Hamaikak amatasun feministari buruzko saio bat estreinatuko du

Ainara Lopezek eta Miren Lantzek 'M ama* eme* ume*' saioa gidatuko dute gaurtik hasita

Ainara Lopez Zarco eta Miren Lantz Solbes M ama* eme* ume* saio berriko aurkezleak. HAMAIKA.
urtzi urkizu
2023ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Amatasun feministei ahotsa eta gorputza emateko helburuz, Hamaika telebistak M ama* eme* ume* saioa estreinatuko du gaur, 22:00etan. Amatasunaren nondik norakoak jasoko dituzte programan, hamasei emakumeren lekukotzen bitartez.

Ainara Lopez Zarco eta Miren Lantz Solbes dira saioaren gidariak. Atal bakoitzean, emakume bat batuko zaie mahaira. Gaur, lehen atalean, esate baterako, Erika Lagoma gonbidatuko dute; saioaren izen bera duen liburua idatzi du Lagomak, Estitxu Fernandezekin batera. Gaia testuinguruan jartzeaz gain, amatasun feministen erronkez eta beharrez hitz egingo dute estreinako atalean.

Saioa Hamaika telebistan ikusi ahalko da, baita katearen webgunean ere. Eta podcast moduan ere sareratuko dute honako plataforma hauetan: Youtube, Spotify eta Ivoox. Lopez Zarcok nabarmendu du podcastak boladan daudela: «Gure saioak akaso gehiago du podcastetik ikus-entzunezko arrunten saio batetik baino. Hau da, grabatzen genuenean, kamerak bertan zeudela ahaztu egiten zitzaigun, eta gure lehentasuna ez zen kamera».

Saioaren grabaketak Iruñeko Katakrak espazioan egin dituzte. «Bertan aritzea luxu bat izan da guretzat», dio Lantz Solbesek. «Gainera, urteak daramatzagu Katakrakekoekin elkarlanean, Asun Casasola ipuin laburren lehiaketa dela eta».

Amatasunarekin lotura duten hainbat gai landuko dituzte M ama* eme* ume* saioan: kontziliazioa, ama bakarrak, gaixotasuna, ez-amatasuna, haurdunaldia, erditze ostea, ama lesbianak, aitatasunak, amatasun ereduak eta abar. «Amatasunak feminismoarekin duen lotura eta indarguneak azpimarratu nahi izan ditugu, baita aliantzen beharra ere», adierazi du Lopez Zarcok. «Beste hainbat ertz landu zitezkeen, baina saio kopuru mugatua genuen, eta gai batzuei heldu behar izan genien, eta beste batzuk alboratu». Saioan amatasunaren inguruko «ikuspegi dogmatikoak eta idealizatuak» albo batera uzten saiatu dira. Aldiz, emozioei, lekukotzei eta bizipenei tartea eskaini diete.

Lantz Solbes eskertuta sentitzen da saiora joan diren elkarrizketatuekin. «Zaila da kamera aurrean biluztea. Zeharkatzen gaituen gai bat da amatasuna, eta zinez mezu interesgarriak entzungo dira saioan». Bi aurkezleek uste dute egoera bera edo antzekoa bizi duten emakumeentzat «mezu baliagarriak» entzungo direla. «Eta ama izan nahi ez duten emakumeentzat ere interesgarria izan daiteke».

Webgune berria

Hamaikak, bestetik, bere webgunea berritu du. Dinamikoagoa da orain Hamaika.eus, eta hiru atal nagusitan bereizten da: aktualitatea, zuzenean eta nahieran. Aktualitatearen barne, bereizita ageri dira asteko ikusienak eta informazioa lurraldeka. Albisteen barruan argitaratze ordua agertzen da; sailka ez ezik, lurraldeka ere bereizten dute informazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.