EITBk Review formatu berritzailea estreinatuko du datorren astean. Asier Sanchez EITBko kazetariak sortu eta zuzendutako egitasmoa da, eta aktualitatea kontatzeko modu berri bat proposatuko du —EITBren arabera, «Europan aitzindaria»—. Edukiok plataforma ugaritan zabalduko dituzte, eta lehen erreportaje sortan Mediterraneo erdialdeko migrazio krisia jorratuko dute, Review: Aita Mari izenburupean. Asteazkenean aurrestreinaldia egingo dute EITBren Bilboko egoitzan, 19:30ean. Hurrengo egunean, Sanchezek Review-ren estreinaldia aurkeztuko du EITBren Youtubeko kanalean —20:00etan euskaraz, eta 20:45ean gaztelaniaz—.
Egitasmoaren abiapuntua Sanchezek iazko udan egindako lanean dago. Aita Mari itsasontzian izan zen hainbat egunez, Mediterraneo itsasoan. Errefuxiatuei laguntza ematen nola aritzen diren grabatu zuen. Gainera, konexioak egiten zituen telebistarako, irratirako eta Interneterako. «Soilik sakelako telefonoarekin joan nintzen, baina egunean ordu askoz aritzen nintzen grabatzen», azaldu du kazetariak.
Sanchez Euskal Herrira itzuli zenean, material harekin EITBk bi aukera zeudela ikusi zuen: ohiko dokumental bat egitea edo ikus-entzule berrientzako beste formatu bat egitea. «EITB orain arte gutxi zabaldu zaie ikus-entzule berriei, eta hau aukera bat da haientzat zerbait eskaintzeko. Izan ere, gazte askok soilik sare sozialetan ikusten dituzte albisteak, eta ez dute telebista piztu ere egiten», aipatu du Sanchezek.
Dena den, Review: Aita Mari ez dago soilik Mediterraneoan grabatutako edukiz hornitua. «Pauso bat emango dugu, errefuxiatu horiek non dauden jakin nahi dugu, eta pantailen bitartez elkarrizketatuko ditugu». Youtuber baten gisan arituko da Sanchez set txiki batean, grafismo «erakargarria» erabiliz, eta aktualitateko gai bat landuz. ETBko albistegi zerbitzuen ekoizpen bat da.
Ondotik, hurrengo asteetan eduki lagungarriak zabalduko dituzte Instagramen eta Tiktoken. Edukiak horizontalean, bertikalean eta formatu karratuan grabatu eta zabalduko dituzte. Aita Mariko esperientziaz gain, migrazioaren inguruko gaiak landuko dituzte elkarte desberdinetako pertsonak elkarrizketatuz.
«EITBk pentsatu du abagunea dela leiho bat irekitzeko, ikus-entzule berriei begira», dio Sanchezek. «Ondotik, proiektua baloratu beharko dugu. Funtzionatzen ote duen ikusi». Atalen maiztasuna aurrerago erabakiko dute.
EITBk 'Review' formatu berritzailea estreinatuko du hilaren 26an
Asier Sanchezek gidatuko du saioa. Estreinaldia EITBren Youtubeko kanalean egingo dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu