Buru osasunaz eskola orduan

ETB1eko 'Ur handitan' saioak 'Beste pandemia' erreportajea estreinatu du Donostiako Santo Tomas lizeoan. 17-18 urteko ikasleentzako ordubeteko saio praktikoa izan da, buru osasunari buruz.

Xabier Madariaga Ur handitan-eko aurkezlea, atzo, Santo Tomas lizeoko ikasleen artean. MAIALEN ANDRES / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2022ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Maialen Gonzalez Marzok 23 urte ditu, eta nerabe garaian hasi zen antsietate arazoekin. Denborarekin, egoera kudeatzen ikasi zuen. «Terapiak asko lagundu zidan». Baina pandemia iritsi zen. «Atzerapauso handia izan zen, lagunekin ezin nintzen egon». Eta terapian hasi zen berriro. Bere esperientzia kontatu zuen atzo Gonzalez Marzok Donostiako Santo Tomas lizeoko Batxilergoko bigarren mailako ikasleen aurrean. Gazte baten lekukotza baliotsua, 17-18 urteko gazteentzat. ETBko Ur handitan saioaren aurrestreinaldia egin zuten, 120 ikaslerentzat. Gazteen buru osasunaz aritu ziren; bart emandako Beste pandemia erreportajea —ikusgai dago EITBren nahieran zerbitzuan— laburtuta ikusi zuten, lehenbizi. Ondotik, Gonzalez Marzoren eta Xabier Madariaga aurkezlearen arteko solasaldia entzun ahal izan zuten. Nekane Azuabarrena Agifes elkarteko psikologoaren hitzak iritsi ziren gero.

Ikasleek iritzia eman eta galderak egiteko aukera izan zuten. «Nola zaindu dezakegu ongizate emozionala?», baten galdera. Erantzuna, Azuabarrenak: «Txikitatik hasi behar da gaiaz hitz egiten. Gurasoek eta irakasleek gaiaz hitz egin behar dute gaztetxoekin, arazoak datozenerako ondo kudeatzen jakin dezaten». Psikologoak zera ohartarazi du: «Normaltasunez ikusi behar da triste egotea; eta, ezin bada kudeatu, laguntza eskatu».

Lagunekin nola jokatu. Hori beste kezka bat. «Eta nola lagundu?». Gonzalez Marzok: «Ezin duzu psikologoarena egin, baina jakinarazi diezaiokezu lagunari hor zaudela».

Ikastetxeetan psikologoak egon behar duten galdetu du ikasle batek. Azuabarrenak gomendatu du ikasleek psikologoarenera «bizkor» joateko aukera eduki ahal izatea, «behintzat».

Beste gazte batek aipatu du «penaz» ikusi dituela erreportajeko lekukotzak. Suizidioaz eta suizidio saiakerez ere mintzo baita erreportajea. Aitziber Garmendia aktoreak kontatzen du nola bere bikotekideakbere buruaz beste egin zuen duela hamabost urte. Unai Alberdi gazteak kontatzen du suizidatzen saiatu zela duela zazpi urte. Erreportajean anorexia ere aipatzen da. Eta depresioa. Arreta psikiatrikoa jaso duten gazteen kopuruak %50 egin du gora pandemian.

Santo Tomas lizeoko irakasleak esker oneko agertu dira saiokoen bisitagatik. Maite Aranalde irakasleak azaldu duenez, duela hiru aste hasi ziren gai bera lantzen, gelan. Bi orduko saio bat egin zuten. «Baina argi genuen osatu nahi genuela. Ur handitan-ekoen aukera etorri da, eta oso baliagarria izan da. Esperientzia oso benetakoa eman die ikasleei». Berdintsu mintzo da Leire Orbegozo orientatzailea: «Telebistak gertuko lekukotzak eskaini dizkie ikasleei. Eta balio handia eman dio hasiera batean zuzendu nahi genuen horri». Lizeoan lantzen ari ziren mezuak indartu dituzte Ur handitan-ekoek, irakasleen ustez. «Ondokoari kontatzea pauso garrantzitsua izan daiteke norbere ezinari aurre egiten hasteko», dio Orbegozok.

Aurreko astean, ETBko saioa Gasteizko Ekialdea II institutuan izan zen. Laster beste aurrestreinaldi bat antolatzeko asmoa dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.