Durangoko Azokaren berri izateko makina bat eskaintza

BERRIAk jarraipen berezia egingo du Twitter eta Instagram sare sozialetan. Hamaikak egunean 24 orduz emango du azokaren berri

BERRIAren mahaian ere izango da zer erosi gaurtik aurrera Landakoenean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
urtzi urkizu
2019ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Gaurtik igandera bitartean, Durangoko Azoka izango da Euskal Herriko komunikabide askoren epizentroa.Hona bakoitzak egingo duen jarraipen berezia:

BERRIA

BERRIAk jarraipen berezia egingo du sare sozialetan: Nagore Arin kazetaria Twitterren eta Instagramen arituko da azokaren bueltan gertatzen dena kontatzen —Instagramen askotariko storie-ak sareratuko ditu—. Kultura saileko kazetariek, bestalde, elkarrizketak eta kronikak egingo dituzte (paperean zein webgunean irakurri ahalko dira). Iñigo Astizek Arazoka iritzi zutabea idatziko du. BERRIAk zortzi orrialde inguru argitaratuko ditu egunero Durangoko Azokaren inguruan.

HAMAIKA

Gaur 19:30ean hasi eta astelehen gauera arte, Hamaikak egunean 24 orduz emango du Durangoko Azokaren berri. Horretarako, eguneroko albistegia Gurean gaur DA! albistegi berezi bilakatuko da; saio horretan, idazleekin eta saltzaileekin eginiko elkarrizketak, kaleko galdetegiak, musika taldeekin eginiko hizketaldiak eta guneetako aktualitatea uztartuko dituzte. Gogoetaren Plazako bi eztabaida emango dituzte egunero. Halaber, hasiera ekitaldia osorik ikusi ahalko da gaur, 22:00etan. Ahotseneko zuzenekoak izenburupean, emanaldi guztiak izango dira ikusgai Hamaikan. Ahotseneko saioekin hasteko, gaur Mockers taldearena emango dute 20:00etan, eta Oreka TX taldearena 23:00etan. Bihar, 16:10ean, euskal prentsaren inguruko solasaldi bat izango da ikusgai, eta, igandean, 22:10ean, Throwing voices ikuskizuna —Euskal Herriko eta Eskoziako sortzaileen artean ekoitzia— emango dute.

EUSKAL IRRATIAK-ARROSA

Zebrabidea magazinaren emankizun berezia egingo dute gaur Arrosa irrati sareak eta Euskal Irratiek elkarlanean, 16:00etatik 18:00etara. Durangon bertan arituko dira saioa gidatzen Arrosako Maialen Kortabarria eta Euskal Irratietako Maia Muruaga. Musikariekin eta idazleekin egindako elkarrizketak tartekatuko dituzte, eta sormen bekaz mintzatuko dira. Euskal Irratietako Ondaizuela saioan zuzeneko konexioak egingo dituzte gaur eta bihar, eguerdi partean.

EUSKADI IRRATIA

Jon Aizpuruak zuzeneko konexioak egingo ditu gaur goizean. Kultur leihoa saioa egingo dute gaur Durangotik, 14:30ean. Bihar, Amarauna saioa azokatik egingo dute, 10:00 eta 13:00 artean.

ETB

Azokaren irekiera zuzenean ikusi ahalko da gaur ETB1en. Ilaski Serranok Durangon bertan egingo du Ahoz aho saioaren lehen partea, 16:00etatik 17:00etara. Bestetik, aurreneko aldiz, ETBk Azoka DA! saioa emango du egunero bi kateetan: euskarazko katean 21:00etan ikusi ahalko da; eta ETB2n, 01:30ean, gaztelaniazko azpidatziekin —hurrengo egunean, goizean emango dute berriz—. Hamar minutu inguruko iraupena izango du tarte horrek. Etzi, Zugaza aretoan, Ihesaldia telesailaren lehen atalaren aurrestreinaldia egingo dute, 19:00etan.

GAZTEA

B Aldea saio berezia egingo dute bihar Durangotik, 19:00etatik 20:00etara. Egun berean, Gaztea Errepidean egitasmoko ekitaldia egingo dute: kamioi bat azokatik aterako da 15:30ean, eta Plateruena antzokira joango da. Bertan, Xabi Solanok kontzertu labur bat emango du kamioiaren goiko partean.

EITB.EUS

Ahotsenea guneko kontzertu eta solasaldi guztiak streaming bidez emango dituzte.

RADIO EUSKADI

Gaur, azokatik egingo dituzte Kultura.eus (13:45), Iflandia (16:00) eta Graffiti (17:00) saioak. Larunbatean, Durangotik arituko dira Más que palabras magazina egiten, 09:00etatik 14:00etara.

TTAP

Duela egun batzuk, Durangoko Azokari buruzko zenbaki berezia argitaratu dute. Bertan, aldizkari digitalaren hainbat kolaboratzaileren gomendioak topa daitezke.

AZOKA TB

Euskarazko komunikabideen artean egiten duten Azoka TBk Landakoeneko platotik emango du, 10:30etik 20:00etara. Durangokoazoka.eus atarian ikusi ahalko da zuzeneko emisioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.