Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege Orokorra urratzen ari dira

TVEk euskarara, galegora eta katalanera bikoiztuta ere eman beharko lituzke 12 urtetik beherakoentzako edukiak, legearen arabera

Clan kateko marrazki bizidunak. 12 urtetik beherakoen edukiak euskaraz ere eman beharko lituzke, legeari jarraikiz. TVE.
urtzi urkizu
2023ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
«Estatu mailako zerbitzu publikoaren emisoreak [RTVE] eta estatu mailako ikus-entzunezko komunikazioko emaileek 12 urte arteko haurrei gomendatutako edukiak sartuko dituzte beren katalogoetan, erkidego autonomoetako hizkuntza ofizialetara bikoiztuta [euskarara, katalanera eta galegora]. Era berean, publiko orokorrari zuzendutako edukiak eman beharko dituzte erkidego autonomoetako hizkuntza ofizialetara bikoiztuta edo azpidatzita». Hala dio Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege Orokorraren bosgarren xedapenaren lehen puntuak. Legea onartu eta sei hilabetera, ez dira betetzen ari. Clan kateak, esaterako, gaztelaniaz baino ez ditu ematen haurrentzako edukiak. BERRIAk jakin duenez, euskarazko bikoizketan ari diren lantaldeak ez dira TVErentzat edukiak bikoizten ari. Katalanak eta galegoak ere ez.

Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege Orokor berria iazko uztailean jarri zen indarrean; maiatzean, Espainiako Kongresuan, PSOEren, EAJren, Coalicion Canariaren, Kantabriako Alderdi Erregionalistaren eta Teruel Existeren aldeko botoekin egin zuen aurrera —abstenitu egin ziren Unidas Podemos eta PP, eta kontra bozkatu zuten EH Bilduk eta ERCk—.

TVEn haurrentzako edukiak euskaraz ematea izan zen EAJk legean sartzea lortu zuen puntuetako bat, baina ez da betetzen ari.

Bada gehiago: bosgarren xedapenean bertan jasotzen da streaming plataformek beren katalogoetan txertatu beharko dituztela dagoeneko euskarara, katalanera eta galegora bikoiztuta eta azpidatzita dauden bertsioak. Legeak zera ohartarazten du: «Betiere audio eta azpidatzi horiek diru trukerik gabe eskaintzen bazaizkie, eta teknikoki bideragarria denean, eta bikoizketa edo azpidazketa erkidego autonomoak finantzatu duenean».

Legearen arabera, ikus-entzunezko autoritateek behatuko dute zertan diren hori gauzatzeko akordioak. Katalunian eta Valentzian badaude ikus-entzunezko kontseiluak; Hego Euskal Herrian eta Galizian, ordea, ez. Pantailak Euskaraz-ek kritika hau egin du aste honetan: «Legearen bigarren xedapen gehigarriak dio lankidetza organoa osatu behar dutela tokiko eta Espainiako ikus-entzunezkoen agintaritza eskudunek. Kezka azaldu nahi dugu, EAEn eta Nafarroan ez baita eskuduntzok dituen berariazko organorik, Katalunian eta Valentzian bezala».

Katalanera bikoiztutako zenbait film zahar hasi dira streaming plataforma batzuetan txertatzen. Hain zuzen ere, iazko uztailean Netflixek Jaws filmaren (1975) audioa katalanez txertatu zuen bere katalogoan —TV3ek bikoiztu zuen—. Heldu dira gehiago, katalanez. Euskarazkorik ez.

Lege berriak sarrerako testuan jasotzen du gizartearen «kultur eta hizkuntza aniztasuna» babestu behar dituela. Helburu horretara daude bideratuta artikulu batzuk. Paper errea, oraingoz.

Garrantzitsua da, bestalde, aintzat hartzea sei hilabete joan direla legea indarrean jarri zenetik. Daniel Condeminas Kataluniako komunikazio arloko adituak salatu duenez, legeak aipatzen du akordio bat beharko lukeela egon plataformek euskarazko, katalanezko eta galizierazko bikoizketak sustatu ditzaten; akordioa autonomia erkidegoek eta Merkatuaren eta Lehiaren Espainiako Batzordeak adostu behar lukete plataformekin, eta horretarako sei hilabeteko epea eman zuen legeak. Astelehenean bukatu zen akordiorako data, eta ez da halako ezeren berririk izan.

Urraketa gehiago

Ez dira urratzen ari euskaraz, katalanez eta galegoz mintzatzen direnen eta haurren eskubideak bakarrik. Legearen 102. artikuluak dio irekian emititzen duten telebista guztiek edukiak egokitu behar dituztela, ikusle gor-mutuentzat eta itsuentzat. «Edukien %80 azpidatzita eskaini beharko dituzte; astean bost orduz keinu hizkuntzan emititu beharko dute, bereziki ikusle gehien dauden orduetan; astean bost ordu egon beharko dira audio deskripzioekin, batez ere ikusle gehien dauden orduetan». Kate publikoentzat handiagoak dira ehunekoak: azpidatzita edukien %90, astean hamabost ordu keinu hizkuntzan eta beste hamabost ordu audio deskripzioekin. ETB ez da legea betetzen ari, ezta beste kate gehienak ere.

ETBri eragiten dion beste artikulu bat bada legean: 72. artikuluak jasotzen du erkidegoek erabakiko dutela nola kudeatu kate autonomikoak. Zerbitzua zeharka eman daitekeela jasotzen du lege berriak, hau da, albistegiak pribatizatzeko aukera zabalik da iazko udatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.