Mutil transexual batekin itzuliko da bihar 'Go!azen' telesaila ETB1era

Aktore berri ugari izango dira denboraldi honetan. Neska musulman bat ere egongo da

Aktore gazte ugari azalduko dira bihartik aurrera Go!azen telesaileko atal berrietan. ETB.
urtzi urkizu
2019ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Erabat berrituta iritsiko da bihar ETBra Go!azen telesaila. Batetik, azkeneko urteetan Basakabi udalekuetara joan diren gazteak beste plan batzuekin egongo dira eta ez dira azalduko. Horrenbestez, ikasle berriak iritsiko dira udalekuetara. Dena den, udalekuak zabalik jarraituko duen arren, zuzendaritzan aldaketa dezente izango dira: Zuzeni (Ramon Agirre) erretiroa hartzeko garaia iritsi zaio eta Amaiari (Itziar Urretabizkaia) eskatuko dio bere postua hartzeko. Berritasun nabarmen bat, era berean, Gabo pertsonaia transexuala izango da. Kimetz Renteria gazteak —ETB1eko Bago!az lehiaketan parte hartu zuen— jokatuko du mutil transexualaren rola. Naizen adingabe transexualen familien elkarteak pozgarritzat jo du Gaboren pertsonaia telesailean sartu izana.

Bea Sever Egaña Naizen elkarteko bozeramaileak gogoratu du aurreko denboraldian ez zutela ondo asmatu. Desiren pertsonaiak Zuzeni hala esan zion atal batean: «Gaur egun badira neskak izan nahi duten mutilak, mutilak jaiotako neskak...». Hori dela eta, elkarteko familia batek saiora idatzi zuen, kezkatuta. «Ondoren, telesaileko arduradunak gaia lantzeko asmoa agertu ziguten, eta esan ziguten pertsonaia transexual bat egongo zela», azaldu du Severrek. Elkarteko nerabeen artean zabaldu zuten hautaprobetarako deialdia, eta elkarteko kide den Kimetz Renteria hautatu zuten. «Telesailekoek azaldu zigutenez, Gaboren pertsonaiaren trama ez da soilik bere transexualitate egoeran oinarrituko, baizik eta era oso positiboan agertuko da. Onartua izango da, beste edozein gazte bezala».

Denboraldiko lehen atalaren gidoietan Naizen elkarteari laguntza eskatu zion Pausokak. «Gure aholku gehienak hartu dituzte kontuan», esan du Severrek. Azaroaren hasieran Naizen elkarteko familien topaketa egin zuten, eta han lehen atala ikusteko aukera izan zuten. «Oso polita izan zen». Elkarteko bozeramaileari iruditzen zaio oso ona dela txikienentzat erreferentea izatea eta haiek bezalakoak telebistan modu onean ikustea. «Elkartean asko eskertzen dugu hori».

Eleberriak eta antzezlana

Renteriarekin batera, honako aktore gazte berri hauek azalduko dira bihartik aurrera: Danae Riaño —Bago!az-eko irabazlea—, Esti Lopez, Markel Sainz, Xabi Rodriguez, Andrea Mora, Nikola Zalduegi, Lorea Intxausti eta Xanti Korkostegi. Gazteen artean, soilik Maria Redondok jarraituko du. Xabi San Sebastian eta Iban Malo ere atal berrietan azalduko dira.

Arrazakeria izango da trametako beste gai bat. Izan ere, neska musulman bat egongo da protagonisten artean.

Telesailaz gain, Jasone Osorok Go!azen-i lotutako bi eleberri idatzi ditu: aurrenekoa urrian argitaratu zen, eta bigarrena Durangoko Azokan aurkeztuko dute.

Antzezlana ere izango du denboraldi honetan Go!azen-ek: antzerki bira Altsasun (Nafarroa) hasiko dute abenduaren 6an, eta urtarrilaren 12an amaituko dute Eibarren (Gipuzkoa). Herri askotako sarrerak salgai daude jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.