Euskal Herrian COVID kasurik ez duen herri bakarra da Aldabe, eta Jone alkateak herria erabat ixtea erabaki du, inor kutsatu ez dadin. Erabat debekaturik egongo da, beraz, sarrera-irteera oro. Albistegietako berri bat izan liteke lasai asko Aldaben gertaturikoa, baina fikzioa da: Beti mugan ETB1eko telesaileko pertsonaien testuingurua. Pandemian giroturik eta umorez beterik dator fikziozko lan berria, eta ostegunean emango dute lehen atala, 22:30ean.
Sei ataletan, Aldabeko gorabeheretan murgiltzeko aukera izango dute ikusleek. Herria ixteak gatazkak sorraraziko ditu, eta herritarrak mugan jarri: legeak dioenari jarraitu ala arauak hautsi bizirik irauteko. Buruhausteak izango dituen lehena, alkatea bera. Nekazariak, jubilatuak, eta andre aberatsak: guztiak egongo dira ataka berean, eta irmoki defendatuko ditu norberak bere interesak. Halaxe azaldu du Jabi Elortegi zuzendariak: «Jendea ezin da lanera joan, eta nekazariek ezin dituzte produktuak kanpora atera. Beraz, kontrabandoa hasten da, eta batzuek errekaren muga gurutzatu behar dute. Tranpa guztiak hasten dira hor».
Ekoizpen txikia eta jende gutxirekin eginikoa dela azaldu du Elortegik, baina «oso gurea». Aktoreen artean, aurpegi ezagun asko topatuko ditu ikusleak. Jone alkatearen azalean sartuko da Elena Irureta. Bost urteren ostean, eta aktore onenari Feroz saria esku artean duela, Euskal Telebistara itzuliko da telesail berriarekin. Alboan izango ditu Mikel Laskurain (Manu) senarra, eta Miren Gaztañaga (Ane) eta Xabi Lopez Jabato (Mikel) seme-alabak. Itziar Aizpuru (Mertxe), Amancay Gaztañaga (Amaia), Iker Galartza (Asier) eta Mikel Ibarguren (Agus) ere izango dira protagonista gorabeheretan.
«Barre egiteko beharra»
Konfinamendu bete-betean, Etxekoak ETB1eko telesailean aritu ziren Elortegi eta bere lantaldea. Saioko pertsonaiek konfinamenduan bizi zituzten egoerak eta gorabeherak kontatzen zituzten, umorez jantzita. Ikusleek oso ondo hartu zutela dio Elortegik, jendeak bizi zuenaren isla baitzen. Emaitza ona ikusita, udan Etxekoak udan saioarekin eman zioten jarraipena, eta, hasitako bidea amaitzeko, kalera ateratzea izan da azken urratsa. «COVIDari buruzko komedia bat da, batzuetan puntu beltza daukana. Nahiz eta momentu latzak izan eta jende askok gaizki pasatu, beharra daukagu barre egiteko honi buruz, errespetuarekin, eta jakinda fikzioa dela».
Fikzioaren eta errealitatearen arteko bereizketa lausoa da tarteka, eta Beti mugan-eko lantaldearentzat bat egin dute ia, Elortegiren hitzetan: «Grabaketetan gure egoera zen maskararekin, beti sukarra hartzen, kutsatzeko beldurra... Gu ari ginen bizitzen telesailean bizitzen ari zirena». Etxano (Bizkaia) bihurtu dute Aldabe, eta bertan aritu dira grabaketak egiten. Herri txiki batean lan egiteak erraztu egin dizkie gauzak, Elortegiren arabera, eta ez dute aparteko arazorik izan. Aktoreen lana ere nabarmendu nahi izan du zuzendariak: «Haiekin lan egitea aberasgarria izan da denontzat, eta ikusleak eskertuko du».
Umorezko telesail batekin itzuliko da fikzioa ETB1era: 'Beti mugan'
Ostegunean estreinatuko dute, eta sei atal izango ditu. COVIDaren garaian girotuta dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu