Ez da oraingo kontua. Azkeneko urteetan, ETBk baztertua du helduentzako zinema euskaraz emateko hautua. Gaztelaniaz eman ohi ditu filmak Euskal Telebistak, bere bigarren katean. Datuek begi bistan uzten dute egoera zertan den: ETB1ek azkeneko lau hilabeteetan ez du pelikula bakar bat ere eman. ETB3k emititu ditu haurrentzako zenbait pelikula. Baina azken hilabeteetan ETB2k 130 film eman ditu, guztiak gaztelaniaz, eta ETB1eko programazioan zinema desagertu egin da.
Ibon Iza irakasle eta ikus-entzunezkoetan lizentziatua Zinemak Euskaraz herri mugimenduko bozeramailea da, eta modu honetan definitu du auzia: «Negargarria eta kezkagarria da egoera. Ez dakigu zein den arrazoia, baina datuak oso esanguratsuak dira». Pantailak Euskaraz mugimenduko taldeetako bat da Zinemak Euskaraz. «ETB zinema gaztelaniaz ikusteko ohitura zabaltzen eta indartzen ari da, eta horrek asko arduratzen gaitu, ETB beste helburu batzuekin jaio baitzen», gaineratu du Izak.
Administrazioan Euskaraz taldeko Fermin Zabaltzak ildo berean gogorarazi du ETB sortzeko lanetan lehenengo neurria bikoizketa eskola bat sortzea izan zela. «1983tik 1986ra ETB euskaraz zen, eta filmak ere bai. 1986an ETB2 sortu zen, baina euskarazko fikzioa ez zen kolpean desagertu. 1990. urtera arte, behintzat, oreka zegoen euskarazko eta gaztelaniazko programazioan». Gaur egun, ordea, ez dela orekarik salatu du Zabaltzak. «Fikzio guztia ETB2n ematen dute, eta kirol guztia eta musika eta dantza ikuskizun guztiak ETB1en». Administrazioan Euskaraz taldeko ordezkariak uste du filmen erdiak ETB1en eman beharko liratekeela, baldin eta oreka bilatuko balitz.
Espainiako Ikus-entzunezko Lege Orokor berriaren harira, Zabaltzak gogorarazi du Euskal Herriko hainbat politikarik Madrilen euskarazko filmak eta telesailak eskatu dituztela. «Madrilen hori eskatzen baldin badute, uste dugu ETBren filmen eta telesailen %50ek euskaraz izan beharko luketela. Neurri zehatza eta neurgarria da». Zabaltzaren arabera, agintariek etengabe honako hau esaten dute: «Antzeko aurrekontua dago ETB1erako eta ETB2rako». Eta horri lotuta, Zabaltzak uste du euskarazko diru guztia kiroletan gastatuko dutela.
Ohituren garrantzia
Zinemak Euskaraz-eko Izak, berriz, tomatearen metafora erabili du ikus-entzunezkoen kontsumoarekin alderatzeko: «Orlando tomatea jatera ohituta dagoen umeak ez du etxeko tomaterik nahi. Harentzat, Orlando da tomate bakarra, benetakoa; bestea, gurea eta baserrikoa izan arren, arrotza zaio; ez du zapore hori nahi». Hau da, gaztelaniara ohitu denari beste guztia arrotz egingo zaio. «Zineman ere gaztelaniaren bila ibiliko da, ez jatorrizko bertsioaren bila; eta zer esanik ez, euskaraz ikustea asko kostatuko zaio». Haurrak eta nerabeak gaztelaniatik edaten badabiltza une oro, euskarara nekez etorriko direla iruditzen zaio Izari.
Zinemak Euskaraz-ek honako proposamen hau egin dio Euskal Telebistari: «Euskara behingoz erdigunean jartzea. ETB euskara sustatzeko eta indartzeko jaio zen, eta gaur egun sorrerako helburu horretatik oso urruti dakusagu».
Datorren urtean EITBk Primeran streaming plataforma jarriko du martxan —elebiduna izango da—. Zinemak Euskaraz-ek eskatu du plataforma horren edukiak %100 euskaraz izatea. «Hizkuntzen abiapuntua desberdina da: bata boteretsua eta hegemonikoa da, eta bestea, bazterrekoa eta gutxitua. Jendea euskarara erakarri behar dugu, baina horretarako modu bakarra dago: euskaraz eta euskaratik sortu behar dugu eskaintza; bestela, handiak eta boteretsuak txikia jango du», azaldu du Izak.
Administrazioan Euskaraz-en iritziz, berriz, Amazonek eta Netflixek hobeto erantzun diete Pantailak Euskaraz-en eskaerei ETBk baino.