Unai Iparragirre izango da hemendik aurrera ETBko zuzendaria, Edu Barinagaren ordez. 1990eko hamarkadaren bukaeran ETBko aurkezlea izan zen Iparragirre, besteak beste, Jaiak, Superbat, Galdestreet eta Egun ero saioetan; aurretik, Arrasate telebistan (Gipuzkoa) eman zituen lehen pausoak telebistan, Kukaratxa motel saioan. 2005etik, ordea, Discovery katearentzat egin du lan, Londresen. ETB1eko Gure kasa saioan 2019an kontatu zuenez, azkenaldian lan honetan ari zen: «Audientzian ondo ez doazen kateen estrategia martxan jartzen». Discovery Communications kanaleko Europarako, Ekialde Ertainerako eta Afrikarako Eduki Estrategiako presidenteorde kargua utzi du, eta Euskal Telebista gidatuko du orain, EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoarekin batera.
EITBko administrazio kontseiluko bileran eman zuten taldearen izendapen guztien berri, atzo. Azkeneko urteetan Euskadi Irratiko emisioen eta produkzioaren burua izan eta gero, Gorka Etxebeste kazetaria euskarazko irrati publikoaren zuzendari izango da. Ibilbide luzea egin du Etxebestek Euskadi Irratian: albistegietako kazetari gisa lehen urteetan, eta ardura postuetan gero. EITB Musikako zuzendaria ere izango da Etxebeste. 2013tik hona, ez da egon Euskadi Irratiko zuzendari eta Radio Euskadiko zuzendari kargurik; urte horretan, Odile Kruzeta izendatu zuten EITBko irratien zuzendari nagusi. 2019ko udan erretiroa hartu zuen, eta Urko Aristik hartu zuen haren kargua —irratien zuzendariordea zen lehen—. Aurrerantzean ere kargu berean ariko da Aristi, EITBko irratien buru. Orain arte bezala, Aristirena izango da irratietako edukien ardura osoa. Euskadi Irratiko eta Radio Euskadiko zuzendari berriek planifikazioaren eta baliabideen ardura izango dute. Jon Osa izendatu dute Radio Euskadiko zuzendari. Gazteako zuzendaria, berriz, Xabier Doncel izango da.
Euskadi Irratiko albistegiburu berria Ander Arzak izango da —azkeneko denboraldian Radio Euskadiko Boulevard saio nagusia gidatu du, eta ETBko albistegietan ere aritua da—. Radio Euskadiko albistegietako zuzendari berria Dani Alvarez izango da —hamar urtez Boulevard aurkeztu zuen, iazko uda arte—. Gainera, EITB taldeak albistegien zuzendari orokor bat izango du, hedabide guztientzako «transbertsala» izango dena. Arantza Ruiz kazetariak beteko du kargu hori; urteetan Radio Euskadin aritu zen, eta azkenaldian ETB2ko saioetan aritu da aurkezle.
Arzaken tokia Xabier Garcia Ramsdenek hartuko du aurrerantzean Boulevard-en. 2011tik 2018ra, irrati bereko Ganbara saioa gidatu zuen Garcia Ramsdenek. Orain, berriz, ETBko asteburuetako albistegien editore ari zen; irratira itzuliko da orain. Maite Amundarainek beteko du ETBko albistegien zuzendari kargua, eta Estibaliz Cosanok zuzendariordearena.
Taldeak kirolen arduradun nagusi bat ere izango du, albistegiekin gertatzen den moduan. Joseba Urkiolak beteko du kargu hori, gaur egun ETBko Kiroletako zuzendaria denak. Iratxe Etxebarria izendatu dute EITBko Kiroletako zuzendariorde —irratietako zuzendariordea zen—.
Unai Iparragirre zuzendari ETBn; Gorka Etxebeste Euskadi Irratian
Ander Arzakek Radio Euskadi utzi du, eta Euskadi Irratiko albistegiak zuzenduko ditu. Xabier Garcia Ramsden Radio Euskadira itzuliko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu