Munduan 2016an baino 78 milioi egunkari gutxiago saltzen dira egun

Unescoren txosten baten arabera, Interneteko sare sozialetako erabiltzaileak 4.200 milioi dira

Herritar bat Peruko egunkari garrantzitsuenen azalei begira, Limako kiosko batean. PABLO AGUILAR / EFE.
urtzi urkizu
2022ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Interneteko enpresa erraldoiek gero eta publizitate sarrera handiagoak dituzte, eta, kontrara, gero eta sarrera gutxiago dituzte paperezko egunkariek. Mundu osoan, egunkarien salmentak beherantz egin du azkeneko bost urteetan: 552 milioi egunkari saltzen ziren egunero 2016an, eta 2021ean 78 milioi egunkari gutxiago saldu ziren. Aldiz, ia bikoiztu egin dira Interneteko sare sozialen erabiltzaileak: 2016an 2.300 milioi ziren, eta iaz 4.200 milioi izan ziren. Nazio Batuen Erakundeak eta Unescok argitaratu duten txosten baten datuak dira.

Publizitate sarreren datuak ere jasotzen ditu txosten horrek: azkeneko bost urteetan, egunkarien publizitate bidezko sarrerak erdira jaitsi dira. 2010ean, publizitate fakturazio guztiaren %21 paperezko egunkariek bereganatzen zuten; eta iaz, %5 baino ez zen izan ehunekoa.

Koronabirusaren osasun larrialdiaren aurretik, beherantzako joera nabaria zen egunkarien salmentan. Baina pandemiak joera hori are gehiago urratu du: 2020an, egunkarien salmenta %13 apaldu zen aurreko urtearekin alderatuta. Iaz igoera txiki bat izan zen, %2,3koa, baina txostenaren egileek diote momentuko igoera baino ez dela. Iragarri dutenez, aurten eta datozen urteetan egunkarien salmentek munduan beherantz jarraituko dute.

Egunkarien eredu ekonomikoaren krisialdiaz gain, Unescok ohartarazi du prentsa askatasunaren urraketak areagotu egin direla azkeneko urteetan.

Kazetarien hilketak

Kazetarien segurtasuna arriskuan dago munduko zenbait herrialdetan, eta, Unescoren datuen arabera, azkeneko bost urteetan 455 kazetari hil dituzte —aurreko bost urteetan, 491—. Txostenaren egileek kezkagarritzat jo dute 2006tik gaur egunera arte erail dituzten kazetarien auzietatik %13 baino ez dituztela konpondu judizialki. Hartara, hilketa horien inguruko «inpunitatea» handia dela salatu dute egileek.

Kartzelan diren kazetarien kopurua ere handiada oso: 2020an, 274 kazetari espetxeratu zituzten —azkeneko hiru hamarkadetan urte batean izan den kopururik handiena—.

Kazetarien aurkako erasoen artean, bestalde, emakumezkoek jasaten dituztenak ugaritu egin dira. Inkesta bat egin dute 625 emakume kazetarirekin, eta haietako %73k adierazi dute lanean zeudela indarkeria jasan dutela Interneten.

Desinformazioaz eta albiste faltsuez ere ohartarazi du Unescoren txostenak: Bruno Kessler fundazioak egin zuen ikerketa baten arabera, soilik 2020ko irailean milioi bat mezu baino gehiago zenbatu zituzten Twitterren pandemiarekin lotutako informazio «engainagarria» edo «faltsua» zutenak. Txostenaren egileek diote «guztien ondasunerako» arriskua direla sare sozialetan zabaltzen diren eduki faltsuak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.