TV3ek hilaren 11n emango du 'Non dago Mikel?' dokumentala

'Sense ficció' saioaren barnean emango dute 65 minutuko bertsioa, katalanezko azpidatziekin

Mikel Zabalzaren iloben eszenak ez dira ikusiko asteartean. Aurrerago emango du TV3ek filmaren bertsio luzea. IZAR FILMS.
urtzi urkizu
2022ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Nahiz eta ETBk iaztik filma emateko eskubidea baduen, Kataluniako TV3 kate publikoak emango du lehen aldiz telebista bidez Non dago Mikel? dokumentala. Hilaren 11n estreinatuko dute lana, Sense ficció saioaren barnean, 22:30ean. Programa horrek sona handia du Katalunian, eta harrera beroa izan ohi dute ematen dituzten dokumentalek eta erreportajeek.



Non dago Mikel? Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten, 2020an. Aipamen berezia egin zion Irizar sariaren epaimahaiak. 2021eko otsailean iritsi zen zinema aretoetara, eta beste zenbait jaialditan ere parte hartu du. Miguel Angel Llamasek eta Amaia Merinok zuzendu dute lana, eta Mikel Zabalzaren historia kontatzen du: 1985eko azaroan, Guardia Zibilak atxilotu egin zuen, beste herritar batzuekin batera. Beste gazteak aske utzi zituzten, baina Zabalza autobus gidaria ez zen ageri. Abenduaren 15ean, haren gorpua Bidasoa ibaiaren ertzean azaldu zen. Ion Arretxeren tortura testigantzak, halaber, presentzia handia du dokumentalean. Baita Zabalzaren senideenak ere.

Llamas zuzendariak nabarmendu duenez, proiektuaren berri izan zuenetik TV3ek «interes handia» erakutsi zuen haren inguruan. «Zabalzari buruz zituzten artxiboko irudiak eskatu genizkien, eta dokumentalean sartu genituen batzuk. Garai hartan TV3ek lantalde bat zuen Euskal Herrian, eta Zabalza auziak interesa piztu zuen Katalunian».

Dokumentala ikusi eta TV3eko arduradunei asko gustatu zitzaiela azaldu du Llamasek. «Gero, erraz adostu genuen noiz eta nola eman». Sense ficció saioaren barnean ematea aukera ontzat jo du zuzendariak. «Programak oihartzun handia izan ohi du Katalunian, ikusle datu onak ditu, eta jendeak badaki hartan ematen diren dokumentalak kalitatezkoak direla». Traba bakarra izan dute: dokumentalaren iraupena. Filmak 80 minutu irauten du, eta telebistarako 65 minutu inguruko bertsio laburtu bat egokitu dute. Horretarako, Zabalzaren ilobak agertzen diren eszenak kendu dituzte. «Guretzat pena da iloben zatiak ez egotea, baina istorioa ondo ulertzen da, eta pozik gaude TV3eko estreinaldiarekin». Euskarazko zatiak katalanez azpidatzi dituzte, eta gaztelaniazkoak bere hartan utzi. Euskarazko grafismo guztiak, halaber, katalanez jarri dituzte.

Kataluniako kate publikoak aurrerago emango du filmaren bertsio originala, 80 minutukoa. TV3eko webgunean soilik Katalunian ikusi ahalko da.

Izar Filmsek eta Ahotsa.info-k ekoitzia da dokumentala, eta hemendik gutxira plataforma digital batekin akordioa ixtea espero dute egileek. Edonola ere, Llamasi iruditzen zaio «azken ginga» ETBk ematen duenean iritsiko dela. «Euskal Herrian jende askok ezin izan du dokumentala ikusi. Pandemia betean estreinatu da, eta herritar askok ezin izan dute beren herriko edo hiriko zinema aretoan ikusi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.