetik euskarazko bikoizketa eta euskarazko azpidatziak baliatzeko izan dute zerbitzuaren harpidedun euskaldunek.

Amazonen, 44 lan euskaraz

Amazon Prime Video plataforman azkeneko urtean nabarmen hazi da euskarara bikoiztuta zein euskarazko azpidatziekin ikus daitekeen eduki kopurua. Iazko irailean, marrazki bizidunetako bi film baino ezin ziren ikusi euskarazko audioarekin; urtebete geroago, 44 film eta telesail daudeeuskarazko azpidatziekin edota euskarazko audioarekin.

Netflix plataforman ere hazi da kopurua iaztik hona: 2021eko irailean, hiru film ikus zitezkeen euskaraz —hirurak jatorriz ziren euskaraz—. Pantailak Euskaraz mugimenduak emandako datuen arabera, 41 film edo telesail ikus daitezke egun Netflixen euskarazko azpidatziekin edo euskarazko audioarekin. Horietatik euskarara bikoiztutako telesailak hiru dira, hirurak haurrentzat.

Filmin plataforma da euskarazko lan gehien duena: 83. Horiek guztiak jatorriz dira euskaraz. Oraingoz, ez dute euskarazko azpidatzirik txertatu katalogoko filmetan.

Rakuten plataforman iazko irailean ez zegon lan bakar bat ere euskarazko audioarekin, eta egun hamazazpi dira.

HBO Max plataforman hiru lan ikus daitezke euskaraz: Lara Izagirreren Nora filma eta marrazki bizidunetako bi film.

Disney Plus eta Apple TV Plus dira euskarazko audiorik edo azpidatzirik ez duten bakarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.