Ate bat zabaldu da Hegoaldeko irrati libreak legeztatzeko

Espainiako legedi berriaren arabera, irrati libre eta komunitarioek azken bost urteetan etenik gabe emititu izana egiaztatu beharko dute

Hainbat irrati librek 40 urte baino gehiago daramatzate Euskal Herrian emititzen. BERRIA.
urtzi urkizu
2022ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Espainiako irrati libre askok legezko frekuentziak lortzeko aukera izan dezakete datozen hilabeteetan. Aukera Espainiako Ikus-entzunezko Lege Orokor berriaren hirugarren xedapen gehigarriak ematen du, bertan jasotzen baita irrati eta telebista zerbitzu komunitarioek eta libreek frekuentzia bat lortu ahalko dutela. Horretarako, eskatzaileek egiaztatu behar dute azkeneko bost urteetan etenik gabe emititu dutela, ez dutela interferentzia arazorik sortu, eta haien aktibitatearekin jarraitu nahi dutela.

Xedapen gehigarri horrek jasotzen duenez, Espainiako lege berria onartu eta sei hilabeteko epean egin ahalko dute irrati libreek eskaera. Baina non? Erkidego autonomiko bakoitzean, eta irrati maiztasunen espektroaren aukeren arabera. «Irrati maiztasunen eremuaren kudeaketa eta planifikazioaren ardura duen erakundeak espazio publikoak gordeko ditu zerbitzu horiek eskaintzeko», gaineratzen du lege berriaren xedapen gehigarriak. Legea uztailaren 8an argitaratu zen, eta hurrengo egunetik dago indarrean. Horrenbestez, urtarrileko bigarren astean amaituko litzateke epea irrati libre eta komunitarioentzat eskaera egiteko.

EH Bildu koalizioak ikus-entzunezko lege berriaren tramitazioan negoziatutako emendakin baten bidez sartu dute irrati libre eta komunitarioen aipatutako xedapen gehigarria.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntz Politikako Saileko iturriek BERRIAri esan diote legeak dakarren berritasuna «praktikara nola eraman» aztertzen ari direla. «Legearen berritasun hori gure esparrura nola ekarri eta zer tresna juridiko erabili behar diren aztertzen ari gara», azaldu du Jaurlaritzak. Galdera batzuk jaso dituzte azkeneko asteetan gaiari lotuta. Jaurlaritzak iragarri du gaiari «forma» emango diola datozen hilabeteetan, baina ohartarazi du baimenak emateko eskumena berea izan arren, irrati maiztasunen espektroa Espainiaren esku dagoela, eta zein frekuentzia erabilgarri egongo diren ikusi beharko dela. «Esleipen prozesua nola egingo dugun aztertu behar dugu, aukera bat izan dadin: zuzena eta zorrotza».

EH Bilduk, berriz, zenbait galdera egin dizkio Jaurlaritzari. Galdetu dio ea Gasteizko gobernuak txostenik egin ote duen ikus-entzunezko komunikazioari buruzko lege orokorrak zer eragin izango duen aztertzeko. Eta ea bilerarik izan duen irrati maiztasunen eremua planifikatzeko eta kudeatzeko eskumena duen Espainiako agintaritzarekin.

Nafarroako Gobernuak ez du gaiaren inguruko adierazpenik egin.

Espainiako lege berriak 2.15 artikuluan jasotzen du zer jotzen den zehazki irrati edo telebista komunitariotzat. «Irabazteko asmorik ez duen zerbitzu bat da, irabazi asmorik gabeko talde edo entitate pribatuek eskaintzen dutena. Gertuko edukiak eskaintzen dituzte, komunitate eta gizarte taldeen komunikazio beharrak asetzeko; alegia, gizarte eta kultur beharrak. Zerbitzu horiek irizpide ireki, argi eta gardenak dituzte emisioari dagokionez, baita ekoizpen eta kudeaketari dagokionez, eta pluralismoa eta herritarren parte hartzea ziurtatzen dute».

Zenbaitek badute lizentzia

Hego Euskal Herrian, lehen irrati libreak duela 40 urte inguru sortu ziren. Gehienek modu alegalean funtzionatu dute urteotan, autogestioan oinarritu dira, eta herri mugimenduei ahotsa eman diete edukietan.

Salbuespena dira legezko frekuentziak lortu dituzten irrati libreak. Hala Bedi Bi euskara hutsezko irrati librea da frekuentzia lortu dutenetako bat; 2012ko lehiaketa publikoaren ondoren adjudikatu gabe geratu ziren irrati lizentziak behin betiko adjudikatzea onetsi zuen Eusko Jaurlaritzak zazpi urte geroago, eta orduan lortu zuen lizentzia Hala Bedi Bik —Hala Bediren lehen kateak ez du legezko frekuentziarik—. Antxeta irrati komunitarioak, era berean, lizentzia lortu zuen Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan emititzeko; horri esker, Antxeta 2 irratiak 2019ko abenduan hasi zituen legezko emisioak Bilbon, Gasteizen eta Iruñerrian —Donostialdean 2016an hasi ziren emititzen—.

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan irrati komunitarioek aspalditik dute aukera legezko frekuentziak lortzeko. Legezko frekuentziak dituzte Antxetak, Gure Irratiak, Irulegiko Irratiak eta Xiberoko Botzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.