«Ez zait ibiliz egin / mihi gainean pintza / Ez da aisa egona / geldirik zilintza». Leoni Etxebarrenen bertso sorta baten hitzak dira, 40 urtez isilean egon direnak. Etxebarrenen eta beste hainbat emakume bertsolariren bertsoaldiak ezagutu ahal izango dituzte ETBko Hitzetik hortzera saioko ikus-entzuleek, igandetik aurrera. Bizenta Mogel; Inaxi Etxabe; Joxepa Zubeldia; Joxepa Antoni Aranberri, Xenpelar; Joxepa Inaxi eta Mikaela Elizegi; Luzia Goñi; Martzelina Lopetegi; eta Plazida Otaño bertsolarien 60 bertso bildu ditu saioak —XIX. mendekoak eta XX. mendearen lehen erdikoak dira, bat-batekoak zein jarriak—. Bertsoak abestuta entzungo dira. Horretarako, Eñaut Agirre, Maddalen Arzallus eta Oihana Iguaran jarri dituzte kantuan, eta Gari Otamendi eta Joxan Goikoetxea musikariek jarri diete doinua bertso aleei.
Jexux Mari Irazu Hitzetik hortzera-ren zuzendariak azaldu duenez, ETBko plato batean grabatu dituzte bertsoak. «Soiltasun puntu batekin grabatu ditugu, bertsolari haien argazkiak edo ilustrazioak atzean direla, benetako protagonistak haiek eta haien bertsoak direla gogorarazteko. Bertsoak entzuten diren bitartean, nahiko genuke ikusleak emakume bertsolariak kantuan irudikatzea eta arretaz entzutea, oso bertso onak dira eta». Bertsolari askok badute argazkia, baina beste askok, ez. Irudirik ez dutenei, Txakur Gorria kolektiboak ilustrazioak egin dizkie. Halaber, bertsoaldi bakoitzaren fitxa labur bat eskainiko du saioak, oinarrizko datuekin.
Bildumarako, halaber, Luzia Goñi eta Inaxi Etxabe bertsolarien lekukotza erakutsiko dute, propio horretarako egin elkarrizketekin. Etxabek Basarriri erantzun zion bertsotan, 22 urte zituela.
«Lehentasunezko» ikergaia
Saioaren zuzendariak azaldu duenez, iazko maiatzean landu zuten egitasmoa, denboraldi honetarako proiektuan. «Bertsozale elkartean lehentasun bat da gaia lantzea, eta ETBk ere eskertzeko ahalegina egin du bilduma aurrera ateratzeko». Irazuren iritziz, ikerketa premia «izugarria» dago. «Baina, era berean, bertso material eta informazio oso ederrak ere badaude». Jaso duten materialen artean, Lore Jokoak irabazi ostean Aña Etxegarai eta Marie Hargain bertsolariei egin zizkieten elkarrizketak jaso dituzte. XIX. mendearen amaierako kontuak dira.
Bertsozale Elkarteko lantalde desberdinen artean landu dute bildumako dokumentazioa. Xenpelar dokumentazio zentroak eta Bertsozale Elkartean feminismoaren alorrean ari direnek «lan handia» egin dutela nabarmendu du Irazuk. «Iturri gisa, Auspoa sailaren lana ere bereziki azpimarratzekoa da, baita azkeneko urteetan hainbat jendek egin duen ikerketa ere».
ETB1eko saioan entzun ahalko diren bertsoetan garai, molde eta egoera oso desberdinetakoak daudela azaldu du Irazuk: «Bizenta Mogel bertso jartzaile bikaina zen; Joxepa Inaxi Elizegik sagardotegian bertso ederrak kantatu zituen XIX. mendean; Plazida Otañok Txirrita isilarazi zuen ofiziotan; Martzelina Lopetegik ere buruz buru erantzun zion Txirritari; eta Joxepa Antoni Aranberrik neskazaharren defentsan jarriak buruz ikastekoak dira».
Datozen zazpi igandeetan entzun ahalko dira emakume bertsolarien bertsoak. Horren ondotik, EITBren webgunean egongo dira eskuragarri. Irazuk dei berezi bat egin du: «Hirurogei bertso eder dira. Nahiko genuke bertsozaleek horiek ikasi eta kantatzea beren lagunarte eta bertso giroan».
Igande honetako Hitzetik hortzera-n, bilduma albo batera utzita, Estitxu Arozenaren bertso ibilbidea errepasatuko dute. Aurten 25 urte beteko dira lehenengoz Nafarroako txapela jantzi zuenetik, eta, urteurrenaren aitzakian, elkarrizketa egin diote Lesakan (Nafarroa). Beste hainbat bertso ere emango dituzte, tartean Senpereko (Lapurdi) BECtso saiokoa.
Historiako andre bertsolarien sortak 'Hitzetik hortzera'-n
Zazpi ataletan, XIX. mendeko eta XX. mendeko lehen erdiko hamazazpi bertsoaldi entzun ahalko dira ETB1eko programan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu