Jose Manuel Perez Tornero izendatu dute RTVE korporazioko presidente

PSOE, PP, Unidas Podemos eta EAJren artean banatu dituzte talde publikoaren kontseilariak

Jose Manuel Perez Tornero PSOE, PP, Unidas Podemos eta EAJren aldeko botoekin izendatu dute presidente. RTVE.
urtzi urkizu
2021eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
2018ko udan Espainiako Kongresuak lehiaketa publiko bat martxan jartzea onartu zuen, hiru hilabeteko epean RTVEko administrazio kontseilu berria izendatzeko xedez. Ia hiru urteren ostean, lau alderdi politikoren artean banatu dituzte Espainiako irrati-telebista publikoko kontseilariak, baita presidente berria ere. PSOE, PP, Unidas Podemos eta EAJren aldeko botoekin izendatu zuten atzo Jose Manuel Perez Tornero RTVE korporazioko presidente. Ciudadanos, Vox eta Más País alderdiek ez zuten bozketan parte hartu, eta gogor kritikatu zuten aipatutako lau taldeek adostutako banaketa.

Lehiaketa publikoari emandako bukaera ere gogor salatu dute TVEko, RNEko eta RTVE.es-eko albistegietako kontseiluek. Espainiako Senatuan zera adierazi zuten joan den astean: «Azken 40 urteetako historia bera errepikatu da. Zenbait alderdi politikoren gertuko pertsonak nahierara aukeratu dituzte». Kudeaketaren «despolitizazioa» eskatu dute, presidentea izendatu berritan. Langileen ordezkarien arabera, presidentea ez dute aukeratu meritu, ahalmen eta proiektuaren arabera, «akordio politiko baten arabera», baizik.

Presidente berria, Jose Manuel Perez Tornero, PSOEren konfiantzazko pertsona bat da. Komunikazioan doktorea, TVEko hezkuntza zerbitzuak garatu izan ditu: La aventura del saber saioaren sortzailea izan zen. Makina bat hezkuntza proiekturen aholkularia izan da, eta alfabetatze mediatikoan aditua da. RTVE-Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa katedrako zuzendaria da.

Lakidain eta Baños

Espainiako Kongresuak, halaber, RTVEko administrazio kontseilu berriko kide izendatu ditu Elena Sanchez Caballero, Jose Manuel Martin Medem, Carmen Sastre, Jenaro Castro eta Juan Jose Baños (Bilbo, 1955). Deia egunkariko zuzendari izan zen Baños, 1996tik 2005era; Itelazpi sozietate publikoaren zuzendari orokorra, 2013tik 2017ra; eta iazko otsailean Noticias Taldeko zuzendari nagusi izendatu zuten, Deia-ren gidaritza berriro hartzearekin batera.

Hauek dira Espainiako Senatuak aukeratutako beste lau kontseilariak: Ramon Colom, Concepcion Cascajosa, Consuelo Aparicio eta Roberto Lakidain. Azken hori da kontseiluko beste euskal herritarra. EHUn ikasi zuen kazetaritza Lakidainek (Eibar, Gipuzkoa, 1964), eta hiru hamarkadatan aritu da TVEn kazetari lanetan. CCOO sindikatuko ordezkaria izan da. Irrati-telebista publikoan eskuin muturreko diskurtsoei mugak jartzearen alde azaldu da berriki Lakidain.

Administrazio kontseiluko kideek aurretik duten lanarekin eta soldatarekin jarraitu dezakete. RTVEko zeregin edo betebeharretarako, dietak jasotzen dituzte: 900-1.000 euro artekoak. 2012. urtera arte soldata bat zuten.

RTVEko presidenteak, berriz, urtean 200.000 euro inguruko soldata izango du. Rosa Maria Mateok 205.000koa izan zuen iaz.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.